«Broma gutxi». Izanen zuen inork buruan kontzertua bukatutakoan, ikusitakoak ikusita. «Eta gero Chill Mafia Gazteluko plazan; broma gutxi», esana zuen aurretik ere Martin Ziriza musikariak, uztailaren 7ko arratsean Konpainia plazako agertokiaren gainean, Borla taldearen azken kantua jotzen hastekoa zenean —Tatxerseko kidea ere bada Ziriza—. Eta, izatez, ezin jakin hitzok orduan ahoskatu zituen kasualitatez, edo preseski parean zituenak ikusita eta ohartuta, baina une horretan ikusleen artean zituen Chill Mafiako kide batzuk —Kiliki Frexko, adibidez—, begira-begira.
Bost ordu eskasean irauli ziren rolak: lehenbizi ikusle zena protagonista izan zen gero. Gauerdia pasea zenean hasi zen Chill Mafiaren kontzertua, Dinamita talde nafarrarenaren ondotik. Berez, Rotten XIII taldea zen aritzekoa, baina azkenerako bertan behera utzi zuten hori, abeslariaren marrantak behartuta.
Chill Mafiaren kontzertuaren hasiera iragartzeko bezala, Raimundo el Canasteroren kantu batek —nafarrak horiek ere— hartu zuen plaza, eta, orduan bai, atera ziren agertokira, besteak beste, Kiliki Frexko, Flako Fonki eta Ben Yart. Atzean, ohi bezala, Sara Goxua DJ gisara, eta hogei bat lagun, dantzan, egonean. Kuriosoa zen irudia, eta, hain zuzen, abeslariek berehala azpimarratu zuten bertan aritzeak zeukan balioa. «Hau la ostia da! Erromatarren aztarnen gainean ari gara, primo!», bota zuen Kiliki Frexkok, grinaz. Eta, segidan, esaldi beraren parte balitz bezala, hitz batzuk eskaini zizkion Yolanda Barcina Iruñeko alkate ohi eta Nafarroako presidente izandakoari; kariñoz ez.
Probokazio goxo bat
Musikaz gainera, probokazioa, umorea, lotsagabekeria eta gozatu nahia izan baitziren, nagusiki, kontzertuaren ardatzak Chill Mafiarenean. Taldea ezagun zutenek gogoz kantatu zituzten abestiak, baita dantzatu ere, eta, agertokian zirenak nor ziren arrastorik ez zutenek ere erne begiratu zioten ikuskizunari. Harridura keinurik izanik ere. «Zenbat aldiz esaten duten Puta España, ez?», galdetu zion orrazkera harrotuko gizon batek ondokoari, erdaraz. «Ez zenidaten esana hau horrelakoa zela», emakume gazte batek bere kuadrillari, aho bete hortz. Baina ez ziren apartatu batere, eta dantzatu ziren berdin-berdin.
Hain zuzen, zeharka Espainiari loturiko mezuak dituen kantu batekin abiatu zuen festa Iruñeko taldeak: Puta Ripagaña. Eta, horren bidez, publikoak ederki ulertu zuen agertokiaren atzealdeko pantailan ikusgai zen irudi handia: billabesa handi bat, abesti horren bideoklipean bezalaxe. Ondotik, taldearen aro arrakastatsua abiatu zuten bi kantak egin zuten eztanda agertokian: Zure Kebapa eta Kolakao. Eta lehertu zen festa, are eta gehiago.
Kantu berriei ere egin zieten tokia. Horren adibide, ekainaren hondarrean kaleratutako Mus corrido jo zutenekoa. Haren doinu mexikarrek eta desamodioz blaitutako hitzek publikoa hunkitzea erdietsi zuten tarte batez, nahiz gutxi iraun sentipen horrek. Bedeinkatua eta No Se K Me Pasa abestiek berekin ekarri zituzten taldearen erritmo gogor eta dantzagarrienak. Kasik ipurdiarekin zola ukitzeraino dantzatu ziren batzuk lehenarekin; etengabe saltoka arituaz bigarrenarekin.
Lagunen artean eginiko kontzertu baten airea hartu zuen emanaldiak, nabarmen. Abeslarien arteko konplizitateak, txantxek eta kariño keinuek bistara utzi zuten hori, etengabe. Eta berdin jokatu zuten kantu batzuetarako taularatu ziren beste artista batzuekin ere. Aipatzekoa da, adibidez, Hofe artista atarrabiarra 2 ESKU 2 LABAN eta El Xokas abestera igo zenekoa.
Kontzertua bukatzeko, eskertze mezuak gailendu ziren batez ere. Flako Fonkik esanak izan ziren azkenak, autotuneak artean ahotsa distortsionatua ziolarik ahoskatuak: «Itzela izan da, musu handi bat!». Eta segitu zuen festak, Iruñeko beste txokoetan.