Donostiako Aste Nagusia

Dantza eta maskuri kolpeak

Bi urteren ostean itzuli dira erraldoi eta buruhandiak Donostiara. Egunero ateratzekoak ziren, baina eguraldiak egoera baldintzatu die. Gaur aterako dira azken aldiz, San Telmo museotik abiatuta, festetako azken egunean.

Buruhandiak Kontxako pasealekuan. Buruhandiak astearteko ibilbidearen erdialdean, aldaketaren aurretik. JOSEBA ARRATIBEL LADRON.
Joseba Arratibel Ladron.
Donostia
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusian ez dute atsedenik hartu erraldoi eta buruhandiek, nahiz eta eguraldia ez duten lagun izan. Pare bat egunetan izan ezik, arratsaldero, seiak aldera, kaleak dantzan jarri dituzte txistu eta dultzainen erritmora. Egun bakoitzean hiriko txoko batean ibili dira, eta, azken aldiz duela bi urte atera ziren arren, xarma berarekin jarraitzen dute hirian barrena. Jendeak esku zabalik jaso ditu, baita maskuriarekin jasotako kolpeak ere, jaiak itzuli diren seinale baitira.

Gaur San Telmo museotik aterako dira 18:00etan, eta Donostiako Parte Zaharrean ibiliko dira 20:00ak arte. Gainera, oso despedida berezia izango dute Zuloagan. Hori gutxi balitz bezala, aurten urtemuga ospatzen dute: Donostiako erraldoiek 40 urte betetzen dituzte eta Itzurun konpartsak 25. Horren harira liburu bat idatzi du Borja Muñozek, Donostiako erraldoiak eta buruhandiak - Bidaia denboran zehar. XVII. mendetik gaur egunera arteko historia bilduz.

Lan talde erraldoia

Jendetza erakarri dute erraldoi eta buruhandiek, Donostiako kaleak gainezka egon dira aste guztian. Bi urteren ondoren, Aste Nagusian beste behin jai giroa sortzea apartekoa da hiritarrentzat, eta, egun horiek osatzeko, jende asko egoten da lanean, 75 pertsona inguru. Horietatik 24k erraldoiak daramatzate eta 26k buruhandiak.

Giulia Messini eta Ines Argomanizek buruhandiak daramatzate, eta azaldu dute buruhandi bakoitza bi kideren artean daramatela, eta ibilbidearen erdialdean geldialdi bat egiten dutela, batak besteari erreleboa pasatuz. Erraldoiak daramatzatenak, ordea, ibilbidean zehar aldatuz doazela azaldu dute Unai Ariztimuño eta Asier Larrea erraldoiek.

Larreak lehendabiziko urtea du Itzurun konpartsan. Ariztimuñok, Messinik eta Argomanizek, ordea, zazpi urte daramatzate. Haietako batzuk aurretik beste konpartsetan ibilitakoak dira. Beste batzuek zuzeneko lotura dute Itzurun konpartsarekin, beren familiakoak hango partaide direlako.

Emozioa pil-pilean

Haurren izua agerikoa da. Messinik adierazi du, orokorrean, haien atzetik ibiltzen direla, baina ez denak. «Haurrak asko izutzen dira buruhandiekin, baina, gerturatu eta irri egitean, dena konpontzen da».

Erraldoiak ere oso ikusgarriak direla aipatu dute Ariztimuñok eta Larreak. Ohiko erraldoiek 3,50 metro neurtzen dute, eta Donostiako erraldoiek, ordea, 4,15 metro. Altuerarengatik inpresio handia ematen dute, eta, haur batzuk asko gerturatzen diren arren, beste batzuk izutu egiten dira, eta erraldoiek haurren izu hori ikusten dute oihalen azpitik. «55-67 kilo inguru altxatzen ditugu, eta, erraldoiek asko nekatzen gaituzten arren, leihatilatik ikusten ditugun erreakzioek indartzen gaituzte», Ariztimuñok zehaztu duenez.

Haurren ilusio berarekin aritzen dira haiek konpartsan parte hartzen. Hala ere, rolez aldatzea bururatu izan zaie, adibidez, erraldoiren baten kasuan buruhandi izatera itzultzea; denei otu zaie behin baino gehiagotan, baina denek aitortu dute oso gustura daudela egungo rolarekin.

Lehen egunetik gogotsu jarraitzen dute. Haurren babesa sentitzen dutela adierazi dute konpartsako kideek, eta gauza bakarra espero dute gaurko: ibilbidea egin ahal izatea, eguraldiak beste behin eguna zapuztu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.