Hogeigarren Erromeria Eguna ospatuko dute Errenterian (Gipuzkoa) hilaren 14an. Urteurrena dela eta, egitarau berezia antolatu dute Ereintza dantza taldearen, udalaren eta herriko eragileen artean. Atzo aurkeztu zuten denek batera egitaraua. Hogeigarren urteurrena ospatzeko, bi emanaldi berezi izango dira jai egunean: Villafrancako (Katalunia) casteller-ena eta arratsaldeko erromeria.
Villafrancako casteller-ek Errenteriako hiru gunetan egingo dute ikuskizuna. Koldo Mitxelena plazan hasiko dira, 11:30ean; segidan, Xabier Olaskoaga plazara joango dira, eta Zumardian egingo dute azken giza dorrea. Ereintza elkarteko Juantxo Maiak adierazi duenez, «250 pertsona ekarriko dituzte Villafrancako casteller-ek Errenteriara». Euskal Herrian izan den casteller-en talde handienetakoa da. Villafrancako casteller-ek hainbat ekitaldi egingo dituzte Euskal Herrian: Errenterian ez ezik, beste hiru herritan egingo dute ikuskizuna.
Arratsaldeko erromeria gogoangarria izango da, musikari bereziek girotuko baitute. Haien artean daude Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien. Gonbidatuek harreman zuzena dute Euskal Herriko erromeria munduarekin, baita Erromeria egunarekin ere: bertan parte hartu izan dute. Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar eta Asier Gozategi dira garai bateko trikipoparen erakusgarriak, antolatzaileen arabera. Itsaso Elizagoien, berriz, gaur egun puri-purian dabilen musikaria.
Gonbidatuek proposatzen dituzten doinuen erritmoan egingo dute dantza bertara biltzen direnek. Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Pugesek zuzenduko dute erromeria. Herriko dantzak eta dantza gidatuak egingo dituzte.
Lau gonbidatuez gain, beste hainbat musika taldek parte hartuko dute: Txorimaloak taldeak, Errenteria Musikaleko trikitilariek eta Oiartzualdeko txistulariek. Zubietako joaldunak eta Aiko taldea ere jai egunean izango dira.
«Berritzailea eta inkonformista» da Ereintza dantza taldea, haien ustez: «Beti saiatzen gara ekarpen berriak egiten». Aurten, bi ekitaldi nagusiez gain, egitarau zabala prestatu dute Erromeria Egunerako. «Hogei urte hauek laburbiltzeko modu bat da egitaraua», adierazi du Alain Maiak, Ereintza dantza taldeko kideak, eta zera gaineratu du: «Hogei urteko ibilbidean Erromeria Egunean parte hartu duten elementuak izango ditugu».
Dantzariak baino gehiago
Ekintzaz beteriko larunbata izango da uztailaren 14a: goizetik arratsaldera, festa giroan murgilduko da Errenteria. Goizean, casteller-en ikuskizunaz gain, hainbat joko antolatu dituzte herriko kaleetan. Eguerdi aldean, Aiko taldeak giroturiko poteoa izango da tabernetan. Herri bazkaria ere egingo dute, Orereta ikastolan, Koldo Mitxelena plazan. 400 lagun inguru bilduko dira han. Azkenik, eguna borobiltzeko, arratsaldean egingo duteerromeria berezia, zumardian.
Errenteria herri bizia dela adierazi dute dantza taldekoek: «Ezinbestekoa izan da errenteriarren babesa Erromeria Egunak hogei urte betetzeko. Jendeak kaleko ekitaldietan parte hartzen du».
Herritarrak beste behin Erromeria Egunean biltzera gonbidatu dituzte Ereintza dantza taldekoek Zatoz dantzara plazara lelopean. Lelo horrek, bestalde, adierazi nahi du Ereintzak kulturgintzan eta herrigintzan lan egiten duela. Dantzaren inguruko jakinduria transmititzeaz gain, taldearen helburua da Errenteriako kultura mugimendua indartzea.
Errenteriako Erromeria Eguna
Dantzarako gonbita
Errenteriako Erromeria Egunak hogeigarren urteurrena beteko du. Ikuskizun berezia egingo dute Kataluniako Villafrancako 'casteller'-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu