Vanesa Castaño Ereintza dantza taldeko kideak eman du egitarau osoaren berri. Ohi bezala, 10:45ean musikariek emango diote hasiera egunari, kalez kale, «jendea esnatu dadin eta anima dadin ondo pasatzera». Bitarte horretan, gainera, Errenteriako IX. Bola Joko Sari Handia antolatu dute Niessen elkarteko kideek.
Horrez gain, hamaiketakoa egingo dute 11:30ean. Eta, bazkaltzeko garaira arte, kalez kale dantzatzeko aukera izango da Aiko taldearekin batera. Castañosen hitzetan, dantza plazetara eraman nahi izan du beti Aikok, eta, horregatik, «aukera paregabea da hau jendea dantzara animatzeko».
Segidan izango da herri bazkaria: Zumardian, 14:30ean. Ereintzako kide Maialen Iribarrenek nabarmendu duenez, 350 bat lagunentzako bazkaria izango dela aurreikusten dute. Jada salgai daude, gainera, bertaratzeko txartelak: Arkaitza tabernan eta Paki dietetika zentroan.Gaztetxoek 8 euroan erosi ahal izango dituzte, eta helduek, berriz, 15 euroan.
Zumardian bertan izango da eguneko ekintza nagusia: erromeria. Lehenik, txalapartariek eta musikariek alaituko dute bazkalondoko giroa, eta Patxi eta Konpainiarekin amaituko da eguna.
Errenterian baserritarrez janzteko eguna izango da hilaren 16a, eta Castañosek zera azpimarratu nahi izan du: «Edozein da gai egingo ditugun dantzak dantzatzeko. Jendea elkartzea da helburua, eta, batez ere, ondo pasatzea». Hori dela eta, egun on batez gozatu nahi duen oro gonbidatu du Ereintza dantza taldeak eurek antolatutako egitarauan parte hartzera. «Beste urte batzuetan jende asko etorri da, eta espero dugu aurten ere hala izatea».
Dantzarako asteburua
Erromeria egunarekin gutxi ez, eta dantza gehiagorekin borobilduko dute asteburua; urtero bezala, Errenteria dantzan eguna egingo baitute hurrengo egunean, uztailaren 17an. «Nazioarteko eguna izango da», hala abiatu da Ainhoa Uria, Ereintza dantza taldeko kidea. Izan ere, Gineako Grupo Cultural Netos de Bandim taldea gonbidatu dute dantzara. Uriak azaldu du Afrikako ondarea zabaltzen duen talde garrantzitsu bat dela, eta hango haur eta gazteen integrazio soziokulturala sustatzen ahalegintzen dela, hain zuzen.
Arratsaldeko zazpietan hasiko dira bi taldeen dantzak, Zumardian. Errenteriako taldeko hamabost dantzarik parte hartuko dute, eta Gineako taldeko 30 kidek. Zortzi izango dira perkusio jotzaileak eta, horrez gain, bi pertsona arituko dira dantzen zuzendari lanetan.
Errenteriako Erromeria Eguna
Uztailaren 17an, Errenterian (Gipuzkoa), egun osoan.