Donostiako Aste Nagusia

Caballer FX garaile

Epaimahai ofiziala eta gazteen epaimahaia bat etorri dira, eta erabakia hartzea zaila izan dela adierazi dute

Donostia
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Caballer FX Valentziako su etxea izan da Donostiako Aste Nagusiko Su Festen Nazioarteko 48. Lehiaketako irabazlea. Zilarrezko maskorra, berriz, Fireworks for Africa Hegoafrikako su etxeak eskuratu du, eta brontzezko maskorra Bruscella Bartolomeo & F. Lli Italiako konpainiari eman diote.

Atzo goizean Londres Hotelean egindako prentsaurrekoan eman zuten irabazleen berri, eta han izan ziren Nerea Txapartegi Kulturako eta Euskarako ordezkaria eta epaimahaiko kideak. «Izan ditugun bildumak ikusi ondoren, kalitate handikoak izan direla azpimarratu behar da. Horrek zaildu egin digu erabakia hartzea. Ezin dugu esan besteen gainetik asko nabarmendu den bilduma bat izan denik. Horren ondorioz, bozkatzeko garaian izugarrizko berdintasuna izan da».

Lehiaketako irabazleak

Epaimahai gaztea ere bat etorri da talde ofizialaren erabakiarekin: «Guk ere uste dugu lehia-ketan parte hartu duten bildumak oso onak izan direla. Erabakia hartzea ez da batere erraza izan, baina azkenean saria Valentziako Caballer FX pirotekniari ematea erabaki dugu. Emanaldian erakutsitako koloreen nahasketa eta erritmoa baloratu ditugu».

Caballer FX konpainiak asteazken gauean egin zuen erakustaldia Donostiako zeruan. Curriculum bikaina dute valentziarrek, eta Aste Nagusiko lehiaketan hainbat maskor lortu dituzte, gainera.

Fireworks for Africa Hegoafrikako su etxeak, berriz, ostegunean erakutsi zuen bere bilduma, eta entzute handia izan du azkenaldian, bera arduratu baitzen Hegoafrikan iaz jokatu zen Munduko Futbol Txapelketako finaleko ikuskizunaz. Hirugarren postuan geratu den konpainia, Bruscella Bartolomeo, lehiaketa ixteaz arduratu zen ostiralean, eta iazko irabazlea izan zen.

Pirotecnia Ricasa konpainiak egin zuen atzo Aste Nagusia amaitzeko ikuskizun musikala, lehiaketaz kanpo. Hark ere hainbatetan irabazi du Urrezko Maskorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.