Ixiar Rozas idazleak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972) urteetan idazketari esker ikasi, aktibatu eta praktikatu izan dituen esperientziak partekatzeko tailerrak eskaintzen ditu. Lengoaian oinarritutako saioak izaten dira; gaur, adibidez, Fonografia laborategia gidatuko du Bilboko Azkuna Zentroan, Eusko Jaularitzaren Dantzan Bilaka 2019 egitasmoaren barruan. Dantzako piezak eta idazketa teknikak uztartuko dituzte.
Zertan datza laborategia?
Fonografia laborategiaren helburua ez da idazketa espresio bide bezala erabiltzea; beste zerbait sortzeko aitzakia bat da. Kasu honetan, dantzariek idazketa bestelako materia bat balitz bezala landuko dute tailerrean.
Nola egiten da hori?
Halakoetan ez zaio teknikari erreparatzen, testuen ekoizpenak du garrantzia; testuak zenbait estrategiaren bidez ekoizten dira, hizkuntza egoerak aktibatuz. Azken finean, dantzariek pentsatzeko eta egiteko modu bat partekatzen dute. Lengoaia bera ulertzeko modu bat eskaintzen zaie. Lengoaia landu beharreko materia bezala erakusten da.
Zertaz ari zara diozunean idazketa materia modura lantzen dela?
Hitzek izaera fisikoa dute; hau da, oratu egin daitezke idazketarako. Hitzak ez dira, uste den bezala, esanahia bakarrik; erritmoa, soinua, bibrazioa ere badira. Arnasketarekin eta gorputzarekin zerikusia dute hitzek. Halaber, lengoaia eta gorputza oso lotuta daude, lengoaia oso gauza fisikoa baita. Hitzak, niretzat, gorputzak dira. Irudiak edo soinuak ere izan daitezke hitzak.
Zer da fonografia?
Grabaketa bat da, musikaren munduan erabiltzen dena, batik bat musika esperimentalaren arloan. Nik fonografia hitza bereganatu eta idazketara ekartzen dut. Koreografia mugimenduaren idazketa da, eta fonografia, soinuaren idazketa.
Nola ekoizten du testu bat koreografo batek?
Dantzariek batik bat mugimendua erabiltzen dute beraien obretan, eta batzuek idazketa ere erabiltzen dute. Dantza garaikidean zein performance batean erabil daitezke testuak.Tailerretan, estrategiak ematen dizkiet eszenetako testuak ekoizteko, eta era berean estrategiak aktibatzeko. Nire asmoa da estrategia horiek etorkizunean, beste uneren batean, erabili nahi badituzte eskuragarri izatea. Aitzitik, lengoiarekin edozein artistak egiten du lan, ez soilik idazleak. Idazten duten bakarrak ez dira idazleak, zorionez.
Testuak idatzizkoak izaten dira?
Bai. Hala ere, kasu batzuetan ez dute idazketarekin eszenan bertan lan egiten; zenbaitetan, agian baliagarriago egingo zaizkie testuak prozesuan materiala sortzeko.
Zer estrategia erabiltzen dituzu tailerretan?
Urteen poderioz ariketa asko garatu ditut, eta testuinguru desberdinetan esperimentatu ahal izan dut.Solasaldi gurutzatuak, partiturak, koreografia imajinarioen deskribapenak... izan daitezke estrategiak.
Zein da dantzaren eta idazketaren arteko erlazioa?
Erabatekoa da. Idazketa ez da bakarrik literaturan erabiltzen.Arte bisualetan, arte ahostunetan, koreografian ere erabiltzen da. Aspalditik hasi zen horrekin esperimentatzen, idazketa modu eratu batean ulertzen. Lengoaiaren unibertsoarekin lan egiten da hori espaziora eramaten eta, oso aberasgarria da.
Zer berezitasun dituzte dantzarien testuek?
Ez dakit berezitasunik duten, baina kontua da ez dutela poserik. Dantzariek freskotasun berezi batekin adierazten dute, konplexurik gabe. Ez dute pentsatzen ondo edo gaizki dagoen, eta freskotasun eta lotsarik ez horretan gauza interesgarriak gertatzen dira. Era berean, artista bisualekin beste lengoaia artistiko batzuk lantzean, idazkera beste leku batetik begiratzen da, eta ez hainbeste esanahitik. Beste gauza batzuei erreparatzen zaie. Denborarekin ikusi dut normalean gorputzarekin beste harreman bat duten pertsonek, dantzariek, adibidez,idazketaren erritmoari asko begiratzen diotela.
ATZEKOZ AURRERA. Ixiar Rozas. Idazlea
«Dantzariek asko begiratzen diote idazketa erritmoari»
Rozasek idazketa lan material modura erabiltzen du, eta, idazketa estrategiak erabiliz, dantza eta idazketa uztartzen dituzten tailerrak antolatzen ditu. Gaur Bilboko Azkuna Zentroan emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu