Chopin-Xenpelar, Egaña-Lizaso

Bertso eta piano klasikoak batuko dituzte gaur Donostian, 'Bi arreba' ikuskizunean

Egaña bertsolaria eta Lizaso piano jotzailea, Bi arreba ikuskizuneko protagonistak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Andoni Egaña bertsolaria eta Xabier Lizaso piano jotzailea elkartuko dira gaur, Donostian, bertso eta musika klasikoak uztartzen dituen Bi arreba ikuskizuna taularatzeko.

Frederik Chopin (Varsovia, 1810) konpositorearen musika eta Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar (Errenteria, 1835) bertsolariaren bertsoakelkartzen dituzte ikuskizunean. Izan ere, bi sortzaileek gauza askotan antza zutela uste du Egañak: biak garaikideak ziren, berritzaileak, nazio eta hizkuntza ukatu banako biztanleak ziren, eta biak hil ziren gazte, Chopin 39 urterekin, eta Xenpelar 34rekin. Hilzorian zirela, aldamenean izan zituzten arrebak, eta horiek erabili dute Egañak eta Lizasok ikuskizuna egituratzeko.

Lizasok Chopinen piezak joko ditu, eta Egañak Xenpelarren bertso jarriak kantatuko ditu. Horrez gain, Egañak ikuskizun horretarako sortutako bertsoak kantatuko ditu. Horrez gain, Donostian daudela kontuan hartuko dute, eta bertso zein doinuak gehituko dizkiote ikuskizunari.

Bertsozale eta pianozaleentzako emanaldia izan nahi du saioak: lehenak, pianoaren doinuekin harritzeko, eta bigarrenak, Xenpelarren bertsolaritzaren maila gertuagotik ikusteko.

'BI ARREBA', ANDONI EGAÑA ETA XABIER LIZASO

Noiz. Gaur, 19:30ean.

Non. Larrotxenekultur etxean, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.