Claude Iruretagoiena (Baiona, 1960) kultur klonazioaren kontrakoa da, aldarrikatzen baitu tradizioa transmititu behar dela, bai, baina kopia hutsa izan gabe. Horretarako, tradizioaren kodeak ikasi, eta dantzak zein bere jantziak berrasmatzera deitzen du; tokian tokiko sorkuntzei «zentzua» emanez, «plazer hartuz», eta «harrotasunez arituz». Ezin konta ikusgarri eta arropa sortu ditu bizi guzian, Euskal Herria alderik alde kurrituz.
Baionako Hiria eta Eusko Ikaskuntzaren Jean Mixel Larrasket sariak jaso dituzu.
Duela bi urteko sorpresa izan zen, baina pandemiagatik ezin izan dugu orain arte ospatu. Egia da lanean zabiltzala errekonozimendua bilatzen duzula. Aita Lauga aretoaz arduratzen zen hiriko langilea zen, ekitaldien karietara arropa berezia beztitzen zuen, Baionako medaila josia. Harro zen. Pentsatzen dut harro egonen zitekeela sari hau nik jasorik.
Baionarra zara.
Merkatu ondoan hazia naiz. Orduan, herriko bizia eta kultura bazen, orain arrunt galtzen ari diren erreferentziekin: jendeen arteko loturak. Pertsonaia ezagunak ere baziren: Charlie eskalea; Margok oina makurtua zuen arrunt, Solexean ibiltzen zen beti, saldu ez ziren merkatuko pusken biltzeko...
Bizitzaren balsean sortu zinen. Batz Alaiek zizuna eman lehen dantza esperientzia?
Ipar Euskal Herriko dantza talde egituratu zaharrenetarikoa izan zen. Lauga aretorat heldu zen astero Coustaret anderea, haren txitek segiturik: haiek jarraikiz sartu nintzen basakurtean, Koldo eta Maite Zabalaren kurtsora.
Koldo eta Maite Zabala: goratik abiatu zinen.
Koldo beti lasterka ari zen! Ttipiegi nintzen ohartzeko haien heinaz. Ikasi genuen errepertorioa aski hertsia zen, baina normala da. Orduan jada euskal dantza tradizionala borrokan ari zen, Batz Alai ttipitzen hasia baitzen.
Orai bat taldean segitu zenuen.
San Izpiritu auzoan. Tipiak Orai Baten ziren; ni, berriz, handien taldean sartu nintzen: Irrakinen.Jean Nesprias genuen erakasle.
Maisuek zizelkatu zintuzten.
Koldok [Zabala] sekulako energiaz ematen zituen kurtsoak. Gerora ulertu nuen zer zen hura: dantzariak eman dezan, erakasleari dagokio lau aldiz gehiago ematea. Beste gisaz, ezin da. Berantago, kontsebatorioko kurtsoetan Koldok bertze energia bat zuen: ez zen plazerezkoa, baizik eta eskolarra. Jean Nesprias ere elektroi hutsa zen, eta uste dut beharrezkoa dela ofizio horretan. Asko dantzarazten gintuen, animazio eta ikusgarri frankorekin.
Tarteka pisua izan badaiteke ere, asko dantzarazteak ekartzen du dantzariak atxikitzea. Oraingo dantza taldeek, alta, zailtasun handiak dituzte datak atzemateko. Beraz, nola egin gaztak dantzarazteko, plazer har dezaten, eta hola egon daitezen? COVID-19ak ere, ez ditu gauzak errazten. 15 bat urterekin, Biez Bat taldeanibili nintzen, Basusarrin [Lapurdi]. Goxo zen herriko taldea zelako, familia giro beroa zen.
Thierry Truffaut ere gurutzatu zenuen.
Aurrera taldean, Baionan, Manuel Castiellarekin batera. Diaporamen muntaketak egiten zituen hiriko historiaz. Bien artean, kulturan murgiltzen ginen. Berantago, Betti Betelu agertu zen: itxuraz lasaia, baina irakasle arras zorrotza zen, kalitatea zuen xede. Aitzinatu ahala, euskal jauziak ezagutu nituen, eta ulertu nuen zer zen zinez dantza. Euskal Herria deskubritu nuen hor, pasionatu ninduen, egarri ezin asea piztuz. Dantzak bizitzaren eskola eman dit, ilustratu. Ez baita zernahi nehoren aitzinean agertzea. Hainbertze ematen zidanez, ezen ez bainintzen dantzarengandik bereizten ahal, berari esker bainaiz. Berak nau moldatu.
Noiz eman zenuen urratsa dantzan sakontzeko?
Aurrera taldean gertatu zen. Une horretan dena gorpuztu zen, emeki-emeki. Ene burua preso sartu nuen dantzan, sekula gehiago atera gabe. Jende franko gurutzatu nuen, herriz herri... Etxahun edo Pierre Agerre Garat, Larrondo... Zuberotar dantza maisu handi horiek, Baztanen ere bai, Maurizio Elizalde... erabat inguratzen ninduten besta horiek: maskaradek, Arizkungo [Nafarroa] sagar dantzek... bestarik gabe ez zatekeen dantzarik. Frantzian, adibidez, dantzarik ez dute, bestak galdu baitituzte.
Dantzaren herrikoitasunaz zer diozu: taula gainekoa eta plazakoaz.
Plazerez plazan dantzatzen diren mutxikoak behatuz gero, adin bateko publikoa da. Gazteendako atzeman behar dugu plazerezko dantza hori. Herri batek kabalkada edo ihauteriak antolatzen baditu, plazerezko dantzak dira, baina batez ere harrotasunezkoak, zeren eta norbera bere herrian halako batean existitzen baita, dantza soziala baita. Ez gara ohartzen erritual batean parte hartzen ari garela eta geure buruari misio bat eman diogula, sinboloz betea. Uztaritzen kaskarotak dantzatzen dituena harro da. Oso ongi dantzatzen badugu, bikain, eta ez badugu hain ongi egiten ere, onartua da. Ordea, ikusgarrietan dantzaririk hoberenak baizik ez dira onartzen.
Begiraleak: zure ondoko jauzia.
Donibane Lohizuneko [Lapurdi] taldeak agerraldi franko egiten zuen. Beteluren lana beti junt arropatua zen. Garai horretan hasi nintzen gero eta gehiago dantzan murgiltzen, 1980ko hamarkadan. Halako batean, Beteluk erran zidan «kurtso anitz ditiat, lagundu behar nauk». Hor egin ninduten profesionala: zazpiehun ikasle nituen aste guziez, eskola guzietan ematen baitziren kurtsoak. Beskoitzeko [Lapurdi] Oinak Arin taldea arra piztea ene gain ezarri zuen, dena batera! Taldean, ni baino zaharragoak ziren dantzariei kurtsoak eman behar izan nizkien! Desafio bat izan zen. Hamabost urtez egon nintzen hor ene burua formatuz.
Lapurtarrak sortu zen batez ere jauziak akuilatzeko; zergatik?
Gainbeheran baitziren, herrietan baizik ez ziren dantzatzen. Beteluren pasioa ziren. Filipe Tafernaberri Beteluren maisua izan zen, eta Bidarten [Lapurdi] abiatu zuen Mutxikoaren eguna, hortik Arrangoitzera lekutu zen. Emeki emeki helduendako kurtsoak ere abiatu ziren.
Lapurtarrak lehenetarikoa izan zen Baionako bestetan ostatua zabaltzea, sosaren biltzeko. Orain, denek badakite jauzien dantzatzen. Alta, Bilbotarrek usteko dute jauziak bilbotarrak direla. Joaldunak ere bere burua hiltzen du. Ituren eta Zubietako joalduna hedatu da Hazparnerat, Baionarat eta beste; azkenean, bertakoek uste dute Baionako edo Hazparnekoa dela joalduna.
Hedapena ehorzketa dea?
Denborarekin gureganatzen dugu. Ez dezagun kopia eta itsatsi, asma dezagun! Joaldunak joareak astintzen ditu, Europan den-denetan daude, Sardinian... baina ezberdinak dira. Ederra litzateke joaldunen topaketa baten antolatzea! Hala, ongi litzateke joaldun berri bat asmatzea, baina lehenik ikertuz bere kodea zein den: rola, sinbolika, janzkera, zer zentzu duen... Adibidez, Miarritzeko joaldun asmatuak sinbolika garraiatuko du, baina bertako ukituarekin.
Ez lukea pertsonaiak joaldunaren tradizioa bera hilen? Non da tradizioaren muga?
Bi aldiz aberastuko luke tradizioa: pertsonaia bat gehituko bailioke, baina kopiatu gabe. Txinatarrek inbaditzen gaituzte, baina joaldunek ere bai.
Klonatzeaz ari zarea?
Bai. Gorriak gorria hiltzen baitu.
Sorkuntzari dei egiten diozua?
Beti egon da sorkuntza. Toki batean dantzak ematen duen nortasuna da garrantzitsua.
Zure lehen ikusgarria Xirula Mirula izan zen, 1992an.
Iparraldean sekulan ikusi gabeko euskal dantzak taularatu nituen. Tamalez, jendeak uste du dena ikusia duela, ez da gehiago dantza tradizionalen ikusgarriak ikustera joaten; horrela, euskal kultura tradizionala peko errekarat igortzen ari gara, ez baita gehiago modan. Beskoitzeko hogei haurrak fierki aritu ziren, artistek bezala, bertze nehork egiten ez duena egin baitzuten. Haur bati zinez dantzan erakusteko zorroztasuna behar da, baina egin ahal dituenak eginaraziz, fier izan dadin, eta horrekin plazer har dezan. Beskoitzen pedagogia landu nuen, haurren izarira jarri nintzen, jolasaren unibertsoan murgilduz; haiek dizkidate gakoak eman. Talde baten helburua da dantza ikusgarria ematea, dantzariak dantzaraztea eta atxikitzea; baldin badoaz, geure buruari galdetu behar diogu zergatik.
Esperientzia hau izan zena Maritzuli konpainia sortzen akuilatu zintuena, 1999an?
