Mintzatzen hasten delarik, segidan ulertzen da dantzaria dela: eskuekin dantzan ari da, eta hitzekin musika egiten. Dantza klasikoa ikasi zuen Toursen (Frantzia) eta Parisen, eta, Euskal Herrira jin zelarik, bere jakintza Zuberoako dantzariei partekatu zien Catherine Artzanuturrik (Naoned, Bretainia, 1957). Dantzaria izateaz gain, koreografoa da orain dela 30 bat urtetik; aitortu du aspaldian utzi diola bere proiektuak zenbatzeari. Euskal dantzek eboluzio «ona» dutela uste badu ere, gaineratu du aldaketa ez dela «fiteegi» eta «nolanahika» egin behar.
Zein izan dira zure lehen urratsak dantzan?
Ttipidanik musikak anitz erakarri nau. Horrez gain, biziki mugitua nintzen, mugitzeko beharra nuen. Beraz, 11 urte nituelarik, Naonedetik Toursera joan ginen bizitzera, eta dantza klasikoa hasi nuen bertan. Ene erabakia izan zen. Segidan maitatu nuen. Urte bat berantago, Paris aldera bizitzera joan ginen, Rueil-Malmaisonera, eta Rueileko kontserbatorioan dantzatzen hasi nintzen, 12 urte nituela. Geroago, profesionalekin hasi nituen klaseak.
Dantza klasikoaren arloa zorrotza eta aski gogorra dela erran ohi da. Zuk nola bizi izan zenuen?
Kontserbatorioan nuen irakasleak feminitate kutsu bat zuen; goxotasuna ekartzen zuen. Eta, orokorrean, dantzaren giroak liluratzen ninduen, bagenuen pianista bat, zurezko zola, kolanta, tutuak... Ingurumen osoa maite nuen. Klaseetatik at, gauetan ganbaran gakotzen nintzen eta balleten musikak entzuten nituen.
Kontserbatorioa finitu eta gero, zer egin zenuen?
Kontserbatorioa egin eta gero, Youra Loboff eta Helene Varenova kurtsoetara sartu ziren. Errusiar jatorria zuten, eta dantza klasikoaren munduko erreferentziak izan ziren: Youra Loboff izarra zen, eta Helene Varenova dantzari nagusi izandakoazen.
Zer ikasi zenuen haiei esker?
Teknika, prefosta. Errusiarrek punta-puntako teknika dute. Baina teknika fisikoaz gain, teknika musikala ere irakatsi ziguten. Musika eta mugimenduaren arteko lotura erakutsi ziguten. Oso aberasgarria izan zitzaidan. Bospasei urtez aritu nintzen han.
Ikasketak Parisen egin zenituen. Dantza ikasi zenuen?
Ez. Kontabilitate ikasketak egin nituen. Egin nituen amak kontseilatu baitzidan ikasketak egitea dantzatik kanpo. Garai hartan, neskentzat ez zen aukera handirik; beraz, kontabilitatea ikasi nuen. Ez naiz sekula dantzari profesionala izan, erdi profesionala baizik. Beraz, dantzaz gain, beste lanbideak ukan ditut bizian zehar: idazkari, ekitaldi antolatzaile... Eta bistan da, hamar urtez ene haurrez arduratu nintzen.
80ko hamarkadaren hasieran, dantza eta Paris utzi zenituen, eta Euskal Herrira jin zinen, ezkontzera.
Dantza klasikoa goiz gelditu nuen. Maurice Bejarren konkurtso batean parte hartu nuen. Lehen selekzioak gainditu nituen. Bigarren selekziora lagun batekin joan nintzen, eta bidean bizikleta batek harrapatu zuen laguna. Ez zen deus larririk pasatu, baina selekzioa huts egin genuen. Hortik ere ene senarra ezagutu nuen, eta Barkoxera [Zuberoa] jin nintzen harekin bizitzera.
«Zuberoara iritsi nintzelarik, maskarada baten ikustera joan nintzen. Denak harritu ninduen: jantziek, musikak, pausoek... Musikak ninduen gehien harrapatu: disonantea iruditu zitzaidan. Usatua nintzen musika sinfoniko eta orkestratuei. Belarrietako mina egin zidan»
Zein izan zen lehen harremana euskal kulturarekin?
Zuberoara iritsi nintzelarik, maskarada baten ikustera joan nintzen. Denak harritu ninduen: jantziek, musikak, pausoek... Musikak ninduen gehien harrapatu: disonantea iruditu zitzaidan. Usatua nintzen musika sinfoniko eta orkestratuei. Belarrietako mina eman zidan. Eta gero esplikatu izan zitzaidan maskaradek zer irudikatzen zuten, pertsonaien erranahia... Dantza klasikoaren giroa gogorarazten zidan, pertsonaiak, rolak...
Hiru urte berantago, zuk ere maskarada batean parte hartu zenuen.
1984an maskarada izan zen Barkoxen. Andereren rola egin nuen; berez, beste norbaitek egin behar zuen, baina maleruski eritu zen. Ordezkatu nuen. Anitzek zioten ontsa zela, eta segitu behar nuela. Baina beste batzuek ez zuten begi onez ikusten; ez nintzen bertakoa, eta hiritarra eta paristarra nintzela zioten. Alta, jatorriz ni ere leku ttipi batekoa nintzen, ez paristarra. Baina ulertzen nituen. Azken maskaradarako ordezkatu nuen neska sendatu zen, eta berak zuen anderea egin.
Orduan hasi zinen euskal kulturan murgiltzen, ezta?
Hasi nituen euskal dantza kurtsoak Maulen, bizpahiru urtez. Oinarrizko dantzak ikasi nituen, Larrain dantza, Lantzeko zortzikoa, fandangoa, arin-arina... Geroago, irakaslea zauritu zen eta nik nuen erreleboa hartu. 90eko hamarkadan hasi nintzen Barkoxen dantza klaseak ematen. Hasieran aski konplikatua zen beste emazteekin harremana, ene buruzko aurreiritziak baitzituzten. Baina, azkenean, ongi ezagutu genuen elkar, eta harremana hobetu genuen. Konfiantza hartu, eta oso ontsa pasatu genuen.
Dantzaria izateaz gain, zure dantza propioak ere sortzen dituzu. Nolatan piztu zitzaizun sortzeko gogoa?
Haurra nintzenean, anitz aspertzen nintzen. Beraz, anitz pentsatzen nuen. Anitz marraztu dut, josten nuen, istorio anitz kontatzen nituen, gauza anitz asmatzen nituen. Banuen ene mundu propioa. Eta, beraz, lehen aldiz proposatu izan zaidalarik dantza bat asmatzea, segidan onartu nuen. 1998an, Barkoxen egin zen pastoralerako galdegin zidaten dantza bat sortzea. XVIII. mendeko dantza bat sortu behar nuen: pabanabat egin nuen.
Hortik aitzina, koreografo lanetan aritu zara. Ezin da zenbatu zenbat proiektutan parte hartu duzun. Dantza bat edo emanaldi bat sortzeko, zerk inspiratzen zaitu?
Gehien interesatzen zaidana musika da. Atzeman behar dut inspiratuko nauen musika. Pixka bat beldurtzen naiz norbaitek musikak proposatzen dizkidalarik. Musikak ez banau inspiratzen, anitzetan gertatzen zait ez zaidala ideiarik ateratzen. Oso garrantzitsua zait musika, biziki sentikorra naiz. Horregatik, ez dut sekula ideiarik errepikatzen egiten ditudan proiektuetan; musikak beti desberdinak dira. Beraz, ene ideiak ere bai.
Behin musika atzeman duzunean, zer pasatzen da?
Musika atzematen dudalarik, ebidentzia bat da. Musikak hitz egiten dit, eta musikan mugimenduak ikusten ditut: saltoak, airatze bat, itzuliak. Ez dakit nola esplikatu. Sentitzen ditut gauzak. Dantzaren kreazioa naturalki jiten zait.

Buruan sortu duzun ideia nola transmititzen diezu dantzariei?
Ene ikuspegia dut, bai, baina anitz galdegiten diet haiek ere badakizkiten gauzak ekartzea. Ez naiz zuberotar dantzaria, eta ez diet esplikatu nahi zuberotar dantzariei nik menderatzen ez dudana. Ez diet nik erakusten nola egin behar den pausa hau edo bestea. Buruan dudana esplikatzen diet, eta mugimendu hori duen pauso bat jartzea galdetzen diet. Teknikaz aparte, ekartzen saiatzen naizena da musikaren interpretazioa. Anitz esplikatzen diet musika, oso zorrotza naiz. «Musika entzun ezazue. Musikak hori kontatzen du. Zuen mugimenduak hori kontatu beharko du». Enetzat garrantzitsuena da mintzatzea. Anitz hitz egiten diet, anitz esplikatzen dut.
Ballet dantza zen zure berezko jarduera. Anitzetan entzuten da dantza zuberotarrak eta klasikoak antzekotasunak dituztela.
Bai, egia da. Horregatik, maskarada ikusi nuen lehen aldian harritua izan nintzen. Antzekotasunak baziren nik ezagutzen nuenarekin, baina desberdinki egina zen.
Adibidez?
