Urteak dira telesailak fenomeno bihurtu zirela, eta urteak dira telesailen fenomenoa aztertzeko eta hobeto ulertzeko jaialdiak egiten direla. Donostiako Crossover jaialdiak seigarrena izango du aurtengoa, martxoaren 27tik apirilaren 1era. Telesailek eragina dute beste diziplina batzuetan aritzen diren sortzaileengan eta haien sorkuntzan. Berrikuntza nabarmen bat izango du Crossover jaialdiak: sortzaile eta telesailen zale ezagunak elkarrizketatuko dituzte, Ikusle Ezaguna atalean. Horietako hiru, euskaraz: Harkaitz Cano idazle eta gidoilaria; Iratxe Fresneda zinemagile, irakasle eta ikertzailea; eta Lide Hernando Liher musika taldeko abeslaria.
Hiru telesail estreinatuko dituzte Donostian: martxoaren 27an, Spy/Master (HBO Max); martxoaren 28an, Rapa telesailaren (Movistar Plus) bigarren denboraldia; eta martxoaren 29an, Selftape (Filmin).
Ez da berria jaialdiak telesailak eta sukaldaritza lotzea. Aurreko urteetan egin izan dute, eta aurten ere izango da koktel-afaria, martxoaren 31n, Alberto Caballero eta Laura Caballero telesailen sortzaileekin. Aurtengo berrikuntza da Basque Culinary Centerreko Jorge Breton sukaldariak eta Sasha Correa kazetariak aperitibo-elkarrizketa bat egingo dutela, apirilaren 1ean, telesail ezagunetan inspiratutako pintxoekin.
Solasaldietan, telesailen hainbat ikuspegi landuko dituzte: ezinezko arkitektura, gazteentzako eskaintza, krimenak, sexu eszenak filmatzeko baldintzak, telesailetan erakusten diren gorputzak, Dragoi Bola animazio telesaila eta aurtengo telesailen eskaintza, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatutako jaialdia da Crossover, Kultur Factory agentziarekin lankidetzan antolatua. Atzo aurkeztu zuten jaialdia, eta antolatzaileek nabarmendu zuten ahalegina egiten dutela telesailetan itzalean lan egiten dutenei ahotsa eta garrantzia emateko.
Cano, Fresneda eta Hernandorekin solasaldian Crossover jaialdian
Martxoaren 27tik apirilaren 1era egingo dute telesailei buruzko seigarren topaketa, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu