Tonatan neurtzen da arazoa: Euskal Herrian, milioi bat ardi inguru daude, bakoitzak gutxi gorabehera bi kilo artile sortzen ditu urtean, eta, gaur egun, erretzea izaten da soberakin hori desagerrarazteko modurik ohikoena. Paradoxikoa da, hortaz, ardi latxaren esplotazioa: estimu handia diote haren esnearekin egindako gaztari, baina abeltzainei buruhauste bilakatu zaie ardi moztea. «Ez dago artile onik eta txarrik», ebatzi du Yolanda Sanchez Bilboko Ardi-Ko artisau proiektuaren sortzaileak, eta nabarmendu du mota bakoitza egokia dela gauza batzuetarako, baita ardi latxarena legez lakarrak diren ileak ere: beste herrialde batzuetan, isolatzaile termiko gisara erabiltzen ari dira, eraikuntzan; tapizak ontzeko ere bai, automozioan; distantzia luzeko garraioan botikak babesteko ere baliatzen dute, eta sokak egiteko, esate baterako. Euskal Herrian ere badaude ardi latxen jantzia aprobetxatzeko egitasmoak eta ikerketak.
Ez da oihalgintzarako lehengairik egokiena, gainerako artileak baino gogorragoa eta lodiagoa baita: ardi latxen artilearen zuntz batek 48 mikra ditu, gutxi-asko, eta beste ardien ileak 28 mikra ingurukoak dira. «Gainera, ile oso luzea eta dentsoa dute ardi latxek: masa bateratu bat da, eta horrek asko zailtzen du bereiztea, kardatzea eta garbitzea», esplikatu du Eduardo Loreto diseinatzaile eta Gueñesko (Bizkaia) Basque Biodesign Center-eko ikertzaileak. Sanchezen arabera, sorgin gurpil bat eratu da: ardi latxen artilea ez denez saltzen, ez da zaintzen; eta ez denez zaintzen, ez da saltzen. «Ardi merinoen artean aukeraketa genetikoa egiten da, artilearen ezaugarriak hobetze aldera. Dena den, ardi latxarekin antzeko prozesu bat egingo balitz ere, haren ilea lakarra izango litzateke berdin-berdin», egin du ñabardura artisauak. Izan ere, ile mota horri esker aurre egiten dio ardiak Bizkaiko golkoaren ertzetako klima gogorrari. «Hemen euri asko egiten du, eta ardi latxen artileak asko babesten du hezetasunetik. Ardi merino baten ilea seguruenik usteldu egingo litzateke halako klima duen inguru batean».
«Hemen euri asko egiten du, eta ardi latxen artileak asko babesten du hezetasunetik. Ardi merino baten ilea seguruenik usteldu egingo litzateke halako klima duen inguru batean»
YOLANDA SANCHEZArtisaua eta Bilboko Ardi-Ko proiektuaren sortzailea
Gogortasun hori baliatu izan dute euskal baserrietan jertseak, txapelak, mantak eta galtzerdiak egiteko, baita koltxoiak eta burkoak betetzeko ere. Alabaina, zuntz sintetikoak erabiltzen hasi, eta merkeago ekoizten zituzten produktu manufakturatu horiek; horren ondorioz, ardi latxen artilea baztertu egin zen. Nitxoa ez zegoen erabat agortua, hala ere: COVID-19aren pandemia baino lehen, artalde oparoa zuten abeltzainek —250-600 ardi ingurukoa— animalien ilea saldu egiten zioten aurrena, eta oparitu hurrena, hondakin hori jasotzera etortzen zen pertsona bati, eta hark Indiara eta Txinara saltzen zuen jasotakoa, han alfonbrak egiteko baliatzen baitzuten.
Ilea biltzeko zerbitzua
Izurriak bide hori zarratu zuen, eta abeltzainak ilea pilatzen hasi ziren, harekin zer egin jakin gabe. Ardiak urtean behin edo bitan moztu behar baitira: batetik, beroa jasangaitza egin ez dakien, eta, bestetik, adats artean ez daitezen ugaritu animalientzat kaltegarriak izan daitezkeen mikroorganismoak. Etekinak ezabatuta, prozesu horrek gastuak baino ez dakartza orain: ardi bakoitza mozteko euro eta erdi edo bi euro ordaindu behar dute abeltzainek; lurralde batzuetan, artilea jasotzea ez da doakoa, eta, doakoa denetan, artzainek beren gain hartu behar dute artilea dagokion tokira eramateak dakarren gastua.

