Erromeria Eguna ospatuko dute bihar Artikutzako naturgunean (Goizueta, Nafarroa). Urtean zehar, oinezkoak eta txirrindulariak naturgunera oztoporik gabe sar badaitezke ere, autoz sartzeko baimen berezia behar izaten da. Ez, ordea, abuztuaren 28an: egun batez, Donostiako Udalak aukera ematen du bere jabetzapeko lurretara baimenik gabe sartzeko. Ehunka lagun joaten dira, hori dela eta, Artikutzako festa girora.
Ohi bezala, pilota txapelketak, herri kirolek, bertsolariek, talogileek, erromeriak, eskulangileen erakusketek, mezak, bazkariak eta abarrek osatuko dute egitaraua. Goizeko hamaiketan, mezarekin hasiko dute eguna. Jarraian, eskuz pasakako pilota modalitateari buruzko hitzaldia eta partida izango dira, baita esku-pilota partida bat ere. 11:30ean, Artikutzako ur satorraren egoerari buruzko hitzaldia emango dute.
Bazkalostean, buruz buru arituko dira Beñat Gaztelumendi eta Jon Martin bertsolariak. Herri kirolek 18:00etan izango dute txanda: Donato Larretxea eta Felix Etxeberria aizkolariak Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerzaren aurka arituko dira. Elkarren kontra arituko dira, era berean, J.R. Iruretagoiena Izeta II.a eta Landarbide harri-jasotzaileak. 20:00etan, Joxe Mendizabalek dantzaldiarekin emango dio amaiera erromeriari.
Antzina, abuztuaren 28a, San Agustin eguna, errentak ordaintzeko eguna izan ohi zen Artikutza inguruetako bizilagunentzat. Egun, festan giroan murgiltzeko aitzakia da hori.
1919. urtean eskuratu zuen Donostiak Goizuetako lur horien jabetza. Enobietako urtegia egin zuen han Donostiako Udalak, ur hornikuntzarako erabiltzeko, gune oso euritsua dela eta. Gaur egun, soilik ura biltzeko erabiltzen dute. Hango bioaniztasun oparoa babesteko dago itxita parkea ibilgailu motordunentzat urteko gainerako egunetan.
Dantzaldia Artikutzan
Erromeria Eguna ospatuko dute bihar Artikutzan, Goizuetan.Urtean behin zabaldu ohi dute naturgunea ibilgailuentzat, festan murgiltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu