EHUko Arkitektura irakaslea

Iñigo Garcia: «Dagoeneko arkitekto gutxik darabilte eskailera elementu zentral gisa»

Araudiak eskaileraren funtzioetako asko ezabatu izana txarretsi du Garciak: adibidez, topaleku funtzioa. Eraikin garaikide askotan eskailera baztertuta geratu dela nabarmendu du.

Iñigo Garcia EHUko Arkitektura irakaslea Donostian, joan den abenduan. EHU
Iñigo Garcia EHUko Arkitektura irakaslea Donostian, joan den abenduan. EHU
amaia igartua aristondo
2025eko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

Eskailera ez da izan munta txikiko elementua. Badira ikonikoak bihurtu direnak pelikula klasikoetan agertu direlako, eta badira jomuga saihetsezin direnak ibilbide turistikoetan. Arkitektura garaikidean, ordea, bazter utzia dagoela uste du Iñigo Garcia EHUko Arkitektura irakasleak (Bilbo, 1977). Erroman dagoen Espainiako Errege Akademiaren beketako bat lortu du, eta ekainaren 30era arte egongo da han, hiriko eskaileretan oinarritutako proiektu bat garatzeko. Leku ezin aproposagoa, irakasleak nabarmendu duenez. «Erromaren historia dela eta, gainontzeko hiriek berdindu ezin dezaketen eskailera bilduma dauka».

Arkitektura klasikoa al da abiapuntua?

Erromako eskaileren azterketa bat planteatu dut. Erroman, beste hiri askotan ez bezala, geruza historiko mordo bat dago metatuta: etruskoen garaia, Inperioa, Errenazimentu eta Barroko klasikoak —aitasantutzaren botere politiko eta ekonomikoaren eskutik jaio zirenak—, Neoklasikoa eta baita Mugimendu Modernoa ere. Eskailera horiek sailkatzea da asmoa. Batzuk geometriarekin eta matematikarekin lotuta daude; beste batzuek, berriz, historiarekin dute harremana, edo espiritualtasunarekin eta sentimendu erlijiosoekin.

Adibidez?

Eskailera Santua dago, non, ustez, [Pontzio] Pilatok Jesus epaitu zuen. Konstantino enperadorearen amak Jerusalemen desmuntatu eta Erromara ekarri zuen. Haren inguruan eliza bat sortu zuten. Eskailera boterearen sinboloa ere izan da, jendearen gainetik ipintzeko balio izan baitu: adibidez, Augusto enperadoreak eraikitako aldare bat da Ara Pacis, baina, funtsean, eskailera bat da. Geruza horietatik guztietatik abiatuta, birpentsatu egin nahi dut arkitektura garaikidean eskailerak izan duen rola, kontuan izanda dagoeneko arkitekto gutxik erabiltzen dutela elementu inportante eta zentral gisa.

Zergatik?

Funtsean, bi arrazoirengatik. Bat: mundu askoz merkantilistago batean bizi garelako, non metro karratuaren kostuak galarazi egiten dituen joko formalak. Eta bi: eskailerak izaera erabat matematikoa duelako. Segurtasun, erabilera eta sute kontuei dagokienez bete beharreko gaur egungo araudiak alegaltzat joko lituzke nik aztertuko ditudan eskailerak.

Araudia aintzat hartuta, diseinatzeko zer tarte du egungo arkitekto batek?

Oso tarte txikia. Araudia ikuspuntu murriztaile batean oinarrituta dago. Suteen kontrako araudiak, bereziki, ezabatu egin du topagune diren eskailera zabalak egiteko aukera, eta beste eskailera batzuk sortzera behartu du, ezkutuak edo baztertuak; eta, beraz, bikoizketak eta gainesfortzua eragin ditu. Baina Erdi Aroko, Errenazimentuko, Barrokoko eta abarretako eskailera horiek oraindik ere erabiltzen dira, eta ez dirudi arauen zorroztasuna justifikatuko luketen arazoak sortzen dituztenik.

Gaur egun, eskailerak funtzio praktikoa baino ez du, eta galdu egin ditu gainerako funtzioak?

Bai, bai. Galdu egin du topaleku funtzioa, bizilagunen topaleku izatearena, adibidez. Edo zer esan antzoki baten eskailera nagusiaz, non kasik beste antzezlan bat sortzen den: jendea jantzita eta atonduta doa elkar topatzeko, agurtzeko. Eraikin garaikide gutxitan gertatzen da hori: adibidez, Donostiako Kursaalak [Rafael Moneok diseinatua] eskailera zoragarria du, publikoak han jasotzen ditu aktoreak, han txalotzen dituzte Donostia saridunak... Gainontzeko eraikin publiko batzuetan kosta egiten zaigu eskailera topatzea. Osasun kontua ere bada: igogailua ikusten dugu aurrena, eta eskailera ezkutatuta egoten da.

«Eraikin publikoetan ahalegintzen dira kalea —esparru publiko nagusia— barrura eramaten. Eta eskailera da hori egiteko gai den elementu bakarra»

Augustoren eskaileran edo Kursaalekoan, esan duzunez, eskailerek goratzeko ere balio dute. Oraingo irizpideek nola eragin diote bertikaltasun horri?

Adibidez, Euskal Herrian badaude bi eraikin oso enblematiko, Bilboko Guggenheim eta Arantzazuko (Gipuzkoa) basilika; izan ere, bi eraikin horietara sartzeko eskailerak jaitsi behar dira. Normalean, kontrakoa gertatzen da: eskailerak podium bat sortzen du. Bertikaltasuna konpontzeko gai izan diren elementu bakarrak eskailerak eta aldatsak dira. Praktika garaikidean, elementu horien ordez eskailera mekanikoak eta igogailuak jarri dituzte; pertsonei batetik bestera joateko modua ematen diete, baina galarazi egiten dute gelditu ahal izatea hitz egiteko, topatzeko.

Esparru publikoan dauden eskailerekin ere antzekoa gertatu da? Izan ere, eskailera bereziak dira, okupatzen duten lekuagatik, ikusgaitasunagatik...

Eraikinetako eskaileren arazo berberak dituzte, baina anplifikatuak. Euskal Herriko herrietan topografia oso konplikatua dago, eta antzinako eredua pentsatuta dago egoera fisiko onean dauden herritarrentzat, gazteentzat... Eskailerak esfortzu fisikoa eskatzen du, eta arazoa izan daiteke mugikortasun mugatua dutenentzat, erosketekin doazenentzat... Bestalde, kurioski, Erromako epizentro turistikoetako bat Espainia plazako Trinitateko eskailera da.

Posible da eskaileraren bestelako funtzioak salbatzea, iraganeko ezagutzan oinarrituta?

Hein batean, uste dut baietz. Baina ez dut gogoko begirada nostalgikoa. Gehiago interesatzen zait begirada proaktiboa izatea, eta etorkizunean aplikagarriak izan daitezkeen jakintza batzuk eskuratzea.

Zuretzat, zer garrantzi dute eskailerek?

Eraikin publikoez diharduen ikastaro bat ematen dut EHUn. Eta eraikin publikoen ezaugarrietako bat zera da, nire ustez: eraikinaren barruan kale bertikal moduko bat sortzen dela, espazioak eta erabilerak lotzen dituena. Hori ez da gertatzen etxebizitza eraikinetan edo bulego eraikinetan, solairuen metaketa gisara eraikita baitaude. Baina eraikin publikoetan ahalegintzen dira kalea —esparru publiko nagusia— barrura eramaten. Eta eskailera da hori egiteko gai den elementu bakarra.

lotsabako

Eskailera bat?
Adibidez, Arantzazuko basilikakoa. Eta, proiektutik, Francesco Borrominiren eskailera barroko guztiak: Barberini palaziokoa, San Carlinoren kriptara jaisten dena...

Gustuko arkitekto bat?
Borromini, Luigi Moretti... Garaikideen artean, interesgarria iruditzen zait nola erabiltzen dituzten eskailerak Rafael Moneok edo Frank Gehryk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.