Koldo Sagasti (Gasteiz, 1974) BDZ Boikota, Desinbertsioak eta Zigorra nazioarteko sareko kide da Gasteizen. CAF: Tranbia honi kolonia kiratsa dario dokumentala kaleratu berri du BDZk, Hala Bedirekin batera. Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak Israelen duen negozioaren berri ematea da bideoaren asmoa. Halaber, Euskal Herriko BDZk CAFen erabakia errefusatzeko manifestua kaleratu du, eta 70 gizarte eragile baino gehiagoren babesa jaso du.
Tranbia honi kolonia kiratsa dario izena eman diozue dokumentalari. Zergatik?
Kolonia hitzak bi adiera dituela baliatu dugu kiratsaren hitz jokoa egiteko. Izan ere, tranbia honen helburua da Jerusalemgo kolonia ilegalak hirigunearekin lotzea. Beraz, legezkotasuna bermatzen die ilegalak diren koloniei.
Beraz, estrategia oso baten parte da tranbia egitea?
Noski. Tranbiaren helburua lurralde horiek anexionatzea da, eta horretarako ezinbestekoa da azpiegiturekin lotuta egotea. Are gehiago, dokumentala bukatu eta gutxira, Donald Trumpek Israelekin Mendeko Akordioa sinatu zuen, anexio horien alde egiten duena. Ondorioz, guk bideoan planteatzen ditugun tesiak baieztatzen dizkigutela ulertzen dugu.
Zer helburu du dokumentalak?
Esan daiteke bideoak helburu didaktikoa duela. Funtsean, gizarteari eta, bereziki, Goierri eskualdeko jendeari gatazka horren berri ematea izan zen dokumentalaegitera bultzatu gintuena. Horretarako, hiru galderari erantzuna eman nahi izan diegu: zergatik da ilegala proiektua? Nola eragingo die palestinarrei tranbiak? Eta zer-nolako eragina izango du proiektuak bai CAFentzat eta bai langileentzat?
Nor elkarrizketatu duzue dokumentalerako?
Planteatu genituen galderen erantzunetarako, erreferentziazko pertsonei eman nahi izan diegu ahotsa. Askotariko profilak bildu ditugu: ekintzaile palestinarrak, gobernu israeldarrarekin kritikoak diren juduak eta nazioarteko juristak. Euskal Herrian profil batzuk lortzea gehiago kostatu zitzaigun. Izan ere, ez da erraza izan CAFen erabakiaren kontra aurpegia emango zuen norbait topatzea. Beraz, asko eskertzen dugu haien prestutasuna.
Nazioarteko enpresa ugarik uko egin zioten proiektuari. Zure ustez, zer dela eta sartu zen CAF?
Tranbiarena proiektu baten bigarren lerroa da. Galera handiak izan zituen Frantziako enpresa batek proiektu horretan parte hartzearen ondorioz. CAFen kasuan, kode etikoa eta nazioarteko legeria albo batera utzi dituzte, irabazi posibleak lehenesteko. Ziurrenik, pentsatuko dute gerra krimen batean parte hartzeak ez duela ondoriorik izango. Baina kalkulu okerra egin dutelakoan nago.
NBEk «urraketa larria» dela esan du. Lege ondoriorik izan dezake?
NBEk ez du eskumenik CAFen kontrako lege neurriak hartzeko. Baina badu beste erreminta bat: duela bi aste, Mendeko Akordioa-ren ondorioz edo, kolonietan aberasten diren enpresen zerrenda beltz bat zabaldu zuen NBEk. Aurrerapena baino ez da, baina dagoeneko CAFekin lan egiten duen enpresa baten izena ageri da zerrenda horretan. Gainera, badira nazioarteko hainbat erakunde behin betiko zerrenda hori argitaratzen denean CAF bera sartzea eskatzen ari direnak. Beraz, lege ondoriorik ez du izango, baina, luzera, izan dezake kalterik enpresarentzat.
Enpresako langileek uko egin zioten proiektuan parte hartzeari...
Langileen batzordeak komunikatu bat egin zuen CAFek proiektuan parte hartzeko prestutasuna adierazi zuenean. Iazko abuztuan esleitu zioten egitekoa, eta irailean beste manifestu bat egin zuten proiektuarekiko desadostasuna adierazteko. Hala ere, gai honi dagokionez, ez dakit zein den langileen eta enpresaren arteko harremana.
Eusko Jaurlaritzak zer erantzukizun dauka gaian?
Enpresaren akzioen parte bat dauka Jaurlaritzak; beraz, eskumen zuzena dauka erabakietan. Eta, aldi berean, informazioa eskura daukate. Proiektu ilegala dela ezin dute ukatu, NBEren ebazpenak hala baitio. Ez dakit zer motibo duten babesteko, baina azken asteetan ETBn etengabekoak dira CAF zuritzeko publirreportajeak. Hortik aurrera, espekulazioak baino ez daude.
Zure ustez, uko egingo dio azkenean?
Proiektu hori bere gain hartu nahiduen beste enpresarik ez dagoela kontuan hartuta, aukera historikoa dauka CAFek. Erretiratuko balitz, garaipen handia litzateke giza eskubideen mugimenduarentzat. CAFek tranbiarekin gehiago dauka galtzeko, irabazteko baino.
ATZEKOZ AURRERA. Koldo Sagasti. BDZko kidea
«CAFek tranbiarekin gehiago dauka galtzeko irabazteko baino»
CAFek eskuartean dauka Jerusalemen tranbia egiteko proiektua. Sagastik uste du, legezko ondoriorik izan ez dezakeen arren, CAFek kalteak pagatu beharko dituela luzera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu