Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Cangaseko Vidas

2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Cangas jatorri izena Asturiasko (Espainia) hego-mendebaldean dago kokatuta. Paraje horietan ardogintza eta mahastizaintza aspaldiko kontuak dira, mila urtetik gorako usadioak omen dira, eta Coriaseko monasterioarekin uztartzen dira.

Hasiera batean, Asturias osoan lantzen omen ziren mahastiak, baina denborarekin hego-mendebaldera murriztuta geratu ziren, seguruenik mendien babesagatik eta eguzki izpiak jasotzeko zuen toki egokiagatik.

Prioraten (Herrialde Katalanak), Kanarietan (Espainia) eta Ribeira Sacran (Galizia) bezala, «mendiko mahastizaintza» moduan izendatuta dago Cangaseko mahastizaintza ere. Oso jatorri izen txikia da, eta, zalantzarik gabe, ezezagunenetakoa da Espainiako Estatuan. Zortzi upategik osatzen dute jatorri izen hori, eta gaur Vinos y Vides de Asturias (Bodegas VidAs moduan ezagunagoa dena) ezagutuko dugu.

Beatriz Perez eta Pepe Florez senar-emazteak dira, eta zientzia mundutik datoz. Perez Pola de Allandekoa da, eta Florez, Cangas del Narceakoa (Espainia). Erresuma Batuan eta Murtzian (Espainia) bizi izan ondoren, Cangasera itzuli ziren euren familia bertan sortzeko. Ardoarekin lotura zuzenik ez zuten arren, Florez Cangaseko Udalean lanean aritu zen eta lan horren barruan ardoaren inguruko hainbat hitzaldi antolatu zituen zenbait biologo eta kimikarirekin; horrela, Ardoaren Museorako ere hainbat eduki sortu zituen.

Ardoaren inguruko jakin-mina areagotu eta 2012an upategia sortu zuten. Lehenengo urtaldi horretan, 8.000 botila baino ez zituzten egin, inguruko mahastizanei erositako mahatsekin. Gaur egun, erosten dituzten mahatsez gain, lau hektarea mahasti kudeatzen dituzte, haien mahastiak galtzen ikusi nahi ez dituzten nekazarienak.

VidAs upategiak barietate autoktonoekin baino ez du lanik egiten. Klima hezea da, eta, tenperaturei dagokienez, neurrizkoak dira. Horrek izaera atlantikoa ematen die ardoei.

Lurrek %30eko maldak dituztela kontuan izanik, mahastizaintza heroiko moduan ere izendatu daiteke inguru horretakoa.

Gaur egun, 30.000 botila inguru ekoizten dituzte, gehienak upategiko bi ardo gazteetan: Siete Vidas Albarín zuria eta izen bereko beltz bat, Siete Vidas, mahats autoktonoak nahasiz egindakoa —albarin beltza, carrasquin eta verdejo beltza—.

Horien gainetik,Cienmontañas ardoak daude, beltzak eta zuria. Beltzak lehen aipatutako mahats mota autoktonoekin eginikoak dira, denak monobarietalak, upel irekietan eta txorten batzuekin, eta, nortasun handiagoa zein egitura handiagoa duen carrasquinaren kasuan, foudrean hartzitzen direnak; zuria, berriz, upelean, foudreetan, hain zuzen ere; liga finekin ondutakoa da.

Ardo freskoak, desberdinak, nortasun handikoak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.