ATZEKOZ AURRERA. Maddi Texeiro eta Guillermo Royo. 'Coworkalari' dokumentalaren egileak

«'Coworking'-ak lehia elkarlan bihurtzen du; hori da aldea»

Texeirok eta Royok diotenez, ideia bat izanez gero inori ez kontatzeko irizpidean hezi gaituzte. Eta nabarmendu dute 'coworking'-ak leku egokiak direla ideia horiek partekatzeko eta garatzeko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Enpresa txikiek, ekintzaileek edo beren kabuz behar egiten duten langileek partekatzen duten lekuari deitzen zaio coworking. Bakoitzak bere proiektuak era independentean garatzen ditu, baina gune partekatu horretan elkarlana ere sustatzen da. Era horretan defini daiteke gero eta hedatuago dagoen hitza, lan egiteko beste modu bat biltzen duena. Maddi Texeirok (Getxo, Bizkaia, 1983) eta Guillermo Royok (Zalla, Bizkaia, 1981) era horretako hamaika esperientzia bildu dituzte Coworkalari dokumentalean.

Esan daiteke Coworking-a XXI. mendeko «egin ezazu zuk zeuk» filosofia eguneratua dela?

MADDI TEXEIRO: Bai, izan daiteke. Gaur-gaurkoz, aurrera egiteko erabiltzen den tresna bat da. Lan esparrurako batez ere, baina baita harremanetarako eredu moduan ere. Lanerako toki gisa hasten da, eta beste proiektu eta pertsona batzuekin harremanetan jartzeko aukera da.

GUILLERMO ROYO: Batzuetan, proiektu jakin baterako aliantza bat egin daiteke, eta proiektu horretako enpresarik handiena izan ahal zara. Horixe da coworking filosofia: bakarrik ezin duzu, baina lagunekin bai.

M.T.: Horregatik da, «egin ezazu zuk zeuk» baino gehiago, «egin ezazu zuk zeuk besteekin».

Gaur egun, coworking deitzen zaio, baina elkarlana da azken finean.

M.T.: Bai, guk Coworkalari jarri diogu izena dokumentalari, baina lanean aurrea gindoazela, gero eta gehiago gustatu zaigu gune horiei lanerako espazio partekatu deitzea. Izan ere, badago jendea bere burua etiketa horrekin ikusten ez duena.

Gune horien gorakada bat dagoela esan daiteke?

M.T.: Bilbon bai. Eutokia —Bilboko berrikuntza sozialaren zentroa— duela sei urte sortu zen, baina adibide gehiago sortzen ari dira.

Gorakada hori krisiaren ondorioa izan daiteke?

M.T.: Beste toki batzuetan lehendik ere bazeuden halako esperientziak, ez da izan krisiaren kontu bat. Orain, ikusgarritasuna lortu du, hori bai. Eredu hori bultzatzen ari dira ikusten dutelako gastu batzuei ezin dietela eurek bakarrik aurre egin. Gainera, erakundeen aldetik laguntzak ere badaude bakoitzak bere lana sortzeko. Aurrera begira jarraipena izango duen joera bat izango dela iruditzen zait.

G.R.:Coworking-ak lehia elkarlan bihurtzen du, aldaketa hori dakar bere baitan. Lor dezake zure sektorean lan egiten duen pertsona bat ez ikustea etsai gisa, balizko kolaboratzaile gisa baizik.

M.T.: Bakarkako talde txikitan lan egiten dugunoi interesatzen zaigu hori. Ideia bat daukagunean inori ez kontatzeko irizpidean hezi gaituzte. Alderantziz beharko luke, ideia hori kontatuta agian aurrera egin daitekeelako, eta hortik zerbait hobea atera.

Deigarria da gune horiek sortu diren kasu gehienetan sortzaile edo diseinu arlokoak izatea. Bestelakorik ez al dago?

M.T.: Bai, badirudi abokatu edo ekonomialariak ezin direla halako espazioetan bizi. Baina interesgarria izango litzateke ikustea ea aukerarik luketen.

Posible ikusten duzue?

M.T.: Pertsonaren arabera.

G.R.:Sektorearen funtzionamendua ere hor dago. Abokatu batek ez du behar ondoan kamerari bat, edo edizioan dabilen inor. Hark bere lan egiteko modua ere ezberdina dauka.

M.T.: Abokatu batek egotea badauka, baldin eta armairu bat eta bezeroentzako bilera gela bat badu. Gehiago da irudi kontua, seriotasuna transmititu nahia.

Enpresa eta sortzaileak biltzen dituen coworking-en coworking-a posible litzateke?

G.R.:Coworking guztiekin topaketa bat egin genuen, elkar ezagutzeko. Coworking edo bulego bakoitza oso ezberdina da, batzuek negozioa aurrera ateratzea baitute helburu nagusi, errentagarritasuna lortzea. Beste batzuek, berriz, harremanak sustatzea, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.