Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Cuentaviñas, Peciñeroren ilobarenak (II)

2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela bi aste aipatu genuen moduan, Eduardo Egurenen proiektuaren benetako jauzia, behin betikoa esango nuke, Australian gauzatu zen; izan ere, Egurenek han ezagutu zuen Robert White. Gero, 2018an, Espainian, kongresu batean parte hartzear zegoela, Egurenen zenbait mahastitan egindako lagin batzuk aztertzeko aukera izan zuen Whitek, eta azterketa horien emaitzak plazaratutakoan, hala esan zuen: «Hauxe da proiektuaren benetako jatorria, iturria».

Egurenek dioenez, ardoek lurren desberdintasunak islatzea du helburu.

Gai horrekin jarraitzeko eta gehiago sakontzeko, Artadi upategiko Carlos Lopez de la Callerekin eta Errioxan eta Bierzon (Leon, Espainia) proiektuak gidatzen dituen Diego Magaña nafarrarekin egin zuen bat, eta Italiako Timesis konpainiari Sonsierrako lurren azterketa egiteko eskatu.

Ikerketa horren emaitzan zortzi lur unitate daude bereizita; ur bazterretako lurrak, trokak, higatutako isurialdeak, hareharri multzoak...

Baina San Vicente de la Sonsierrako lurren ezaugarrietan sakontzea da Egurenen hurrengo erronka, han baititu mahasti guztiak; are gehiago, italiarren ikerketaren arabera, San Vicente litzateke Sonsierrako udal bakarra, eta han leudeke zortzi lur unitateak.

Baina, lurraren ezaugarrien berri jakitea hain garrantzitsua izanda ere, Eguren ez da horretara mugatzen; mahastiak kudeatzeko baditu ideia gehiago. Haren ustez, mahatsaren azken heldutasuna estres hidrikoarekin lotuta dago. Sarritan azaldu du tanino gogor eta desatseginaren arrazoia zera dela, heldutasun fenolikoa erabatekoa ez izatea. Tanizitate leunagoko, alkohol gutxiagoko eta egitura arinagoko ardoak egin nahi ditu Egurenek.

Ardo zurietan, inausketa berantiarraren alde egiten du Eduardo Egurenek, azidotasuna mantentzeko-edo. Tempranillo mahatsondoetan defoliazio goiztiarrak egiten ditu, loratze sasoian, mahats mordoa arintzeko eta haren heltze prozesua bete-betekoa izateko.

Aurrekoan aipatutako Errioxako Cordovineko ardoari buruzko zehaztapen gehiago dakartzat gaurkoan. 2019an aurkeztu zuten garnatxaz egindako ardo bikain hori. Ardo hori Egurenek Bodegas Valcuernako Benes familiarekin duen adiskidetasunaren ondorio dela esan daiteke, Cordovineko garnatxa zaharrei dagokien tokia emateko-edo.

Cdvn Garnacha da ardoaren izena. Cordovin hitzaren kontsonanteekin osatutako izena da, gaur egungo Errioxa sor-markaren legediaren arabera ezin baita izen osoa jarri mahastiak eta upategia herri berean ez badaude.

Mahats bilketa nahiko goiz egiten du Egurenek, ardoa 14 gradura ez heltzeko, belar ukitua eta fruta kurruskaria izateko, eta mahats mordoen txortena erabili beharrik ez izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.