Beskoitze utzi eta berze zerbait hobea egiteko desafioa jarri nion ene buruari: haurrekin aritu nahi nuen, eta Ixtorio Misterio sortu genuen, Pantxika Telleriarekin, François Douan, Ani Onchalo...Sekulako arrakasta bildu genuen. Dantzariak elikatzen ziren dantzen eta kostumen sinbologia guziaz. Ingura Mingura, Cote Cour, Cote Jardin, Kutx ala Pil, Aurrez Aurre... Elkarlanez beteriko ikusgarriak izan ziren: Juan Antonio Urbeltzekin, Malandain, Grimaldi eta bertze franko. Bulimia bezalako zerbaitek hartua ninduen ikusgarriak sortu beharrez.
Unescok ezagupen egin dizue 2017an.
Ezagupen ederra da. Semeak segitzen baitu ene ondotik. Beraz, transmisioa gertatu da. Orain dantzaririk ez dugunez, berrabiatu behar dugu hau.
Dantzari jantzia zara. Amatxirekin josi zenuen lehen kostuma.
Eskuzko makinaz ari zen: esku batez eragiten zion, eta bertzearekin oihala kudeatzen. Harrigarria! Truffautek Lapurdiko dantzen zai zuriak freskatu zituenez, hori zen egin nuen lehen arropa.
Arropa bat noiz da tradizionala bilakatzen?
Zer da tradizionala? Kostuma diogularik bestez mintzo gara. Egoeraren araberako arropak baititugu, betidanik, ez baikara berdin beztituko etxean egoteko edo ezteietarat joateko. Bada zenbait leku non denak berdin janzten baitira, kode oso bereziekin. Erronkarikoak [Nafarroa] demagun, uniformeak dira, taldearen lotura eta nortasun agiriak da. Kostumak erabat ezberdinak izan daitezke, edo ez. Gauza da kodeak eskuratzea, hortik aitzina segitzen ahal dugu asmatzen. Kostumak nortasuna dira, janzten dituztenak ordezkatu behar baititu. Dantza taldeak asma ditzake gauzak. Mikel Lizartzak asmatu zuen Senpereko [Lapurdi] neskendako gona zuri bereza, betiere kodeak errespetatuz. Hala, sor ditzagun bereziak direnak, norberarenak eginez, plazer hartuz, eta, aldi berean, harrotasunez, izan dantzan nola kostumetan, talde bakoitzak bere gertakaria asma dezala.
Zuek obratu jantzien erakusketak muntatzen dituzue.
Badira bi urte ehun maniki baino gehiagoko erakusketa muntatzen dugula Baionako Katedraleko klaustroan, agorrila bukaeran. Eskolei begira ere badugu formatu berezi bat.
Dendariak ez dua usaian kolore femeninorik?
Ez nau sekulan arranguratu. Amatxirengana jo nuelarik, beharrak ninduen akuilatu, ez pasioak. Milaka pieza ditugu, guhaurrek egin ditugulako, ez aberatsak garelako. Dantza taldeek formatu behar dituzte erakasleak, baina baita ere josleak.
Maritzuli eskola bat da.
Erran daiteke; transmisio lana baitugu egiten.
Euskal Herria aske balitz, dantza eskola nazionala izanen zinateketea?
Menturaz! Kur-kur. Desabantaila da dantza garaikidearen garaia dela hau. Normala da, baina kasu eman behar da, ez deskulturizatzeko. Gure gain da.
Aritz Ibañez, Ramon Gartzia, Oier Araolaza... Euskal Herria dantzari emana.
Aritz Ibañez eta Duguna taldeak egiten duena ikaragarria da, sekulako lana egiten dute! Formatua kopiatu diegu. Oier Araolazak ere gogoeta interesgarriak ditu. Geure burua beti elikatu behar dugu, transmititu ahal izateko. Taldeetako erakasleak behar dira formatu. Eskertzen da ikusgarrien kritikak entzutea, ezin baita dena beti ongi izan, hori Chauvinismoa baita. Ohartua naiz Malandainen ikusgarri arrakastatsuetan jendeak eskertzen duela txalotuz. Alta, euskal talde baten bukaeran, publikoa bukatu aitzin ere zutitzen da, halako histeria batez, non kasik jenagarria baita.
Ez dea gabezia baten ondorio?
Bistan dena baietz. Daukaten historiak ez baitie euskaldunei aitzinatzen uzten. Frankismoaren debekuak araberako erantzun bortitza eragin zuen. Iparraldean, maltzurragoa da zapalketa; erantzuna ere, araberakoa. Dena da energia afera. Esplosiboa da publikoaren jarrera hori, baina kaltegarria izan daiteke.
Claude Iruretagoiena. Dantza eta jantzi sortzailea
«Dantzari esker banaiz»
Dantzaren zirimolak oinak harrapatu zizkion lehenik, eta josteko makinak gero. Biekin, eta euskal dantza tradizionalaren kodeak errespetatuz, ase ezinezko sormen lana egin du berrogei urtez. Saritu berri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu