ATZEKOZ AURRERA. Vera Mantero. Artista

«Dantzak gorputza eta pentsamendua lotzen ditu»

Mantero portugaldarra da jaiotzez, baina mundu osoan aritu da, dantza garaikidean izan duen eraginagatik. Artistak gorputzaren mugimendua eta filosofia uztartzen ditu bere koreografietan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Nova Dança Portuguesa dantza garaikideko mugimenduaren sortzaileetako bat da Vera Mantero (Lisboa, 1966). Baina ez hori bakarrik. Performancea eta dantza uztartzen ditu bere ikuskizunetan, eta dantza ulertzeko daukan moduak, besteak beste, mundu osoan dantza garaikideko figurarik garrantzitsuenetako bat bihurtu du. Gasteizko Artium museoan egongo da aste honetan, El cuerpo pensante (Pentsatzen duen gorputza) deituriko ikastaroa gidatzen. Hor, mundu osotik etorritako hamasei dantzarik hartuko dute parte.

Gasteizen emango duzun ikastaroaren aurkezpenak dio bakoitzaren barneko mugimenduak aurkitzen saiatuko zaretela. Mugimendua dago norberaren baitan?

Bai, noski. Pertsona bakoitzaren baitan gauza ugari gertatzen ari dira etengabe, eta horietan eragin dezakegu, kanpora irteteko aukera izan dezaten.

Pentsatzen duen gorputza izena dauka ikastaroak. Zergatik?

Dantza, niretzat, gimnastikaren eta filosofiaren arteko nahasketa bat baita. Pentsamendua eta gorputza oso presente daude dantzatzen dugunean. Eta hori gauza ederra dela uste dut, gaur egungo gizartean ez baitago ekintza askorik bi gauzak uztartzen dituena.

Nolako lotura dauka dantzak norberaren pentsamenduarekin?

Dantza da denboran eta espazioan egoteko eta norbera zalantzan jartzeko ahalmena izatea. Bakoitzaren inkontzientean dauden gauzak azaleratu eta gorputza horietaz betetzea ahalbidetzen du.

Zer modutan gertatzen da hori?

Askotan, testuren bat edo autore bat irakurtzen nabilen bitartean, nire gorputzarekin ekintza ezberdinak sortzen ari naiz, eta hori etengabe gurutzatuz doa.

Nola?

Ezin dut esan objektiboki nola gertatzen den. Besterik gabe, gertatu egiten da. Praktikan agertzen diren irakurketako elementuak daude, eta hori hainbat modutan gertatzen da: espazioaren eta denboraren erabileraren bitartez, edo baita agertzen diren espresio eta keinuen bitartez ere. Gorputzak berez, instintuz, eraikitzen ditu pentsatzen ari den horrekiko erantzunak.

Nolakoa da koreografiak sortzeko gauzatzen duzun prozesua?

Aipatu dudan bezala, irakurketa asko egiten ditut, eta baita irudi ugari ikusi ere. Oso garrantzitsua iruditzen zait irudiz elikatzea: pinturak, argazkiak, bertatik bertara gertatzen diren ekintzak... Eta inspirazio iturri izan daitezkeen objektu asko ere baditugu inguruan.

Nola eramaten dira estimulu horiek dantzara?

Ikusten ditugun gauza horiek zalantzan jartzen ditut, horien inguruan hausnartzen hasten naiz, eta gorputza horri erantzuten hasten da. Era askotako materialen aurrean sortzen diren erreakzio horiek bata bestearekin lotuz joaten naiz gero. Eta horrela sortzen dira koreografiak.

Zer da zure dantzarekin lortu nahi duzuna?

Asko interesatzen zait adierazpen gaitasuna: gorputzak adieraz dezala, pertsonak adierazteko aukera izan dezala. Norberak utz diezaiela irteten bere barnean gertatzen diren gauzei, eta baita besteekin gertatzen zaizkion gauzei ere.

Eta nola interpretatzen du hori publikoak?

Uste dut ikuskizun bat ikustera datorren jendeak egoera horietarako sarbidea izan dezakeela, edo agian partekatu ere egin ditzakeela. Artelan bat ikusten dugun bakoitzean ere antzerako zerbait gertatzen da: obra horri begiratzen diozunean, zure barnean erreakzio bat sortzeari bide eman behar diozu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.