Musikari eta ekintzaile espainiarra da Julia Casado. Urte batzuk Alemanian ikasten eman ondoren, herrialde hartan, Palatinatuan, izan zen lehen aldiz mahasti batean, 2008ko maiatzean; artean, musika ikasten ari zen Musikhochschulen, eta Weinstrasseko upategi batean sei hilabeteko atsedena hartu zuen Erasmuseko praktikaldia egiteko. Horrela, Elxeko (Herrialde Katalanak) Miguel Hernandez Unibertsitatean Nekazari Ingeniaritza amaitzeko falta zitzaizkion ikasketak osatzeko aukera baliatu zuen. Kuban eta Argentinan ere bizi izan zen, betiere ardoarekin eta musikarekin lotutako gauzekin. Argentinatik itzuli, eta Bullasen (Murtzia, Espainia) egonkortu zen, ardoaren inguruko bere proiektua aurrera eramateko.
Bullasen, modulukako upategia diseinatu eta eraiki zuen, ardo espresibo eta biziak egiteko asmoarekin. Mendiko mahasti txikiak hartu zituen oinarri, eta errespetuzko eta benetako ardoztatze prozesuak erabili zituen.
Casadok tokiko ikuspegitik ulertzen ditu mahastiak eta ardogintza bera, tradiziozko egiteko moduak baliatuta. Gaur egun erabiltzen ez diren teknikak dira gehienak, horiek integratu eta berrikusteko asmoarekin: dolareko lanketa, mahats zapalketa, porlanezko deposituen erabilera, Mantxako tresketan hartzitzea, kristalezko katalintzarrak baliatzea, eta erabilitako upel handietan ontzea.
Partzelak aukeratu, eta eskuz eta agrokimikorik gabe lantzen eta zaintzen ditu Julia Casadok. Horrekin, ardoztatze leun eta errespetutsuari eman nahi dio bide, gizakiaren esku hartzerik eta gehigarririk gabe. Horrela, mahatsa, mahastia eta urte klimatologikoa erakutsi nahi ditu egiten dituen ardoetan.
Ardoak monastrell mahatsez egiten dira —La del Terreno deiturikoa; hortik datorkio izena upategiari—. Bi partzelatako mahatsak dira, oso desberdinak, lur motaren eta orientazioaren arabera aukeratuak.
Lau ardo egiten ditu Julia Casadok: Ninja de las Uvas Brisado (%100 macabeoa), Ninja de las Uvas ( %100 garnatxa), La Cañada del Jinete eta La del Terreno; azken bi horiek monastrellez eginak dira.
Azken biak nabarmenduko nituzke. La Cañada del Jinete (%100 monastrell) bi urtez treskan hartzitu eta ondutako ardoa da, eta La del Terreno (monastrell, airen eta garnatxa), porlanezko deposituan urtebetez hartzitu eta ondutakoa. Nortasun handiko ardoak dira biak ala biak, bikainak eta harrigarriak.
La del Terreno upategia Slow Wine Coalition taldeko partaidea da. Casadoren esanetan, elkarrekin ardo «on, garbi eta justu» baten alde lan egin nahi dute. Ardoaren nazioarteko katean parte hartzen duten elementu guztiak batzen ditu ardo horrek, hala nola mahastizainak, ardogileak, banatzaileak eta sommelierrak.