Eguzkipean sagardo asko edatea arriskutsua dela diote dakitenek. Buruko min galantarekin etxeratzeko arriskua dagoela aipatu ohi dute. Atzo goizean, ordea, halako arriskuekin ahaztuta zeuden Donostiako Konstituzio plazara bildu ziren euskal herritarrak eta atzerriko turistak. Donostiako 31. Sagardo Eguna ospatu zuten, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta. Giro onaren erakusgarri, Ondarroako (Bizkaia) dozena bat andre Japoniako neska batzuekin eskutik helduta ari ziren dantzan. «Lehen aldia da Donostiako Sagardo Egunera etortzen garena. Hamabi lagun etorri gara», esan zuen irribarrez Pakita Urrestik, lagunei argazki bat ateratzen zien bitartean. Sagardo edalontzia eskuan, harrituta zeuden Los Angelestik (Kalifornia, AEB) iritsitako Chris eta Mai Kaneshiro: «Inoiz ez dugu halakorik ikusi. Sagardoa oso ona da, eta hemengo jendea oso abegikorra». Argazki kamera handi batekin zen Alemaniatik iritsitako Remus Brujan: «Gustukoa dut sagardoa, baina ezin da asko edan».
Konstituzio plazako jaia ondo baino hobeto ezagutzen dutenak ere ari ziren sagardoa dastatzen. Ereñotzuko (Hernani, Gipuzkoa) Agustin Aranburu urtero joaten da Donostiako Sagardo Egunera: «Giroa sekulakoa da, oso ona. Beste sagardo egun batzuen aldean, Donostiak beste xarma bat du, berezitasuna badu». Lezoko (Gipuzkoa) Laura Muñozek eta Astigarragako (Gipuzkoa) Alex Urbietak ohitura dute urtero elkarrekin joateko jaira. «Halako jaiak goizez izatea gustatzen zait», azaldu zuen Muñozek. «Gipuzkoako sagardogile gehienak hemen daude, eta hori ez da beste toki batzuetan gertatzen», esan zuen Urbietak. «Nik jai honen propaganda egin ohi dut. Sekulakoa da», ihardetsi zuen Eduardo Garciak, Badajozen (Espainia) jaio baina azkeneko 43 urteak Donostian egin dituen gizonak. Josetxo Jimenez donostiarra ere «ia gehienetan» joaten da Sagardo Egunera: «Zoragarria da. Ingeles talde bat ikusi dut, gida batekin, eta zeharo harritua zeuden denak».
Gipuzkoako 34 sagardotegitako 8.000 botila inguru zabaldu zituzten atzo. Ordiziako Tximista eta Zubietako Araeta sagardotegiak lehen aldiz zeuden Konstituzio plazan. Tximistako Amaia Blazquez «ilusio handiarekin» mintzo zen: «Amets bat da, egia bihurtua. Aukera bat da erakusteko Goierrin ere sagardo ona egiten dela». Araeta sagardotegikoek udarearekin egindako edaria ere eman zuten dastatzeko. Sagardo aparduna egiten hasi dira, berriz, Zeraingo Oiharte sagardotegikoak. «Iaz 1.000 botila saldu genituen. Aurten 4.000 ekoitzi ditugu, eta ikusiko dugu», azaldu zuen Maite Retolazak. Sagardo mota hori ere ekoizten du Astigarragako Astarbek.
Trago eta trago artean, argazki ofiziala atera zuten erakunde publikoetako ordezkariekin. Eta sagardogile elkarteak Elhuyar fundazioa omendu zuen, Sagardoa bidegile dokumentalarengatik.
ATZEKOZ AURRERA
Buruko minaren beldurrik gabe
Donostiako Sagardo Eguna ospatu dute Konstituzio plazan, giro ederrean, eguraldia lagun. 34 sagardotegitako sagardoa dastatzeko modua izan dute bertan bildu direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu