Abestiari kasu eginez, Donostia bakarra izango da munduan akaso, baina han ospatzen den danborradaren gisakoak beste txoko askotan antolatzen dituzte. Baita Euskal Herritik kanpo ere. Horren lekuko, larunbatean Tamperen (Finlandia) atzera eta aurrera sukaldari jantzita ibili ziren ehunka lagunak. Izan ere, 2013az geroztik, uda guztietan ospatzen dute Tamperrada, hiriko gastronomia bultzatzeko ekitaldi erraldoia, Donostiako ohiturak eta euskal pintxoak eredutzat hartuta. Asteburuko jaiaren ondoren, abian jarri dute pintxo lehiaketa, eta ostegunera arte, prezio merkean dastatu ahal izango dira Tampereko hogei jatetxetan.
Tamperrada, funtsean, gastronomiaren inguruko ekitaldi multzoa da, Tampereko ostalaritzaren eskaintza aberastu eta Finlandiako hiriburu gastronomikoaren irudia bultzatzeko. Pirkanmaan Keittiomestaryhdistys, alegia, Tampere eskualdeko sukaldarien elkartea, arduratzen da antolakuntzaz, beste erakunde batzuekin elkarlanean. Donostia da haien eredua, bereziki pintxoak jateko ohitura eta San Sebastian eguneko danborrada. Gastronomiaren ospakizun perfektutzat jotzen dute haiek Donostiakoa, festa kontzeptuaren une gorentzat. Finlandiako klima aintzat hartuta halako ekitaldi bat urtarrilean antolatzea desegokia denez, abuztuan izaten da Tamperrada; aurten hirugarrenez.
Pintxo lehiaketa
Mikko Reinikka, Tamperradaren sortzaileetako bat, zazpi aldiz izan da danborrada ikusten, urtero egiten baitu osteratxoa Donostiara. «Lehenengo aldiz hura ikusi nuenean, pentsatu nuen halako zerbait Tamperera eraman behar genuela», azaldu du. Izen aproposa ere berehala aurkitu zutela dio, «Tamperrada izenarekin Tampere eta danborrada kontzeptuak erraz uztartzen dira eta belarrira ondo jotzen du».
Tamperrada bi zati nagusitan banatu da aurten. Larunbatean, ekitaldi nagusia egin zuten, Tampere erdialdeko merkatuan. 500 lagun inguru bildu ziren, haietako asko sukaldari jantzia soinean, San Sebastian egunean baleude bezala. Hori bai, parte hartzaileak pintxoak jaten aritu ziren gehienbat, danborrak alde batera utzita. Sarriegiren Martxa bozgorailuetatik entzun zen, halere. Sarrera ordaintzearen truke, 16na pintxo eta launa kopa ardo dastatu ahal izan ziren. Sagardoa, pernila eta beste zenbait jaki ere eskaini zituzten.
Ekitaldiaren bigarren zatia, Pintxokilpailu edo pintxo lehiaketa, atzo hasi zen. Ostegunera arte, Tampereko hogei jatetxe lehian ari dira, mokadurik onena nork prestatuko. Onuradun nagusiak herritarrak dira, pintxo bakoitza bi euroan jan baitezakete. Hori Finlandian prezio merkea da, zinez. Guztira, 13.000 pintxo inguru prestatuko dituzte. Bakailaoa pil-pil erara, gildak, euskal errezeta tradizionalak nahiz euskal gastronomiarekin zerikusi gutxi duten osagaiak aurki daitezke pintxoetan.
Hiria dinamizatzeko tresna eraginkorra da Tamperrada, Toni Leskinen sukaldariaren ustez: «Ohi baino jende gehiago joaten da jatetxeetara; interesa badago, eta zeresana eragiten du Tamperradak». Leskinen antolatzaileetako bat da eta larunbateko ospakizunean eskaini ziren pintxoetako batzuen egilea. Pozik da ekitaldia hartzen ari den indarraz, hogei jatetxek parte hartzen baitute aurten, iazko dozena bat tabernaren aldean.
Hitzordu nagusietakoa
Berrikuntza ere badakar Tamperradak Finlandiako gastronomiarentzat. «Hemengo produktu tipikoak barazkiak, aranak eta patatak dira, udan azkar ekoitzi eta negu luzeari eusteko gai direnak; gure sukaldaritza ez da oso aberatsa», dio Leskinenek. «Gastronomian hasiberriak gara; badugu zer ikasia». Donostiako danborradako giro gastronomikoa eredugarritzat jo du eta Tampereko herritarrei hura ezagutarazteko ahaleginean dabiltzala ziurtatu du.
Biztanle kopuruan, Finlandiako hirugarrena da Tampere, industriaren indarrari esker. Esate baterako, Nokia enpresa ezagunaren egoitza nagusia hirigunetik kilometro gutxira dago. Negu ilun eta luzeko elurra urtzen denean, bizitasun handiko hiri bihurtzen da, kultur eskaintza aberatsarekin. 2013tik, Tamperrada da udako ekitaldi nagusietako bat eta badirudi hala izango dela aurrerantzean ere. Mikko Reinikka, behintzat, baikor da etorkizunera begira, «urtetik urtera gero eta pintxo gehiago prestatzen ditugu eta gero eta jatetxe gehiago batzen zaizkigu». Donostia eredu, herrialdeko gastronomiaren erdigune izatea lortu dute.
Danborradaren zaporea Finlandian
Donostiako San Sebastian eguneko ospakizunetan eta euskal gastronomian oinarritzen da Tampere hiri finlandiarreko Tamperrada jaialdia; 500 lagun bildu ziren larunbateko ekitaldian. Hiriko sukaldaritza bultzatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu