Laskorain Ikastolako patioak esekileku bat dirudi. Soka zurietan, kulero ilun eta galtzerdi solteen artean, kolore laranja argiko dozenaka kamiseta daude zintzilik. Euskarabenturako 127 gazteek bazter batean pilatu dituzte bizkar zorroak, itzalean, eta, arropa garbitu ostean, atseden hartzen ari dira, lo kuluxka egiten, edo hizketan, talde txikietan, bakarren bat sakelakoari begira, eta urruntxeago, bat, arkupetan, gitarra jotzen. Tolosara (Gipuzkoa) iritsi ziren atzo jzioquitarrak, eta bihar ekingo diote hurrengo ibilaldiari. Lesaka (Nafarroa) izango dute helmuga.
Xabier Cuadra Gonzalez (Amurrio, Araba, 2008) pozarren dago espedizioarekin. Marta, ama, perutarra du, eta gaztea lau urterekin joan zen haren sorterrira: «Gurasoak Perun ezkondu ziren, baina gero hona etorri ziren, eta, lau urte nituenean, hara joan ginen laurak. Anaia ni baino txikiagoa da. Urtebeterekin iritsi zen Cuscora. Perun euskara ikasi duen bakarra izango da». Gaztea euskalduna eta perutarra sentitzen da, proportzio berean, baina aitarekin eta anaiarekin beti mintzatzen da euskaraz: «Anaiak eta biok euskarara jotzen dugu ama edo lagunak zeozertaz ez enteratzeko», dio irribarrez.
Euskarabenturako lehenengo bi egunak ez zitzaizkion samurrak egin, baina orain oso gustura dago: «Oso esperientzia polita da. Denekin ondo moldatzen naiz. Oso giro ona dago, eta leku ezberdinetako jende asko ezagutzen ari naiz». Euskalkiak ezagutzea da, haren hitzetan, aberasgarriena: «Nik euskara batua baino ez dakit, eta euskalkiak ezagutzea oso interesgarria da. Hasieran kosta egin zitzaidan ulertzea, bereziki Iparraldekoak. Nik aurretik esaten dut, eta beraiek, aurretikan».
Jzioquitarra
Atharratzetik (Zuberoa) hilaren 1ean abiatutako espediziotik bereziki une bat geratu zaio iltzatuta Cuadrari: sanferminak. Perun festak oso bestelakoak direla dio. Euskal Herriaren eta Peruren artean ezberdintasunak ugariak dira, baina gazteak klaseen arteko arrakalan jarri du arreta: «Perun oso nabaria da; aberatsen kaleak daude, eta pobreenak. Osasuna ere pribatua da han, oso garestia. Hemen bost euro balio duen botika batek han ehun sol berri balio du, hogeita bost euro».
Peru, baina, asko gustatzen zaio, ceviche-a gorroto badu ere: «Euskal Herria baino hobeto ezagutzen dut; horregatik daukat jakin-mina hemengoarekiko. Unibertsitateko ikasketak hemen egin nahi ditut. Letretatik joango naiz, igual euskal filologia...».
Mendi zeharkaldiekin ere asko gozatzen ari da, baina, tarteka, beste mendi batekin ere akordatzen da: «Lautan izan naiz Machu Picchun. Leku ederra da. Handia. Oraindik ere aurkikuntza asko egiten ari dira. Forma asko aurkitzen ahal dituzu; argazki tipikoa mendiarena da, baina burua biratzen baduzu, aurpegi bat ikusten duzu». Machu Picchun euskara entzun zueneko hura ere ez du ahaztu: «Bat-batean, pertsona bati kaixo esaten entzun nion. Oso txikia nintzen, eta polita izan zen han euskara entzutea».
Euskal kultura eta inken kultura ere parekatu ditu: «Biak dira oso zaharrak, eta biek dute hizkuntza propioa». Kitxua da Peruko hizkuntza ofiziala, gaztelaniarekin batera, baina galtzen ari dela uste du: «Eskolan, astean behin baino ez daukagu kitxua. Aitak asko daki, baina nik oso gutxi». Soinean daraman kamisetan dagoen leloaren hitzetako bat kitxua izan zitekeen, baina euskara da: Euskarabentura jzioqui dugu! Euskarabenturako diasporako ordezkari bakarrak ez daki oso ondo zergatik deitzen diren espedizioko kideak jzioquitar. «Euskaraz idatzitako lehen hitza da, edo bigarrena... Egia esan, inork ez dakigu oso ondo». Bada, jzioqui dugu orain arte idatziz agertutako lehen euskal hitzak dira. Yusoko (Errioxa) monasterioan daude, eta, esanahi zehatza argi ez badago ere, hizkuntzalariek uste dute piztu dugu esan nahi duela. Euskarabenturak, beraz, piztuta jarraituko du. Eta Xabier Cuadrak inken lurralderaino eramango du euskararen argia.