Errioxako (Espainia) ardogile eta mahastizain familia oso ezagun baten bosgarren belaunaldiaren parte da Eduardo Eguren, Sierra Cantabrian. Abizenak erakutsitako bideari jarraituz murgildu zen Eduardo ardoaren munduan, Guillermo Eguren aitonaren ildotik lehenbizi, eta Marcosen —Eduardoren aita, sona eta izen handiko enologoa— eta osaba Miguelen eskutik gero. Arlo komertzialean eta kudeaketan eskarmentu handikoak ziren biak.
Amaren aldeko aitonari, Felix Ramirezi, Peciñero deitzen zioten, haren jatorriagatik; Peciñakoa zen, San Vicente de la Sonsierrako alkate-auzokoa. Hain zuzen ere, Peciñan borobildu du Eduardok ardoaren inguruko ametsa.
Felix Ramirez aitona 2017an hil zen, eta amari herentzian egokitutako hiru mahastiak Eduardoren eskuetara iritsi ziren.
Bat-batean, mahastizain bilakatu zen Eduardo, eta laster ikusi zuen bere burua korapilo baten aurrean: «Mahastian nengoenean, upategian egiteke utzitakoa nuen buruan, eta, upategian nengoenean, alderantzizkoa gertatzen zitzaidan». Bestalde, Sierra Cantabrian gauzak oso finkatuta zeuden eta ez zuen ikusten aukera handirik belaunaldi berrientzat. Beraz, bideak beste toki batera eraman zuen Eduardo Eguren. Lehen praktikak Artadin egin zituen, Australian bizi izan zen gero, 2015. urte osoan, eta Kalifornian ere izan zen, AEBetan. Han pinot noir mahatsarekin izandako esperientziak oso markatuta utzi zuen.
2018an familia enpresa utzi eta jauzi garrantzitsu bat egin zuen: bere kabuz lanean hasi zen, hiru ardo partzelariorekin: Alomado, Los Yelsones eta El Tiznado, aitonarengandik jasotako hiru partzeletako mahatsekin egindako ardoak hirurak.
Mahasti bakoitzak bere jatorriaren historia kontatzea nahi zuen, hori zuen obsesio eta Carlota Gonzalez emazteak oparitu zion proiektuaren izena: Cuantaviñas. Geroago, upategia egiteko toki bila ari zirela, Peciñako antzinako ardoa egiteko dolarea aurkitu zuten. Eraikina 1780koa zen, eta zaharberritu duten ehun urteko prentsa eta lehen ontze gela izan den lurpeko eraikin bat ere bazuen.
Gaur egun, 11 hektarea hartzen ditu proiektuak, hemeretzi partzelatan banatuta; familiarena da zati bat, eta beste mahastizain batzuena beste bat.
Hasierako ardo sorta handitu egin da pixkanaka; Dueroko Erriberako ardo beltz bat, Errioxako Cordovineko garnatxa bat, Septeno beltza eta Arriscado zuria ere badauzkate orain.
Zoruarekin obsesionatuta dago Eduardo Eguren, eta Sonsierrako lurren azterketa sakona egiteko eskatu zioten Robert White australiarrari —Carlos Lopez de la Calle eta Diego Magaña nafarrarekin batera—. Azterketa horren emaitzak oso interesgarriak dira; hurrengoan ekarriko dizkizuet hona.