Dantza balkoian, aldarriak plazan

Duguna dantza taldeko hiruk kidek bota dute txupinazoa: Itxaso Martinez de la Perak, Aritz Ibañezek eta Angel Aranak.

Ikurrin bat udaletxeko plazan, txupinazoan. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz - Jon Ordoñez Garmendia
2024ko uztailaren 6a
13:30
Entzun

Euskaraz hasi dira Iruñeko sanferminak. «Iruindarrok, pamplonesas, pamploneses: ¡Viva San Fermin! Gora San Fermin!». Horrela agurtu dituzte 2024ko festak Duguna dantza taldearen ordezkariek. Haiek izan dira txupinazoa jaurtitzearen arduradunak, taldearen 75. urteurrena dela eta. Itxaso Martinez de la Pera dantzaria, Angel Arana presidentea eta Aritz Ibañez dantza zuzendaria atera dira udaletxeko balkoira, taldearen urteurreneko elastiko zuriak jantzita. Haiekin batera, Joseba Asiron Iruñeko alkatea izan da, 2018az geroztik lehen aldiz, abenduan Cristina Ibarrolaren kontrako zentsura mozioak irabazi ostean.

Azken urteetan bezala, ikurrina udaletxeko balkoiko mastan ez, baina presente izan da udaletxeko plazan, beste hainbat bandera eta aldarrikapenekin batera. Txupinazorako ordu laurden falta zela hedatu dituzte ikur erraldoiak: Gora herria! lelodun ikurrinarekin batera, Nafarroako bandera, Palestinakoa eta euskal presoen aldeko pankarta ikus zitezkeen, jendetzaren erritmoan dantzan. Jarki antolakundeak zenbait bandera zabaldu ditu amnistiaren aldeko mezuekin, eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere pankarta erraldoia hedatu du, Sozialismoa eraiki leloarekin.

Festa, baina, ez da eguerdian hasi. Aurretik, berun koloreko hodeiek eta zerutik tarteka-marteka jausten ziren euri tantek ez dute hoztu festazaleen aldartea, eta goizean goizetik mahai ugari ikusten ahal ziren Alde Zaharreko karriketan, prest, kuadrillen hamarretakoak noiz zerbitzatuko. Tripa beteta eta zintzurra bustita, tropelean abiatu dira gehienak Udaletxe plazarantz. Askok plazaren inguruko karriketan gelditu behar izan dute, jendetzak ezinezko egiten baitzuen festaren erdiguneraino iristea. 10:30etik aurrera oso zaila izan da udaletxe ingurura gerturatzea, eta, txupinazoa botatzeko ordubeteren faltan, mugitzea ere ezinezko egiten zuen jende oldeak. Hala ere, ez dira gutxi izan 11:30ak pasatuta plazan sartzen saiatu direnak.

48 zauritu lehen orduetan

Sanferminak larunbatez hasteak ere izan du eraginik aurtengo txupinazoaren masifikazioan: ostegun iluntzetik turistaz eta inguruko herrietako festazalez lepo dago Iruñea, eta, askorentzat, asteburuko parrandaren segida izan da txupinazoa bera. Hori dela eta, Udaletxe plaza ez ezik, hiriko gainerako festaguneak ere leporaino beteak izan dira goiz osoan. Familiek eta gaztetxoenek, esaterako, nahiago izan dute Gazteluko plazako edo Foruen plazako pantaila erraldoien bidez ikusi suziriaren eztanda. Izan ere, aurten, berritasun gisara, Iruñeko Udalak auzoetan udal informazioa emateko dauzkan 37 pantaila digitaletan ere ikusi ahal izan da txupinazoa. Horiez gain, pantaila erraldoiak paratu dituzte festaren agertoki nagusietan. 514 ekitaldi izango dira sanferminetako egitarau ofizialean.

Alde Zaharrean pilatutako jendetzaren ondorioz, hainbat lagun artatu behar izan ditu Gurutze Gorriak festaren lehen orduetan. Zehazki, 48 pertsonari arreta eskaini die Gurutze Gorriak Udaletxe plazaren inguruan paratutako lau guneetan: bost zauritu artatu dituzte San Domingo kalean; bederatzi San Saturninoko elizaren atrioan; hamalau zauritu zenbatu dituzte Karlos III.aren etorbidean; eta hiru, berriz, udaletxeko ezkaratzean.

Asiron, «elkarbizitza» aldarri

Txupinazoaren osteko minutuetan, elkarrizketa egin diote Joseba Asiron alkateari ETB1 telebista katean. Asironek «elkarbizitzan» egin du azpimarra, eta adierazi du hori dela aurtengo sanferminen erronka nagusietako bat. Horrez gain, sexu erasoen aurkako estrategiaz ere mintzatu da: «Esan ohi dugu sanferminak direla munduko jairik onenak, eta hori horrela izan dadin, ezinbestekoa da edozeinek, emakumeek bereziki, aukera izatea kalean ibiltzeko lasai, festen edozein egunetan eta edozein ordutan. Pertsona guztiak libre eta seguru sentitzen direnean, orduantxe izanen dira sanferminak munduko jairik onenak».

Dugunako kideek txupinazoa bota ostean, Gainza biribilketaren doinuak hartu du udaletxeko plaza. Txistulari eta gaiteroen udal bandak eta Pamplonesa musika banda kalera atera dira, eta dantza artean hasi da jende uholdea inguruko karriketara ere hedatzen.

Txupinazo alternatiboak

Jendetsuena izanagatik, ordea, Udaletxe plazakoa ez da Iruñean uztailaren 6an jaurtitzen den txupinazo bakarra. Herri Sanferminek eta Oinez Txokoak ere suziri alternatibo banarekin agurtu dituzte festak, O plazan eta Takoneran, hurrenez hurren. Nafarroa Oinez-en gunean, Laba elkarteko kideek piztu dute metxa, txupinazo ofizialaren ordu berean. Elkarte horrek euskararen alde egiten duen lana omendu nahi izan dute Nafarroako ikastolen festaren arduradunek, aurtengo sanferminen euskarazko programazioari hasiera emateko.

Herri Sanferminak, berriz, O plazara itzuli dira aurten, Joseba Asiron alkatetzara itzultzearekin batera. 2019koak izan ziren normal ospatu ahal izan zituzten azken sanferminak: 2020an eta 2021ean ez zen festarik izan, COVID-19aren pandemiak behartuta; eta hurrengo urteetan, txosnak Alde Zaharrean paratzea galarazi zien UPNren udal gobernuak. Azken urteetako zorrak kitatzeko-edo, egitarau oparoa prestatu dute Herri Sanferminek aurten, eta horri hasiera emateko balio izan du gaurko txupinazo alternatiboak. Palestinaren aldeko bi ekintzailek jaurti dute suziria, Gazaren aldeko elkartasun mezua lau haizeetara zabalduz.

Presoen aldeko brindisa 

Alde Zaharraren beste muturrean ere, Karmen eta Redin kaleen arteko kantoian, aldarrikapen artean egin diote ongietorria festari. 13:00etan, euskal presoen aldeko urteroko brindisa egin dute Arrano tabernaren parean. Iaz dispertsioaren amaieragatik topa egin ostean, aurten etxeratzea aldarrikatu dute euskal preso, iheslari eta deportatuentzat. «Espetxeetako ateak gurutzatzeko garaia da. Iheslari zein deportatuek aireportuetako ateak gurutzatzeko garaia da. Gatazka luze eta gogor baten ondorio guztiei konponbidea emateko garaia», esan dute antolatzaileek. Presoen senideak ere gogoan izan dituzte, «zuzenean pairatu dituztelako urruntze politikaren ondorio zuzenak eta salbuespenezko neurrien sufrimendua». Salbuespenezko legedi hori bukatzeko deia egin dute, eta iragarri dute Euskal Herriko gainontzeko festetan ere eutsiko diotela aldarriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.