Zuberotarrek frijatak deitzen dituzte dantza klasikoan entrechat-ak direnak; antzekoak dira, baina ez dira berdin egiten. Zuberotar dantzetan denbora azkarrak behean egiten dira; dantza klasikoan, ordea, goian egiten dira. Baina pausoetan antzekotasunak badira, bai. Interpretazioan ere oso desberdina da. Dantza klasikoan anitz-anitz interpretatzen dugu, baina euskal dantzetan ez. Gorputzaren enborra ez duzue mugitzen, zorrotz eta gogor egoten zarete.
Euskal Herrira iristearekin, zerbait berri ekarri diozu euskal dantzari?
Zuberoara iritsi nintzelarik, 80ko hamarkada zen. Hemen, zuberotar dantzak baizik ez ziren egiten, maskaradetan, pastoraletan... Biziki tradizionala zen, eta harro ziren; ez zuten baitezpada hori aldatzeko asmorik. Dantzak beti bilakaerak ukan ditu, baina uste dut 90eko hamarkadan aldaketa handia izan zela Zuberoan. Dantza anitz demokratizatu da, eta orokortu da; bai Zuberoan, baina baita Euskal Herri osoan ere. Hortik aitzina erranen nuke gero eta eskaintza gehiago proposatuak izan zaizkiela dantzariei.
Eta uste duzu zuk aldaketa horretan parte hartu duzula?
Hein batean, uste dut baietz. Erranen nuke nik ekarri nuena berria izan zela. Ezagutzen eta menderatzen nuena transmititu diet, eta gauza berriak ikusi ahal izan zituzten. Badakit batzuetan proposamen ausartekin jin izan naizela, ene ideia zorrotzekin eta musika klasikoekin, baina uste dut interesgarria izan zaiela. Eta, azkenean, horregatik enegana etorri dira emanaldiak sortzeko, gauza berriak ekartzeko gai nintzelako.
«Kasualitatez iritsi nintzen Zuberoara, senarrarekin ezkontzeko, eta beste mundu bat ezagutu dut. Parisen egon banintz, ez dut uste halako ibilbide aberasgarria ukanen nuenik. Nik gauza batzuk ekarri dizkiedan bezala, zuberotarrek anitz ekarri didate»
Horren harira, badira gero eta dantza proiektu gehiago, handiagoak, dantza estilo nahasketekin, eta abar. Zer iruditzen zaizu bilakaera hori?
Pozten naiz; dantzak bilakaera ona duela uste dut. Baina kasu egin behar da bilakaera ez dadin gertatu sobera fite eta nolanahi. Ez dira etapak saltatu behar. Oinarrizko jakintzak ongi menderatu behar dira gauza berriak egin baino lehen. Ontsa da bikaintasunera hurbildu nahi izatea, baina ez da horretan galdu behar. Arte munduan, beti gehiago eta hobeki egin nahi da. Seinale ona da, erran nahi baitu gogoa badela; baina kasu eman behar da, ez dugu ito behar. Gazteei, dantza emanaldi bat ikustera doazelarik, gogoa eman behar zaie, eta ez beldurtu, ez dute pentsatu behar ez direla gai. Eta, halako batean, hainbesteraino iritsiko gara, non, agian, ezin izanen dugun gehiago eta hobeki egin, eta domaia litzateke. Denei lekua utzi behar zaie, eta ez bakarrik onenei.
11 urte zenituela dantza hasi zenuelarik, horrelako ibilbidea ukanen zenuela uste zenuen?
Batere ez. Azken hamarkadetan bizi izan dudana ez nuen batere espero. Kasualitatez iritsi nintzen Zuberoara, senarrarekin ezkontzeko, eta beste mundu bat ezagutu nuen. Parisen egon banintz, ez dut uste halako ibilbide aberasgarria ukanen nuenik. Nik gauza batzuk ekarri dizkiedan bezala, zuberotarrek anitz ekarri didate. Biziki sortzaileak dira, asmamen handikoak. Paristarrak aktore jaioak direla erraten da, eta nik erranen nuke zuberotarrak dantzari eta kantari jaioak direla. Horrez gain, hasi nuelarik, ez nuen uste 65 urterekin oraindik horretan izanen nintzenik. Normalean, dantzariek goiz bukatzen dute dantzan; baditut Parisko lagun batzuk 35 urterekin erretreta hartu zutenak. Hemen izateari esker, luzaz segitu ahal izan dut, eta segituko dut.
Zein izan dira zure azken proiektuak? Eta heldu diren urteei begira, nola ikusten duzu zeure burua?
Egin dudan azken proiektua Berritza elkarteak eraman duen Maxka'roa emanaldia izan zen. Ez naiz koreografoa izan, Eneko Gil aritu zen horretan, baina nik ditut dantzariak trebatu. Talde biziki ona eta goxoa da. Interesatzen zaidan proiektu bat proposatuko balidate, gogotik eginen nuke. Orain, adinarekin, ez dut buruhauste handiegirik nahi. Ez dut lanean itoa izan nahi.