Telesailaren tolesak eta puntadak bertatik bertara ezagutzeko eman zuen izena Ana Ines de la Rosa estilista eta irudi aholkulariak (San Miguel, Argentina, 1987) Cristobal Balenciaga-n. Figurante gisa aritu da gaur estreinatuko duten telesailean. Era berean, moda jasangarria gizartera ehuntzeko lanean dihardu, Maodonostia dendan.
Zer estilotakoa da arropa Balenciaga-n?
Arropa garai hartakoa da: vintage arropa. Telesailean, onena da arropa asko berrerabiltzen dela, eta, horri esker, aspaldiko garai haiek antzeratu daitezkeela. Moda munduarekin zerikusia zuenez, hemengo agentzia bateko casting batean izena eman nuen. Aukera sortu zitzaidan, eta izugarri gustatu zait parte hartzea.
Jasangarritasunaren betaurrekoak jantzita izan dituzu telesailean ere?
Hori izan da gustatu zaidan gauzetako bat, bai. Asko egin ohi dute hori antzerkian eta zineman: ekoizpen jakin baterako arropa mota bat erabiltzen da, eta, gero, hori berrerabili edo saldu egiten dute. Kasu honetan, askoz ere nabarmenagoa izan da, iraganeko garai batean girotua delako.
Zure dendaren filosofiarekin bat dator, beraz. Nolatan sortu zenuen Maodonostia?
Aplikazioen bidez hasi nintzen nire arropa saltzen, eta ohartu nintzen arrakasta handia zuela. Argentinatik nator, eta, birziklatzeari hemen ematen zaion garrantzia ikusita, hasi nintzen nire bizitzan integratzen.
Eta modara eraman zenuen balio hori?
Moda industriaren atzean dagoen esplotazioaz informatzen hasi nintzen; botatzen den arropaz, bilduma berriak saltzeko errausten diren jantziez... Oso gutxi berrerabiltzen da modaren industrian. Sortutakoaren %80 erre egiten da.
Jendea konturatzen al da horretaz?
Uste dut jendea kontzientzia hartzen ari dela, baina oso geldo doala. Marka jasangarriek ere ehun organikoekin lan egiten dute, baina ur asko erabiltzen dute jantzi horiek sortzeko. Beraz, dagoeneko eginda dagoen hura da arroparik jasangarriena. Baina geldo doa aldaketa, Inditex eta halako moda lasterreko markek ez diotelako ekoizteari uzten.
Eta ekoizpena gelditu ezean, alferrik?
Hori da arazoa: ekoiztearen ondorioz, jendeak erruz kontsumitzen eta erosten jarraitzen du. Eta hedabideek ere ez dute laguntzen; alde batetik, esaten dizute jasangarria eta berdea izan behar duzula, eta, bestetik, moda lasterreko markek 54 bilduma ateratzen dituzte urtero, lehen bi edo lau izaten zirenean.
Aholkularia zara. Jende asko joaten al zaizu dendara aholku eske?
Jendeak ez du askorik eskatzen, esan bezala, bulkadaz erosten duelako. Baina irudi aholkulari gisa aurkeztuta, lortu dut jendeak kontzientzia handiagoa hartzea bakoitzak estilo bat daukala, kolore batzuek mesede egiten dutela eta beste batzuek ez... Jende asko ez da ausartzen gauza jakin batzuk janztera, adinagatik, erosotasunagatik edo jendeak esango duenaren beldurragatik. Arropak komunikatu egiten du, eta lan eskaintza batera aurkezteko orduan, edo lagunekin irtetean, segurtasuna ematen du «hemen nator ni» esateko.
Zinemaldian parte hartu duen jendea bigarren eskuko arroparekin jantzi duzu.
Sare sozialetan indar handia jarri dut erakusteko luxuzko hotel batera joan zaitezkeela, edo zinema jaialdi batera, soinean bigarren eskuko arropa jantzita. Zinemaldikoa da horren adibidea. Bigarren eskuko arropa beste maila batera eraman nahi dut, klase sozial guztietakoek erabili ahal izateko. Erakutsi nahi dut modak kulturarekin zerikusia duela, eta birziklatzeak ere bai.
Arropak eraldatzen ere aritzen zara. Nola?
Bigarren eskukoak diren arropak diseinatzen ditut, eta balio erantsi gisa zerbait aldatzen diot, paparreko orratz birziklatu bat jartzen diot, belarritako birziklatu batzuk... Arrakasta handia izan duen bilduma bat sortu nuen, eta desfile bat egin nuen Room Mate Gorka hotelean [Donostian]. Desfile horren bitartez aurkezten dut nire bilduma. Hirian bigarren eskuko arropari ikusgarritasuna ematen dion ikuskizun bat da.
Denda Parte Zaharrera lekualdatuta, bide beretik jarraitu nahi duzu?
Oraindik ez dut lortu lokal finko bat, baina lekualdatzea aprobetxatzen ari naiz proiektua berregituratzeko eta gauza gehiago sortzeko. Parte Zaharrean izatea nahi dut, eta uda baino lehen. Jarraitzeko gogotsu nago, denbora gutxian asko aurreratu baitut.
LOTSABAKO
Telesaileko pertsonaiarik eleganteena?
Balentziaga bera [Alberto San Juan].Zuri mesede egiten dizun kolore bat?
Pistatxoa.Arropak eraldatzeko objektu bat?
Paparreko zaharrak eta belarritakoak.