Kazetariek kontuan eduki behar dute zer ondorio izan ditzakeen buru osasunaz hitz egiteko duten manerak. Hala uste du Maria Jose Cano Fedeafes buru osasuneko arazoak dituztenen eta haien senideen EAEko elkarteen federazioko gerenteak (Almendralejo, Espainia, 1966). Izan ere, estigmak kalte handiak eragin ditzake. «Giza eskubideak urratzen ditu», ohartarazi du. Gaiari egoki heltzeko gomendioak eman zituen Canok hilaren hasieran, EHUren Inklusioa, desgaitasuna eta komunikazioa jardunaldian.
Krimen baten ustezko egileak buruko gaitzen bat badu, askotan aipatzen da gaitz hori albisteetan; sarri, titularrean. Baina zer lotura dago buruko gaitzen eta indarkeriaren artean?
Portzentajea minimoa da; are, populazio orokorraren batezbestekoa baino txikiagoa. Baina gertakari deigarriak izaten dira, eta modu morbosoan erabiltzen dira. Pertsona horren gaixotasunak lotura badu gertakariarekin, aipatu egin behar da, noski, baina gaixotasunean azpimarra egiten bada, titularrean nabarmenduta esaterako, gaixotasuna indarkeriarekin lotuta geratuko da iruditeria kolektiboan. Egoera kontrakoa izaten da: buru osasuneko arazoren bat duten pertsonek indarkeria jasan egiten dute, batez ere —iruzurrak, abusuak...—.
Komunikabideek estigma indartu dezakete?
2014an aurkeztu genuen ikerketa batean, ikusi genuen estigmak eremu guztiei eragiten diela: arazoren bat dutenek utzi egiten diote beren buruan sinesteari, eta bere egiten dituzte gizartearen aurreiritziak —autoestigma deritzo horri—. Estigma desgaitasun orotan izaten da: uste da ez direla gai gauza mordo bat egiteko. Buruko gaitzen inguruan ere, beste horrenbeste. Baina, horrez gain, buru osasuneko arazoren bat duten pertsonek aparteko estigma bat ere badute: indarkeriarekin lotzen dituzte. Ikerketa hartan, pertsona batek kontatu zigun batzuek ez zutela nahi beraren semearekin igogailuan egon. Eta batzuek oraindik ezkutatu egiten dute beren egoera, babesteko. Dena den, uste dugu hedabideak aliatuak direla.
Zergatik?
Zergatik sortzen da estigma? Batez ere, ezjakintasunaren ondorioz. Komunikabideek lan oso garrantzitsua egin dezakete pertsona horien egoera islatzen, natural, ezer asmatu beharrik gabe: nola eduki daitekeen buruko gaitz bat eta ama izan, lan egin... Hori kontatzeko, iturrira joan beharra dago. Egia da azterketa egin genuenetik egoera hobetu dela. Komunikabide batzuek gugana jotzen dute kontrastatzeko. Orain, gainera, bi joera ditugu. Urteak daramatzagu borrokan osasun mentalaz natural hitz egin dadin, eta gaur egun kanpainak ikusten dira telebistan; orain urte batzuk, pentsaezina zen. Baina buru osasunaren banalizazioa ere badago, batez ere sare sozialetan.
Nola banalizatzen da?
Edozeri deitzen diogu buru osasuneko arazoa: maite dugun norbaiten heriotza dela-eta triste egotea, azterketen aurretik urduri egotea... Baina prozesu naturalak dira, zerbait patologikoa bihurtzen ez badira. Psikiatrizaziorako joera dago.
Albisteei ez ezik, irudiei ere erreparatzen diezue.
Azterketa aurkeztu genuenean, komunikabide askok eman zuten haren berri. Irudietan, baina, adinekoak ipini zituzten. Buruko gaitzez ari gara: hau da, gazteei erasaten diete normalean. Behin, lanaren inguruko adierazpen bat egin genuen. Haren berri ematen zuen albistearekin batera, eguneko zentro bateko erabiltzaileak ageri ziren, eskulanak egiten.
Terminologiari dagokionez, egokia da buruko gaitzen bat duen pertsona erabiltzea? Azken urteetan, asko entzuten ari dira bestelako alternatibak: adibidez, neurodibergente.
Aldatuz eta eboluzionatuz goaz. Pertsona hitza azpimarratzen dugu, ahaztu ez dadin pertsonak direla: lehen, zoroez hitz egiten zen. Haiek buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak terminoa erabiltzen dute, eta gu ere hori erabiltzen hasi gara. Neurodibergente hitza ez dugu erabiltzen.
Nabarmendu duzu garrantzitsua dela iturrietara jotzea. Baina lekukotza batzuk delikatuak dira... Nola izkin egin gehiegizko esposizioari?
Mugimendu asoziatiboa bozeramaileentzako saioetan inbertitzen ari da, jakin dezaten nola jokatu komunikabideekin, inportantea baita haiei ahotsa ematea, haiek konta dezatela. Batzuek agertu nahi dute, eta, gainera, on egiten die.
lotsabako
Erreferentziazko kazetari bat?
BERRIAko Arantxa Iraola. Arduratzen da, ulertzen saiatzen da, eta beti kontsultatzen digu. Konfiantza ematen dit.Erronka bat?
Estigmaren inguruan sentsibilizatu behar ez izatea.