Kirolari petoa da Patri Espinar(Galdakao, Bizkaia, 1985): pilotaria izateaz gain, alpinismoa eta eskalada ere jorratzen ditu. Bere afizio eta ofizio nagusian, kirolean, Catherine Destivelle alpinista eta eskalatzaile frantsesa du eredu. Hark 2003an idatzitako Ascensions liburua irakurtzeko gogoa zuen, eta bi egunean «irentsi» berri du.
Zergatik duzu gogoko Catherine Destivellen Ascensions liburua?
Gustura irakurri dut, Catherine Destivelle erreferente bat izan delako emakumezkoen alpinismoan eta eskaladan 1980ko hamarkadatik aurrera. Munduko eskalatzailerik hoberena izan da, eta niretzat beti izan da erreferente eta aitzindari bat eskaladaren munduan, eta emakumeen artean.
Nor da Catherine Destivelle zuretzat?
Erreferente bat eskaladan eta alpinismoan, eta emakume eskalatzaileen aitzindaria. Lehenbizikoa izan zen gauza ikaragarri zailak egiten. Munduko eskalatzailerik hoberena izateaz gain, kristoren igoerak egin ditu bakarka, eta bide berriak ireki. Ikaragarria izan da lortu duena.
Garrantzitsua da bizitzan erreferenteak izatea?
Bai horixe. Kirol munduan eta gainontzeko arloetan erreferenteak izatea garrantzitsua da horien ondoren datozenentzat. Horrela, baduzu nori erreparatu, ikusten duzu badabilela jendea horretan, eta ez zarela bakarra. Horrelako pertsonak eredu gisa hartzea ezinbestekoa da bide berriak zabaltzeko.
Antzekotasunik ikusten duzu Catherine Destivellen eta zure artean?
Aspektu batzuetan identifikatuta sentitu naiz harekin. Adibidez, bere momenturik gorenean zegoenean, ez zitzaion fama gehiegi gustatzen: ez zen eroso sentitzen protagonista izaten. Nik ere askotan sentitu dut hori. Badakizu erreferenteak sortzeko beharrezkoa dela hor egotea, baina niri telebistaren mundua ez zait gehiegi gustatzen: kontraesana sortzen du neure barruan, eta hari ere gauza bera gertatzen zitzaion.
Mendiak egin zuen ezagun Destivelle. Zein harreman duzu zuk mendiarekin?
Kirola beharrezkoa dut bizitzeko, eta berdina gertatzen zait mendiarekin eta naturarekin. Konfinamenduan are gehiago baieztatu nuen horrela dela. Mendian egiten diren jarduerak maite ditut: ez dago lehiarik, bizipen ederrak baizik. Horrek asko betetzen nau, eta askotan bilatzen dut mendian ibiltzea eta naturan egotea.
Mendia ere lantoki duzu?
Bai. Mendi gidaria naiz, eta emakumeentzat mendi orientazio ikastaroak eta eskaladakoak ematen ditut. Aurten proiektu berri bat sortu dut, eta mendizaletasunarekin du lotura: teknika bertikalak, korapiloak, sokak, tirolina eta biziraupena uztartzen ditu, naturan. Emozioei eta sentimenduei garrantzia ematen diegu, eta ikusten dugu nola ahalduntzen garen mendian ekintza horiek egiten, baita gure beldurrei nola aurre egiten diegun ere.
Non zaude erosoago: frontoian ala mendian?
Ni bi toki horietan oso eroso sentitzen naiz, eta bietan ditut oso bizipen politak.
Oztoporik izan duzu esku pilotanemakume izateagatik?
Lehen oztopoa zen nire herrian neska pilotari bakarra nintzela. Emakumeentzako lehiaketarik ez dagoela ikusten duzu gero, esaten dutelako ez dagoela emakumerik. Gero ikusi dugu emakumeak bazeudela, baina ez dutela emakumeen esku pilota bultzatzen. Nerabezaroan neska gehienek kirola utzi egiten zuten. Gaur egun, emakumeen esku pilota egituratzen ari gara, baina gizonengandik oso urrun gaude. Oraindik oztopo asko ditugu. Poliki-poliki goaz aurrera, baina lan handia dago egiteko.
Kirolak zuri zer ematen dizu?
Laguntzen nau neure burua ezagutzen, nire mugak esploratzen, konfiantza hartzen, ahalduntzen, pertsona hobea izaten, eta lagun asko eman dizkit. Bestalde, lagundu dit Euskal Herri osoa ezagutzen, eta euskara eta euskal kultura barneratzen.
Eta zer kendu dizu?
Osasuna, askotan, lesioengatik. Eta injustiziak pairatzen ditudanean, sufrimendua ere ekarri dit. Emakume pilotarien elkarteko lehendakari moduan nire pilotarien baldintzak hobetu nahi izan ditudalako, askotan, enpresari batzuek nire aurka jo dute txapelketa batzuetatik kanpo uzten. Injustizia horiek batzuetan motibazioa kentzen dute, baina orokorrean, ez dit gauza askorik kendu: gehiago da ematen didana.
Zein da zure ametsa?
Txikitan pilotari profesionala izatea zen nire ametsa: hori ez dut lortu, eta ez dut lortuko. Baina amesten ez nuen zerbait lortu dut: esku pilotako nazioarteko txapelketa bat bi aldiz irabaztea eta munduko pilotari hoberenaren saria jasotzea.
MAITE DUT MAITE... 'ASCENSIONES'. Patri Espinar. Pilotaria
«Catherine Destivelle erreferente bat da»
Esku pilotan txapelduna da Patri Espinar, baina mendia du bizibide: mendi gidaria da, besteak beste. Catherine Destivelle alpinista eta eskalatzailea du eredu, eta haren 'Ascensions' liburua gustatzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu