Txistularien urrutiko notak, edo kontzertuetako bateriaren soinu proba amaigabeak: jaiak direla adierazten duten hotsak dira. Beran halakoak entzuteko gogoa duenak hurbil du desira betetzeko unea: jaiak ate joka daude.
Bihar 12:00etan piztuko da jaien hasierako suziria. Gaur, baina, Beran ez dituzte jaiak geldi itxarongo. VI. Gau Krosa hasiko da 22:15ean, eta, aurretik, dantza jaialdia egingo dute. Ondoren, bost egun bete-bete. Askotariko giroak egongo dira, baina musikak ireki eta itxiko ditu egun guztiak: goizez, trikitilari edo gaiteroek; gauez, kontzertuek.
Kasualitateak alboratuta, gustu guztientzako eskaintza izanen da jaietan. Egunez, dantzak, kalejirak eta txarangak nagusituko dira; ilargipeko orduak pasatzeko lekua, berriz, txosnagunea izango da. Altzateko plazan jarri dituzte txosnak, eta musika taldeen eskaintza zabala izango da gauero: Eskean Kristo, Zopilotes Txirriaos eta El Diluvi, kasurako.
Ez dago inor jaietatik at
Lagunarteko otorduak nahiago dituenak ere badu zer aukeratu. Nabarmentzekoak dira, adibidez, igandeko bazkari feminista eta astearteko herri afaria.
Haurrak ez dira kanpoan geldituko. Erraldoi eta buruhandiak hiru egunez aterako dira, ostiralean, astelehenean eta asteartean; eta, igandean, igeriketa txapelketa egingo dute haurrek eta gazteek.
Gainera, gaueko giroaz disfrutatzeko autoa hartu nahi ez duenak baditu bidaia egiteko alternatibak. Autobus zerbitzuak antolatu dituzte Bera eta Bortzirietako gainerako herrien artean, larunbat eta igandean; bost euro da joan-etorria.
Bera esnatzear da, bihartik hasi eta asteartera arte.
Festak Beran
Dantzarako, suziriari ezin itxoin
Berako jaiak bihar dira ofizialki hastekoak, baina gaurko ere antolatu dituzte lehen ekitaldiak. Asteartera arte, erraldoiek eta musikariek hartuko dute herria, urteko egunik bizienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu