Bizitza osoa darama itsasoari begira, baina aitortu du ez duela hondartza maite, «neguan paseatzeko ez bada». Isurketek, kutsadurak eta klima aldaketak itsas ingurumenean duten eragina ikertzen du Ionan Marigomezek (Erandio, Bizkaia, 1961), PIE Plentziako Itsas Estazioan. Maiatzaren 13an, Outstanding Science Career Award saria eman zion SETAC Europako Ingurumen Toxikologia eta Kimika Elkarteak.
Zure ibilbide zientifiko osoa saritu dute, «ikerketaren, hezkuntzaren eta dibulgazioaren esparruetan eginiko ekarpenak» nabarmenduta. Pozik?
Oso pozgarria da, eta harrigarria ere bai, hein batean. Ezagutzen ditut zenbait ikerlari bikain, saria mereziko luketenak nik baino gehiago.
Zuk zeuk ere ez duzu lan makala egin 40 urteko ibilbidean, eta PIE erreferentziazko gune bilakatu da zure zuzendaritzapean...
Bai, eta hor lantaldea da nabarmendu beharrekoa. Plentziako Itsas Estazioko taldeak egiten dituen ikerketak punta-puntakoak dira, baina, aldi berean, goi mailako heziketa eskaintzen dugu, eta atzerriko ikasle ugari etortzen dira hona masterrak egitera. Guk koordinatzen eta sustatzen ditugu master horiek, eta badute sona Europan. Bestalde, dibulgazio zientifikoan eta kudeaketan ere nahiko aktiboak gara. Esparru guztietan nabarmendu da gure taldea, eta horixe saritu dutela uste dut.
Duela zortzi urte sortu zen PIE. Zer ekarpen egin du denbora horretan?
PIE da tokiko proiektu bat, gure inguruan errotua, baina, aldi berean, nazioarteko sarean ongi uztartua dagoena. Lan asko egiten ditugu kanpoko ikerlariekin elkarlanean, eta horrek proiekzio itzela eman digu urte hauetan. Bestalde, gure estazioak aukera handiak eskaintzen dizkie ikerlariei beren curriculuma garatzeko edota sektorean kontaktuak egiteko. Azkenik, oso ongi hornituta dago puntako teknologiarekin, eta gaur egungo zientziak eskatzen dituen ikerketak egin daitezke bertan. Hainbat fakultate eta ikerketa taldetako zientzialariak etortzen dira hona itsasoa aztertzera.
EHUko ikerlarientzat ere badu abantailarik, ezta? Baliabide sorta handia eman dizue...
Bai, zalantzarik gabe. Lehenik eta behin, azpiegitura hau itsasoaz baliatzen delako: badugu ur zirkulaziorako sistema bat, eta itsasoko 300.000 litro ur pasatzen dira hortik. Teknikoki, oso baldintza egokiak dira puntako esperimentazioa egiteko.
Zer motatako ikerketak egiten dituzue?
Oraintsu arte aritu gara lau urteko lankidetza proiektu batean lanean, ozeano Artikoaren baldintzei buruzkoa. Nazioarteko lantalde bat aritu da hemen: Danimarkako ikerlariak, Norvegiakoak, Kanadakoak, Suediakoak, Finlandiakoak... Gu ginen hegoaldeko bakarrak.
Zein da ikerketa horren xedea?
Klima aldaketaren eraginez, gero eta izotz gutxiago dago poloetan, eta horrek badu eragin handia ingurumenean. Denok ikusi ditugu mugitu ezinik dabiltzan hartz polarren irudiak, ezta? Baina, horrez gain, badira bestelako ondorioak ere: adibidez, itsas trafikoa areagotzen ari da, gero eta petroliontzi gehiago dabiltzalako inguru horretan. Izotzik ezean, askoz merkeagoa da, esate baterako, Errusiako petrolio putzuetatik Txinara edo Japoniara joatea Ipar poloa zeharkatuz, kontinenteak inguratu beharrean. Gauzak horrela, uste izatekoa da istripuak eta erregai isurketak ere ugaritu daitezkeela, eta hori da orain ikertzen ari garena: isurketa batek Artikoko uretan izan dezakeen eragina, eta zeintzuk izan daitezkeen horri aurre egiteko estrategia egokienak.
Estrategiak ez dira bertsuak toki guztietan?
Ez, egoeraren eta baldintzen araberakoak izan ohi dira kontingentzia planak. Mexikoko golkoan Deepwater Horizon petrolio plataforma hondoratu zenean, adibidez, gai dispertsatzaileak erabili zituzten, eta hori nahiko egokia izan omen zen egoera horretan. Prestige hondoratu zenean, berriz, erantzunak ezberdinak izan ziren tokiaren arabera. Galizian, erabakia izan zen erabateko esku hartzea: dena kendu, dena garbitu, ingurune osoa desnaturalizatu... Euskal Herriko kostaldean, berriz, denbora gehiago zegoenez, atenuazio neurriak hobetsi ziren.
Kantauri itsasoaren ezaugarriak ez dira Artikoko berak. Nola egin duzue Ipar poloko baldintzak PIEn ikertzeko?
Proiektu horri egin diogun ekarpena izan da isurketaren eragin biologikoa aztertzea. Horretarako, proba ugari egin ditugu han eta hemen: laginak hartu genituen Ipar poloko uretan: arrainak, muskuiluak... Gero, PIEra ekarri genituen, eta bizirik eta osasuntsu mantendu ditugu bi urtez gure instalazioetan. Artikoko baldintzak berregin genituen hemen, esperimentuak egin ahal izateko: uraren tenperatura 0 gradutan, 3 gradutan edo 6 gradutan jarri; izotz plakak sortu eta horien azpian petrolioa ontzen utzi... Horrek eskatzen duen teknologia erabiltzea pentsaezina zen guretzat duela zenbait urte, eta garai batean EHUko campusean genituen baliabideekin ezinezkoa litzateke halako ikerketa bat garatzea.
Artikoan ez ezik, hemen ere eragina du klima aldaketak. Hori ere ikertzen duzue?
Bai, aspalditik ari gara klima aldaketaren eraginak gure inguruan aztertzen. Aurreko hamarkadaren bukaeran, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen K-Egokitzen izeneko ikerketa programa bat, eta, horren barruan, gure egitekoa izan zen klima aldaketak eragin dezakeen kutsaduraren ondorioak esperimentalki neurtzea. Bestalde, badugu ingurumen espezimenen banku bat ere, hainbat espezieren laginekin, klima aldaketaren eragin kimikoa ez ezik, eragin biologikoa ere aztertze aldera. Azken 20 urteetako laginak ditugu han gordeak.
Eta ondoriorik atera duzue lagin horiek aztertuta?
Bada, espezimenen bankuan gordetako laginei esker antzeman dugu fenomeno bitxi bat: itsasoko espezie eta organismo asko gero eta txikiagoak direla. Hazkundearen beheranzko joera horren atzean hainbat faktore egongo dira seguruenik, baina uste dugu lotura izan dezakeela itsasoko urak berotzearekin.
COVID-19aren eraginez, itxita egon da Plentziako Itsas Estazioa. Nola eragin dizue?
Orain ari gara, pixkanaka, bi hilabeteko etenaldiaren ostean martxan jartzen, baina geldirik egon gara erabat. Oztopo handia izan da, ez guretzat soilik, zientziaren munduarentzat oro har: ikerketak aipatzean, COVID-19a bakarrik hartzen da kontuan, baina, horri buruzkoak kenduta, gainerako ikerketa zientifiko guztiak etenda egon dira. Eta aintzat hartu behar dugu COVID-19ari lotutakoak direla ikerketa guztien ehuneko oso txiki bat. Orain, premiazkoa da COVID-19ari aurre egitea, baina, askotan, premiazkoena ez da garrantzitsuena. Guretzat, zehazki, galera handia izan da, udaberria joan zaigulako etenaldi honetan.
Zergatik da garrantzitsua zuentzat ikerketak udaberrian egitea?
Udaberian lortzen diren laginak eta datuak oso garrantzitsuak direlako urte osoko prozesuak ulertzeko; ugalketa zikloak, adibidez. Bestalde, abuztutik aurrera jasotako datu asko interpretatzeko, ezinbestekoa da udaberrikoak ere edukitzea. Dena den, ni bezala lanean 40 urte daramatzan batentzat, urtebete galtzea penagarria da, baina ez da munduaren akabera ere. Alta, hiru edo lau urteko tesia egiten ari den ikerlari gazte batentzat, hondamendia izan daiteke, proiektu osoa birplanteatzea edo, are, zakarrontzira botatzea ekar dezakeelako.
Gazte asko dago horrela?
Askotxo, bai. Taldean badugu doktoretza prestatzen ari den ikerlari bat. Itsas trikuen enbrioiei buruzko ikerketa bat ari da egiten, eta trikuak udaberrian daude emankor. Garai horretan egin behar du landa-lana, halabeharrez. Sasoia pasatuta, urte osoa galdu du honezkero, ezin izan baitu laginik eta daturik jaso. Beste hainbat ikerlanetan, berriz, gai izango gara egoerari buelta emateko, irudimena erabiliz, baina egoera honek gogor jo gaitu.
Azken egunetan, sare sozialetan eta hainbat hedabidetan zabaldu da zabor gehiago azaldu dela kostaldean, konfinamenduaren ondorioz: maskarak, plastikozko poltsak, eskularruak... Zuek nabaritu duzue halakorik?
Egia esan, ez dugu aukerarik izan itsasora ateratzeko ere; hortaz, ezin izan dugu halakorik ikusi. Dena den, ez luke zertan horrela izan. Ez dut uste zabor gehiago sortu denik, baina agian kostalde zati batzuk ez daude ohi bezain garbi, udalek ez dituztelako garbitzaileak hara bidali. Hori izan daiteke azalpen bat. Plentziako eta Gorlizko hondartzetan, adibidez, makinak ibiltzen dira udan eta neguan, dena garbitzen. Ohituta gaude hondartzan enbor bat ere ez ikustera, baina, berez, sedimentazio guneak dira, eta itsasoak edo ibaiek ekarritakoa jasotzen dute. Oso normala da, neguan batez ere. Gizakiok artifizialdu egin ditugu hondartzak, gure aisialdirako erabiltzen ditugulako, eta etxeko egongela balira bezala garbitzen ditugu. Konfinamenduak iraun duen bitartean ez baditu inork garbitu, normala da botilak, plastikoak, enborrak, sareak eta beste hainbat elementu agertzea.
ZIENTZIA. Ionan Marigomez. Plentziako Itsas Estazioko zuzendaria
«COVID-19ari buruzkoa kenduta, zientzia ikerketa etenda egon da»
Ionan Marigomez EHUko irakasle eta PIEko zuzendariak itsas ingurumena ikertzen du duela 40 urtetik. SETAC Europe elkarteak sari bat eman berri dio, «ingurumen zientziei eginiko ekarpen handiengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu