ATZEKOZ AURRERA. Sylvia Marcos. Irakaslea eta herri indigenen borrokaren aldeko aktibista

«Dagokiena eskatzen dute beti emakume zapatistek»

Maiz aitortu izan du Marcosek zapatismoarekin liluratuta dagoela; txundituta, zapatisten pentsatzeko moduekin eta jarduteko erekin. Haiengandik zer ikasia baduela munduak dio.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Donostia
2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bizitzeko modu bat, pentsatzeko era bat, mundua ikusteko begirada bat da zapatismoa Sylvia Marcosentzat (Puebla, Mexiko, 1943). Psikologian eta Soziologian doktore da, unibertsitate irakaslea eta ikertzailea. Herri indigenen borrokaren aldeko ekintzailea ere bada. Liluratuta dago mugimendu zapatistarekin, eta goraipatu egiten du emakume zapatistek egiten duten lana. Haien borroka eredugarria dela dio.

Mexikotik etorri berria da, hitzaldi sorta egitera; Zapatismoaren ekarpenak borroka feministara: begirada dekolonial bat izeneko hitzaldia. Bihar, Gernikan (Bizkaia), Astran egingo du solasaldia.

Zapatismoarekin maiteminduta zaudela aitortu duzu askotan. Zergatik?

Arrazoi ugari ditut, maiteminduta egoteko: politika egiteko modu berri bat eraikitzen duen mugimendua delako, zeina Maien filosofian eta kolektibitatean oinarrituta dagoen; adostasunean oinarrituta hartzen dituztelako erabakiak eta gobernatzen dutelako; emakumeek presentzia handia dutelako eta mugimenduan sartzen direlako agintean egoteko eta gizonen ondoan autonomia ereduak birsortzeko; indarkeria erabili gabe eta estrategia berrietan oinarrituta, erresistentziarako eta errebeldiarako eredu berriak sortzen asmatu dutelako... Beste hainbat eta hainbat arrazoi aipa nitzake. Nire hitzaldia entzutera etorri beharra dago.

Emakume zapatistak eredu direla ere esan izan duzu maiz.

Eta hala dira. Ez dute sekula aukerarik galtzen euren eskubideak aldarrikatzeko; dagokiena eskatzen dute beti. Eta, bitartean, gizonezkoekin batera, defentsa erresistentzia eta errebeldiako lan kolektiboak egiten jarraitzen dute. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko eredu zaharrak gainditzen ikasi behar da haiengandik.

Munduko beste herrialdeek badute zer ikasia...

Ez dut dudarik egiten. Baina ez zapatisten egiteko modu berberak kopiatuz, baizik eta egoera bakoitzean egokien diren moduak sortuz eta asmatuz; zapatismoaren injustiziari eta esplotazioari aurre egiteko modu berritzaileak oinarri hartuta.

1993an, Emakumeen Lege Iraultzailea sortu zuten zapatistek. Emakumeentzako hamar lege edo eskubide biltzen dira legean. Antzeko legerik Euskal Herrian izango balitz...

Itzela litzateke lortuko balitz! Lege batek dena konpontzen ez duen arren. Egun, inpunitatea da Mexikoko ikurra. Egunero-egunero, lege hori betetzen den edo ez ikusten aritu behar da. Emakume zapatistek orain arte egin dute, eta egiten jarraitzen dute. Nire artikulua irakurtzea gomendatzen dut: Actualidad y cotidianidad: la ley revolucionaria de mujeres indígenas zapatistas 20 años después [Gaurkotasuna eta egunerokotasuna: emakume indigena zapatisten lege iraultzailea, 20 urte geroago].

Zer ekarpen egin diezaiokete emakume zapatistek munduko beste emakumeen borrokari?

Ekarpen asko egin ditzakete. Emakumezkoz eta gizonezkoz osatutako kolektibo baten barruan «feminista» izateko modua da horietako bat. Ez da erraza. Nola egiten duten ikusi behar da, harmoniaz eta oreka mantenduz.

Beste mundu bat posible dela uste al duzu?

Haien egiteko moduarekin posible dela erakutsi didate eta konbentzitu naute gizon eta emakume zapatistek.

Eta beste modu batera goberna daitekeela uste duzu?

Gauza bera erantzun nezake, ia-ia. Euren autonomian nola gobernatzen duten ikusi, aztertu eta ulertu behar da.

Lorpen horiek guztiak eskuratzeko, emakumezkoek zein gizonezkoek batera borroka egitea ezinbestekoa dela diozu.

Eta hala da. Horixe da, hain zuzen, zapatistek erakusten digutena.

Kolektibitatean sinesten duzu? Hori dela bidea uste duzu?

Hondamenditik, Lur planetaren higatzetik eta esplotazio masibotik irteteko beste modu edo biderik ez dela geratzen uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.