Danborren hotsa berriz nagusitu da

Formatu bereziarekin egin dute Donostiako aurtengo haur danborrada. Desfile bakarraren ordez, hiriko bost auzotan aritu dira danborrariak. Atera ohi diren umeen %63 atera dira aurten, kilometro eta erdi inguruko ibilbideak danbor erritmoan egiteko.

Erdialdeko desfilea. Bretxatik irten da Erdialdeko danborrada. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

Normaltasun grinaz beterik esnatu da Donostiako Bulebarra. Maskarek desfilatzeko gertu dauden konpartsetako haurren urduritasun bisaiak estaliagatik ere, gutxi batzuek ezin izan dute beren poza ostendu, euripean salto eta algara eginez; haurrak eurak ere jakitun dira San Sebastian eguna zita berezi askoa dela donostiarrentzat eta, bereziki, hiriko hainbat eskolatako ikasleentzat.

[YouTube]https://youtu.be/H48U3tojEsM[/YouTube]

«Danborradaren aldirik arraroena». Horrela bataiatu du Maria Agirrek, iloba Mundaiz ikastetxearen formazioko lerroetan tente ikusten ari dela. Agirrek eta beste hainbat ikuslek ahotan duten zapore arraroaren kausa pandemia urtean egin den haur danborradaren formatu desberdinak sortua da. Izan ere, Donostiako Udalak, urteroko tradizioari eutsi nahian, haur danborradaren berrinterpretazioa egin du, eta desfileak hiriko bost auzotan banatuta egin zuten atzo haurren danborrada.

Bulebarrean hasi eta bukatu den Erdialdeko desfileaz gain, Amarakoa, Grosekoa, Bidebietakoa eta Antiguakoa ere egin dituzte; haietako bakoitzean, inguruko bospasei eskolatako ikaslez osatutako taldeek kilometro eta erdiko zirkuitua egin dute, guztiak 12:00etan hasita.

Patuak gaztetxoenen alde egingo balu bezala, eguraldiak su-etena sinatu du soldaduz, sukaldariz eta bestelakoez jantzitako danborrariekin, eta, zirimiria egiteari utzi dionean, Orixe ikastolako Lorea Arriet danbor nagusiaren eta bere laguntzaileen danbor nahiz makila hotsak jendez lepo dagoen Bulebarreko etorbidea hartu du. Usadioari jarraikiz, danborrada San Sebastian martxa-rekin abiatu dute, eta, ondoren, ohikoak diren gainontzeko doinuak jo dituzte, hala nola Erretreta, Tatiago, Diana, Iriyarena, eta abar.

Erdialdeko desfilean parte hartu dute Aldapeta Maria ikastetxeak, Deutche Schule San Alberto Magnok, Jesuitinas ikastetxeak, Mundaiz ikastetxeak eta Orixe ikastolak; horiek ez ezik, Gaztelubide elkarteko Gaztelubide Txiki taldeak ere desfilatu du, ohorezko gonbidatu gisa. Orixekoek ireki dute, hain zuzen, Bulebarretik Hernani, Loiola eta Arrasate kaleetara zuzendu den danborrari taldea.

Aurtengo haur danborradan ohikoa baino danbor-jotzaile gutxiago izan dira, pandemia egoerak baldintzaturik; beste aldi batzuetan atera izan diren umeen %63 izan dira aurten, eta Donostiako Udala danborrarien banaketa «ahalik eta orekatuena» egiten saiatu da, Jon Insausti kultura zinegotziak azaldu gisa. Erdialdeko desfilean, 790 parte hartzaile izan dira. Gainontzeko auzoetako desfileei dagokienez, lasaixeago bizi izan dituzte, hiri erdialdeak izaten duen jendetzatik aldenduago. Grosekoan, 550 danborrarik 1.600 metroko ibilbidea egin dute, Nafarroa hiribidean hasi eta amaituta.

Iaz Donostiako danborradako ekitaldi oro bertan behera utzi zituzten, baina aurtengoak gogoa eta esperantza ekarri die herritarrei, eta grina hori ikusleen begiradetan sumatu da, umeak desfilatzen ikustean. Tartean, izan da perkusio hotsaren nondik norakoa ulertu ez duen kuxkuxeroren bat edo beste, surfeko taula besapean eta ortozik, umeen jantzi «deigarriei» so. Antigua auzoan, txaranga batek alaitu du danborrarien iritsiera, eta ikusleek festa giro bete-betean agurtu dituzte herri danborradako protagonistak.

13:30 aldera, danborrak isildu, eta ohiko isiltasunak eta eguneroko erritmoak hartu ditu hiriko kaleak, hurrengo urtera arte. Zurriola hiribidea danborrari disidentez eta harrotasun aurpegidun gurasoz bete da bat-batean, eta Donostiak agur esan dio haur danborradaren aldirik arraroena izan daitekeenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.