Jaiak. Iruñeko sanferminak

Dantzan hasi dira sanferminak

Iruñerriko dantzariek Cortesko makil dantzak eskaini dituzte Foruen plazako dantza saioan. Iruñeko Ortzadar dantza taldearen 50. urteurrena dela eta, banderak haizatu dituzte.

Iruñerriko dantza taldeen emanaldia, gaur, Iruñeko Foruen plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñerriko dantza taldeen emanaldia, gaur, Iruñeko Foruen plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko uztailaren 6a
18:30
Entzun

Urduritasuna nagusitu da gaur Iruñeko Foruen plazan. Zeru grisa, lainoz josia; euriaren mehatxuaren beldur ziren dantzariak. Goizetik zeruari begira egon da Larratz dantza taldeko Ainhoa Goñi dantzaria, urduri, euriak eguna oztopatuko zuen beldur: «Euria egin du goizean, baina orain eutsiko diola dirudi». Urak ez du plazako galtzada busti, eta dantzariak tantaka-tantaka atera dira plazara alboetako tuneletatik, oholtzako txistularien doinuei jarraituz. Dantzan hasi dira sanferminak.

Uztailaren 6a egun berezia baita iruindar guziendako, baina baita Nafarroako beste dantzariendako ere. Bestarekin lotzen zuen eguna dantzaren eguna bihurtu da Itziar Lizarraga Amaiur dantza taldeko dantzariarentzat. Izan ere, lehendabiziko aldiz dantzatu da sanferminei hasiera emateko. Zangozatik (Nafarroa) etorri da, eta, nahiz eta lehen aldia izan plazan, ez dago urduri: «Entsegu egunak luzeak izan dira. Ilusio handia neukan, eta, dantzatzeaz gain, nire taldekideak ikustea eta animatzea asko gustatu zait, momentu horretan taldean egindako laguntasuna ikusi dezakezulako». Lizarraga ez bezala, urduri daude beste dantzari batzuk: saltoka, taldekideak lasaitu nahian eta jantzia behin eta berriz egokitzen, desagertzeko zorian baleude bezala. 

Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar, Txori Zuri, Amaiur, Ardantzeta, Basakaitz, Dantxaldi, Eluntze, Harizti, Iruña taldea, Larratz, Mikelats eta Corteseko (Nafarroa) dantzariek jarri dute plaza dantzan. Cortesko dantzariak izan dira gonbidatu bereziak, eta haien omenez parte hartu duten hamalau dantza taldeek Cortesko makil dantza egin dute. «Gehien gustatzen zaidan dantza da. Oso polita da, dantza aldetik mugimendu handikoa, eta horrek dantza ulertzea eta nora zoazen jakitea eragiten du», azaldu du Lizarragak. 

Mugimendua izerdi bihurtu da. Indarrez aritu dira neska-mutilak, makilak gogor joz eta arnasketa erregulatzen saiatuz; baina ezin. Egurraren talkaren ondorioz, makila zatiak hegan atera dira, zerurantz, eta gero plazako lurzorura. Dantzarien oinek bizkorki saihestu dituzte puska horiek, eta, bien bitartean, beti adi dauden beste dantzariak korrika atera dira puska horiek salbatzera eta hondatutako makilak biktima berriekin ordezkatzera. Irribarretsu eta aurpegia gorri dantzatu dira, eta eskuak ere gorri, kolpeen ondorioz. 

Cortesko dantzariak kolore argiko jaka eta zapi gorri ilun bat jantzita dantzatu dira, mutilak alde batetik eta neskak bestetik. «Ongi etorri espazioa ukatu zieten horiei», esan dute plazako agertokitik. Dantza tradizionalez gain, dramatizatutako atal bat ere badago: alkatea, artzaina, aingerua eta deabrua. Pertsonaia horiek agertokira igo dira dantzariak dantzen artean jantziak aldatzen ari diren bitartean. Bertso elkarrizketa baten bidez, pertsonaiek eskerrak eman nahi izan dizkiete bertaratutako dantza taldeei, kultura eta folklorea aldarrikatzeagatik. 

Bertso artean hegan egiten dute gonek, eta dantzariek kolorezko zapiak lotu dizkiote elkarri. Jantziak azkar aldatu dituzte, erlojuaren orratzek tik-tak egiten zuten bitartean. «Hamabi minutu, hamabi minutu ditugu aldatzeko, lasai», esan du dantzarietako batek, taldea lasaitzeko asmoz. Azkenean, ustekabean, errimak uste baino lehenago amaitu dira, eta agertokiko deabruak azkar galdu ditu adarrak. Taldeetako batzuk korrika atera dira plazara, zapia lotuz. Beste batzuk, ordea, geroago atera dira, jada besteak dantzatzen ari zirela. Hala ere, irribarretsu atera dira, makilak eskuan, eta dantzatzeko prest.

Talde bat gutxiago

Urtero talde bat arduratzen da plazaren erdian astintzen den ikurrina eramateaz eta musika jotzeaz. Aurten, Iruñeko Ortzadar dantza taldeari egokitu zaio lana, eta taldearen 50. urteurrena ospatzeko gogoz astindu dituzte bi banderak, txalo artean. 

Hamalau talde dantzatu dira azkenean, baina hamabostek dantzatu behar zutela zehaztuta zegoen sanferminen egitarauan. Azken momentuan, duela aste batzuk jakinarazi zuten berriaren ondorioz, Dugunako dantza taldeak erabaki zuen aurten Iruñeko Foruen plazan ez dantzatzea: txupinazoa bota behar zuten eta. Txalo zaparrada jaso dute dantzariek, eta kopetako izerdi tantak zapiekin garbitu dituzte. Emanaldiari amaiera emateko, zuri-gorriz jantzitako ikusleek plaza hartu dute, lagun eta senide artean larrain dantza osoa egiteko. Zapi gorriak airean izanik eta euriaren bisitarik jaso gabe amaitu dute jaialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.