Ez gara egundo, ai, itzuliko oroimeneko portura! 1985eko uztailak 7. Itxuran, egun bat gehiago Martuteneko kartzelan (Donostia), egun bat gutxiago preso daudenentzat. Lau pareten arteko errutina aldatzeko ideiarekin, eta sanfermin eguna dela eta, Imanol Larzabal abeslariaren emanaldia baimendu zuen kartzelako zuzendaritzak. Iruñeko kaleetako algara askatasunaren festan parte hartu ezin zutenentzat. Kontzertua amaitutakoan, guztiak berdin jarraitu behar zuen. Baina denek ez zuten asmo bera, ez behintzat han gatibu ziren bik: Joseba Sarrionandia Sarrik eta Iñaki Pikabea Pitik.
12:15 aldera, Imanolek kontzertua bukatutzat eman zuenerako, ez zegoen Sarri eta Pitiren arrastorik; baina, inor ez zen konturatu; eta, ohartu ziren gutxiak isilik geratu ziren. Zaindariak 14:00etako zenbatze orokorrean konturatu zirenerako beranduegi zen. Emanaldian erabilitako bi bafletan ezkutatuta atera ziren espetxetik ustezko bi etakideak.
Kilometro batzuk urrutiago aurkitu zituen gero Poliziak bi bafleak, emanaldirako erabilitako furgonetan. Hutsik. Geroago jakin zen Mikel Albisu Anzak astebete lehenago alokatu zuela ibilgailua. Lau hilabete eskas zeramatzan Sarrionandiak Martutenen preso, Herrera de la Manchako kartzelatik gerturatu zutenetik. Ordurako hainbat literatura sari jaso zituen, eta, 27 urte besterik ez bazituen ere, idazle aski ezaguna zen. Hainbat idazleren bisita jaso zuen Donostiako espetxean; tartean, Bernardo Atxagarena eta Anzarena berarena. Anzaren bisitetan sortu ei zen ihes egiteko plana. Pikabeak Sarrionandiak baino denbora gutxiago zeraman Martutenen; hiru aste.
Garaiko kronikek diotenez, bi presoen ihesaren berri izan zenean, algaraz hasi zen Euskal Herria. Iruñeko sanferminetan jendeak gorri kolorez estali zuen zerua, zapiak pozez jaurtikita; eta, besteak beste, Durangon manifestazio jendetsua egin zen.
Gauean ihesaren berri izan ondoren, hurrengo goizean bere burua polizia etxean aurkeztu zuen Imanolek. Poliziak lege antiterrorista ezarri zion, eta Josu Landa kazetariarekin eta beste lau lagunekin batera inkomunikatuta egon ziren. Landa ez beste guztiak aske utzi zituzten inkomunikazio egoera amaitu zenean. Kazetaria bera laster geratu zen libre, hainbat kultur eragilek babesa eman eta sinadurak bildu ondoren. Juan Carlos Mesas espetxeko zuzendaria kargutik egotzi zuen Espainiako Barne Ministerioak.
Imanolen musika erritmoekin bat iritsi zen Sarri eta Pitiren askatasuna, eta beste doinu batzuek bihurtu zuten ondoren ihesa are ezagunago. Fermin Muguruzak gertaeraren berri izan zuenean, abesti bat egitea erabaki zuen. Toots and the Maytals reggae talde jamaikarraren Chatty Chatty abestia moldatu, eta Sarri, Sarri ezaguna sortu zuen, egun bakarrean. Kortaturen abestiak berehalako arrakasta izan zuen. Geroztik, milaka euskal herritarrek dantzatu dute Sarri eta Pitiren ihesarekin, eta 27 urteren ondoren, oraindik ere herri guztietako jaietan entzuten den kantua da.
Johnny Cash eta Elvis Presley
Imanolek Martuteneko kartzelan emandako kontzertua Euskal Herriko musikan ez ezik, euskal sozio-politikoaren oroimenean ere geratu da betirako. Dena den, ez da talde euskal herritar batek espetxe batean eman duen kontzertu bakarra. Eskorbuto taldeak, esaterako, Basauriko espetxean (Bizkaia) jo zuen, presoen artean Iosu Esposito abeslariaren aita zegoela.
Euskal Herritik kanpo ere makina bat kontzertu egon dira kartzeletan, oihartzun handiko eta oihartzun txikiko taldeek emandakoak. Metallica taldeak hilaren 6an Danimarkako Horsens hiriko espetxearen atarian Gojira eta Mastodon metal taldeekin batera.
Baina, Johnny Cash musikariak emandako kontzertuak dira ezagunenak. Legetik kanpoko pertsonaren itxura izan arren, ez zuen behin ere kartzela zigorrik jaso. Hala eta guztiz ere, presoen egoerarekin hunkituta, 1950eko hamarkadan espetxetan doako kontzertuak ematen hasi zen. San Quentinen (Kalifornia, AEB) eman zuen lehena, 1958ko urtarrilaren 1ean. Lehen kontzertu horrekin batera, Folson Prisoneko espetxean (Kalifornia) emandako kontzertua da ezagunena.
1967. urtea amaitu zenean, Cashen ospea gain behera zegoen, droga arazo ugari izan zituelako. Hala, 1968ko urtarrilaren 13an, Folsomeko kartzelan kontzertu bat eman, eta grabatzea erabaki zuen. Badaezpada ere, bi emanaldi antolatu zituen Cashek, goizean eta eguerdian, dena ondo graba zedin. Kontzertuaren bezperan, espetxeko gotzainak preso batek idatzitako abesti bat erakutsi zion kantariari, eta hurrengo egunean abestien zerrendan sartu zuen. Hain zen handia gatibuek Cashi zioten mirespena, isil-isilik entzun zuten kontzertua. Kontzertu haien emaitza ezaguna da: historiako zuzeneko diskorik ospetsuenetako bat.
AEBetatik kanpo ere kartzeletatik kanpo kontzertuak eman zituen. 1972an, Suediako Osteraker kartzelan izan zen, eta beste zuzeneko disko bat grabatu zuen.
Elvis Presley rockaren erregeak ere badu loturarik kartzelarekin. Baina ez da benetakoa haren egonaldia, Presley ez delako inoiz egon kartzelan kontzertu bat ematen. Memphisen ehortzita dagoen kantari estatubatuarra Metro Goldwyn Mayer ekoizpen etxeak atondutako espetxean egon da bakarrik, Vince Everetten rolean, Jailhouse rock film ezagunean.
Kontzertu bereziak (I). Kartzelak
Dantza erritmoz beteriko ihesa
Munduko hainbat artistak egin dituzte kontzertuak kartzeletan. Euskal Herrian, ezagunena Imanol Larzabal kantariak Donostiako Martutene kartzelan emandako kontzertua da, 1985eko uztailaren 7koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu