Hareaz beteriko zakuak daramatza alde batetik bestera Maitane Azpiroz dantzari eta trapezistak (Iruñea, 1982). Zaku horien zamarekin Artxipielago obra sortu du. Sortze prozesuan egindako ibilbidea azaldu du. Tafallako (Nafarroa) kultur etxean taularatuko du obragaur, 20:00etan.
Zirkua eta dantza uztartu dituzu; zer dago bakoitzetik?
Zirkua eta dantza mugimendua dira; oso zaila egiten zait bereizketa egitea. Ez da non hasten den dantza eta non zirkua. Ez da akrobaziazko ikaragarrizko truko bat egitea, baizik eta nola egiten den trikimailua; zer-nolako prismarekin.
Nondik egiten duzu?
Mugimendutik. Trukoa lantzen dut, baina beti dauka dantza kutsua. Trikimailu horretara ailegatzeko ibilbidea lantzen dut. Ez ditut erabiltzen zirku klasikoko denborak. Aintzat hartzen dut zirkuaren magia, baina, horri garrantzia eman beharrean, kalitate fisikoari edo gauzak lortzeko moduari ematen diot.
Nola laguntzen diote elkarri?
Dantzak arintasuna ematen dio zirkuari. Lortzen duzerbait segmentatua izan ordez borobila izatea.
Zer da zirkua zuretzat?
Zailtasuna, birtuosismoa, posible ikusten ez ditugunak posible bilakatzea, entrenamendu asko, arriskua eta akrobaziak.
Zerk eraman zintuen zama lantzera?
Bizitza prozesu batek.Krisialdi txiki edo handi bat izan nuen, eta ezin nituen desira edo amets zaharrak baztertu. Uste dut horrek ez zidala uzten helburu edo desira berriak sortzen. Orduan, abiapuntua zen aztertzea nola baztertu gauza zaharrak edo nahi ez ditugunak, berriak sortzeko.
Harea ere erabili duzu; zergatik?
Oso intuitiboa izan zen, materiarekin lan egin nahi nuelako. Hautsarekin ere lotura egin nuen; zer garen, zer bilakatzen ari garen, denak hauts bilakatzen garela... Horren bueltan, jaiotzaren eta heriotzaren inguruan hausnartu nuen. Hareaoso esanguratsua iruditzen zitzaidan hori modu metaforikoan lantzeko.
Zamatsua bezain arina izan daiteke harea?
Bai, horregatik gustatzen zitzaidan. Bizitzan ditugun momentuak oso arinak eta oso astunak dira. Harea harrapatzea oso zaila da, eskuetatik erortzen delako, eta poltsikoetan sartuz gero, galdu egiten da. Aldiz, zakuetan sartzen badugu, pisutsua da. Buruan nituen harrapatzen dituguneta harrapatu ezin ditugun gauzak.
Antzezlan batetik bestera aldatzen duzue harea?
Berritu egiten dugu, galdu egiten da eta. Gainera, kalean edo barruan aldatu egiten dugu granulometria. Kalean haize handiagoa dabilenez, granulometria handiago da, eta dantzariak sufritu egiten du, erortzean min pixka bat ematen baitu.
Zeren arabera aukeratzen duzu musika?
Azken urteetan, musikariaren proposamenen eta nire beharren arteko elkarlana da.
Musika zuzenean izateak lagundu egiten dio interpreteari?
Positiboa da, eta niretzat, luxu bat. Musika erregistratuta badago, markei adi egon behar duzu, eta kontzentrazioa beste leku batera doa. Musikariarekin konplizitatea lortzea zaila da, baina lortuz gero, ondoan dagoenez, markatu egiten dizu.
Pixka bat inprobisatzen du; nola eragiten dio dantzariari?
Uste dut onerako dela, biziagoa delako. Gaziki egiten baduzu, akatsa zuk jaten duzu, baina musikariarekin bazaude, horretan lagunduko dizu. Gainera, obra honetan oso gauza sotilak daude, eta asko entzun behar diote elkarri, eta ikusi non dagoen bakoitza. Entzumena zaindu behar da, eta nolabait bestearekin adostu begiradarekin, energiarekin edo konplizitatearekin.
Obraren norabidea aldatu egin da denborarekin?
Batez ere aldatu zen haurdun geratu nintzenean, beste artista batek [TeresaMagallonek] hartu zuelako nire rola. Garrantzitsuena ez da zer kontatzen dugun, baizik eta nondik.
Ordura arte nola egiten zenuen lan?
Gorputza eta materiarekiko harremana landu nituen, eta bi astez egon nintzen harea hartzen eta kentzen, dantzatzen... denetatik egin nuen. Hor ikusi nuen garrantzitsua zela nondik eta nola dugun harremana materiarekin, eta horrek zer sortzen duen. Nola hartu, utzi eta tratatu objektuak.
Nolakoa izan zen beste bati lekukoa pasatzea?
Oso zaila. Bizitza artistikoan eta pertsonalean izan ditudan bizipenengatik ailegatu naiz sortzeko irizpideetara. Orduan, hori norbaiti transmititzea guda bat izan zen, zentzu onean. Besteak ez baditu zuk izandako esperientziak, oso zaila da. Beste irizpide batzuk behar zituen, beste esperientzia batzuk zituelako. Nik, berriz,hasierako irizpide batzuei eutsi nahi nien.
ATZEKOZ AURRERA. Maitane Azpiroz. Dantzaria eta trapezista
«Dantzak arintasuna ematen dio zirkuari»
Zama eta materia landuz, 'Artxipielago' obra sortu du Azpiroz dantzari eta trapezistak. Erriberriko Antzerki Jaialdian izanen da: «Garrantzitsuena ez da zer kontatzen dugun, baizik eta nondik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu