Sanferminak

Dantzatuko ez diren oihalak

Aurten Iruñeko peñek ez dute ekitaldirik antolatuko uztailerako, baina kalera aterako ez dituzten pankartak prestatu dituzte. Erakundeek arduraz jokatzeko eskatu dute.

Aldapa. IRUÑEKO PEÑEN FEDERAZIOA.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Aurten ez dira txarangen erritmoari jarraikiz kalean gora eta behera dantzan ibiliko Iruñeko peñak. Peñakideek ez dituzte oihalak dantzan astinduko. Izan ere, ez da sanferminik izanen uztailaren 6tik 14ra. Hala ere, pankartak prestatu dituzte: «Ez genion muzin egin nahi gure pankartak aurkezteari, urte arraro, gogor eta, zentzu askotan, zoritxarreko hau ez dezagun atzendu», azaldu du Imanol Azkona Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak.

Beraz, aurten kalean ez, baina sarean ikusgai izanen dira peñen proposamenak. Ez bakarrik modu birtualean, baita fisikoki ere: astelehen arratsaldean pankarten aurkezpena eginen dute Baluarte jauregian, eta han izanen dira ikusgai uztailaren 23ra bitarte. Normalean oihaletan margotzen dituzte marrazkiak, baina, aurten, olanetan inprimatuko dituzte.

Nola ez, koronabirusa da peñen aurtengo marrazkietan nagusi. Ezin bestela. Pandemiaren ondorioz ez dira ohiko oihalak eta bestak izanen. Itxialdia, konfinamenduko faseak, osasun langileak eta azken boladan biral egin diren hilkutxa eramaileak ageri dira han eta hemen. Horrekin batera, Arrotxapeko ordainpeko aparkalekuak, Navarra Sumak gutxiengoan agintzea, euskararen kontrako erasoak eta presoak aipatzen dituzte batzuek. Askotan kritikak jasotzen dituzte peñek haien marrazki satirikoengatik. Aurten ere bai: Armonia Txantreanak Patxi Ruizen gose greba ekarri du gogora bere pankartan, eta Navarra Sumak adierazi du irudia «onartezina» dela.

Irudiez gainera, Iruñeko Peñen Federazioak aurtengo egoera izan du hizpide. Ardura da gehien aipatu duten hitzetako bat. Hain zuzen ere, horregatik, Iruñeko peñek ez dute ekitaldirik antolatuko uztailaren 6tik 14ra, eta jende pilaketak sor ditzaketen jarduerak baztertu dituzte. Baionako peñekin batera, mezu bat eman nahi izan diete bi hiriburuetako biztanleei: «Bestarako gogoak gorde, eta heldu den urtean indar handiagoz ospatuko ditugu».

Gainera, aurten peñek ez dituzte lokalak taberna gisa irekiko. Batzuek erabat itxiko dituzte elkarteak uztaileko egun horietan, eta beste batzuek bazkideak baizik ez dituzte onartuko: «Kezka badugu, baina badago araudi bat baldintza batzuekin. Kontrol izugarria dago peñetan, eta uztailean berdin jarraituko dute», azaldu du Azkonak.

Eraso sexisten inguruan ere mintzatu dira peñak: «Sanferminak ospatu edo ez, eraso sexistak izan daitezke gure kaleetan. Konfinamenduan ere gertatu dira, inoiz baino ezkutuago, gainera», azaldu du Lorea Irisarri peñetako talde feministako kideak. Bestalde, eten honek besten inguruan hausnartzeko balio beharko lukeela aldarrikatu du.

Iruñeko Udalak bizkarra eman diela salatu du Irisarrik, eta sanferminetako mahaia indartzeko deia egin dio Enrique Maia alkateari, baita erabakitzeko ahalmena handitzekoa ere. «Bestak guzienak dira, eta guzien artean antolatu behar ditugu. Soilik modu horretan izanen ditugu herri besta parekideak». Jaiak bertan behera uzteko erabakian eta ondorengo erabakietan bestetan parte hartzen duten eragileak baztertu izana salatu dute peñek.

Toki mugatua kalean

Kezka sumatzen da Iruñeko Udalean uztailaren 6an eta 7an gerta daitekeenarengatik. Atzo Iruñeko alkateak agerraldia egin zuen, Maria Txibite Nafarroako lehendakariarekin batera. Bi agintariek «banakoen ardura» eskatu zieten herritarrei, eta ekitaldi paralelorik ez dezatela antolatu. Neurriak ere hartuko ditu udalak: kalean mahaiak paratzea debekatuko duela dio, eta uztailaren 6an Udaltzaingoak jende kopurua kontrolatuko du Udaletxe eta Gazteluko plazetan. Lehenbizikoan 400 lagun gehienez, bigarrenean, 3.675. Tabernetan ere zaintza lanak eginen dituzte, baita Alde Zaharreko kaleetan ere.

Hiriaren itxurarekin kezkaturik agertu da Maia: «Uztailaren 6an, eguerdian, Iruñea munduko erdigunea izanen da. Bestak ospatzerik ez izatea oso egoera gogorra da, baina horri erantzuten eredu izan behar dugu». Ez da sanferminik, baina ez dira egun normalak espero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.