30 ordu behar dira hamalau hilabetean Israelek hil dituen haur palestinarrak zerrendatzeko. Ahots goraz leitzeko erasoaldietan, oinazeak jota edo elikagai eskasiagatik hil diren adingabeen izen-abizenak eta haien adina. Izan ere, 18.000tik gora dira jadanik. Zehatzago: Nafarroako BDZ kolektiboak eta Yala plataformak emandako informazioaren arabera, 18.072 biktima zituzten zenbatuak atzoko. Eta horiek 16 urtetik beherako biktimak baizik ez dira, «eta, egiazki, segurua da gehiago direla», erantsi du BDZko Iker Palaciok. Haur eta gazte horiek guztiak ekarri nahi dituzte gogora asteburuon Iruñean, gaur hasi eta bihar bukatuko den irakurketa kolektibo batean. Eguerditik aitzina, banan-banan ari dira irakurtzen hildakoen izen-abizenak eta bakoitzaren adina.
Baluarte antzokiaren parean egin dute egitasmoa —Konstituzio plazan—, eta, irakurketa kolektiboaz gain, propio haurrentzako bestelako jarduerak ere antolatu dituzte aurretik. Batetik, marrazketa tailerra izan dute plazan bertan: zolan jarritako bi olana zuritan margotuz zein mahai batzuetan paratutako marrazkiak koloreztatuz jostatu ahal izan dira umeak —Palestinari eskainitako irudiak bistaratu dira nonahi—. Bestetik, ipuin kontalaria ere izan da plazan.

«Hemengo nork maite ditu ipuinak?», bota du galdera bere burua Cris gisara aurkeztu duen kontalariak. Eta, lotsati, baina dozena bat haurrek altxatu dituzte eskuak, baietz erantzuteko. Ordurako erne-erne ziren haren inguruan, zirkulu erdi bat osatua dutela, eta, hortaz, hasi da ipuina: Amani izeneko ume bati buruzkoa da, eta, kontalariaren arabera, Gazako auzo batean bizi da Amani. «Gaza non den badakizue?», egin du bigarren galdera derrepentean Crisek, eta ziztuan erantzun dute umeek: «Bai! Bai!». Irmo esan dute hori; itxuraz, ederki dakite Gaza non den, baita hari buruzko gauza gehiago ere.
Izan ere, Crisen arabera, Amanik, etxean zelarik, zarata bortitz ugari aditu zituen, eta auzotik alde egin behar izan zuen ihesi familiarekin. Crisen hirugarren galdera: «Zer ziren zarata horiek, badakizue?». «Bai, bonbak», erantzun du mutiko batek, ahotsa apal. Bistan da: non den bakarrik ez, Gaza nola dagoen ere badakite umeek.
Hirurehun ahots
Eguerdia hurbiltzen hasia dela, egitasmoaren antolatzaileak buru-belarri dabiltza azken ordukoak prestatzen. Besteak beste, txandak ongi antolatuta izan daitezela da gakoetako bat; izan ere, BDZko Elisa Huartek esplikatu duenez, 250-300 pertsona inguru igaroko dira bertatik irakurketan parte hartzeko; norbanakoek zein mugimendu edo elkarteek eman dute izena, eta aurrez izenik eman gabe ere badago parte hartzea. Ilaran jarri, txanda ailegatzean mikrofonora hurbildu, eta biktima baten edo gehiagoren datuak leitzea; hori da egin beharrekoa.
Gainera, bertaratu ezinen diren askok bideo bidez hartu dute parte, eta, beraz, tarteka, grabazioen bitartez ere plazaratuko dituzte hildako adingabeen izenak. Huarteren arabera, zenbait pertsona famaturen ekarpenak jaso dituzte tarte horietarako: hala nola Fermin Muguruzarena, Joxe Mari Agirretxerena eta Julia Itoiz Chula Potra-rena.
Erlojuak jo ditu hamabiak. Ekin diote irakurketari. Eta, bozgorailuek lagunduta, airean zabaldu dira, errenkadan, hildako haurren izen-abizenak eta haietako bakoitzaren adina. Inguruan, isiltasun pisu bat da nagusi. Lehenbiziko irakurlearen arabera, haurretako batek «zero urte» zituen hil zutenean; beste batek, 3 urte; beste batek, 5; beste batek, 14; beste batek, urtebete. «Identifikatu gabeko umeak» ere aipatu dituzte hainbat alditan, hitzez hitz, nahiz eta haiei ezin izan dieten jarri ez izenik ez eta adinik ere. Baina guztiak ekarri dituzte gogora, oroitarazteko dagoeneko ez direla bizirik. 30 ordu beharko dituzte.