Urkiola landa garapenerako elkartea pandemia inguru horretan hasi zen Durangaldeko (Bizkaia) baserrietako artilea batzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta DIBA kooperatibaren laguntzarekin. Biltegi bat atondu, hondakina hara eramateko pare bat egun ezarri, eta baserritarrei gutun bidez jakinarazten dizkiete xehetasunak; aurten, uztailaren 8an eta 9an jasoko dute artilea. Elkarteko teknikariek apuntatu egiten dute zer baserritarrek ekartzen duen hondakina, eta plastikoa batzen duen enpresa bera arduratzen da artilea ere kudeatzeaz, Juan Mari Totorika Urkiola landa garapeneko elkarteko teknikariaren arabera.
Aurreneko urtean, enpresa ahalegindu zen artile hori saltzen, baina ez zuen eroslerik topatu, eta pabiloietan ile andana geratu zen bi urtez. «Arazo bat sortu zitzaien arte. Artilea materia organikoa denez, bustita badago hartzidura hasten da, eta beroa sortu. Kasu honetan, pabiloian sute bat piztu zen hartziduraren ondorioz», kontatu du Totorikak. Harrezkero, Bilboko Zabalgarbi erraustegira eramaten dute Durangaldean jasotakoa, eta han erretzen dute, halaber, Bizkaiko artile guztia. Durangaldean, 10 tona inguru batzen dituzte urtero, eta Bizkai osoan, 70 bat.
«Artilea materia organikoa denez, bustita badago hartzidura hasten da, eta beroa sortu. Pabiloi batean sute bat piztu zen hartziduraren ondorioz»
JUAN MARI TOTORIKAUrkiola landa garapenerako elkarteko teknikaria
Baserrietako artile guztia ez da erraustegira bidaltzen, hala ere. Baserritar batzuek euren kontura kudeatzen dute hondakina. Esaterako, LAHE Karrantzako ardien eta ardi latxen Hazleen Bizkaiko elkarteak proiektu bat abiatu du, norberak konposta egiteko artilea eta sahatsa nahastuta. «Esaten dutenez, nahiko emaitza onak izaten ari da», balioetsi du Totorikak. «Posible da artilea urtebetean desagerraraztea». Bestelako proiektuen berri ere badu teknikariak, eta inoiz harremanetan jarri dira haiekin, jasotako artilearen zati bat aprobetxatzeko asmoz. Dena den, egitasmo horien bidez ez daiteke ile askorik baliatu.
Artea eta eraikuntza
Sanchezek badaki artisautzak ez diola konponbidea emango arazoari, baina uste du balio dezakeela egoerari oihartzuna emateko. Hamazazpi urte inguru daramatza artilea lantzen, eta 2014an sortu zuen Ardi-Ko. Ardi latxaren eta Karrantzakoaren artilea erabiltzen du nagusiki, baina baita ardi merinoarena ere; izan ere, artile mota horri esker diru asko egin da Bilbon, hango portutik ateratzen baitzen Gaztelako Erresumako artile gehiena, artisauaren esanetan. Sanchezek abeltzain txikiekin egiten du lan, eta feltroaren teknika erabiltzen du batik bat, eguneroko objektuak eta pieza artistikoagoak egiteko.
10Durangaldean zenbat tona artile jasotzen diren urtero Urkiola landa garapenerako elkarteak jasotzen du Durangaldeko baserrietan sortzen den artilea. Urtean 10 tona inguru biltzen dituzte.
Adibidez, antzinako zumitza ekartzen dute gogora haren piezetako batzuek. Artzainek gazta drainatzeko erabiltzen zuten zumitza. Zuloek irudi geometrikoak osatzen zituzten, eta irudiok geratzen zitzaizkion inprimatuta gaztari. Sanchezek zamau babesak eta eskularruak egiten ditu antzinako objektu horien historian oinarrituta. Horrez gain, xaboi esfoliatzaileak biltzeko ere erabiltzen du artile lakarra. «Xaboia deseginez doan heinean, feltrozko trapu bat bezala geratzen da, eta makillajea ezabatzeko erabil daiteke», xehatu du. Argia iragazteko egiturak ere egiten dituzte enkarguz, baita kuxinak eta kokotekoak ere.
Artilea errazago prozesatzeko metodo bat garatu du Loretok Basque Biodesign Center-en. Artilea garbitzeko leku gutxi baitaude, oro har, eta hemen inguruan, bat ere ez. «Artilea garbitu gabe erabiltzeko modu bat asmatu dugu, eta, beraz, ur gutxiago erabili behar izatea ere lortu dugu», azaldu du diseinatzaileak. Ozonoaren bidez desinfektatzen dute ilea, propio taxututako makina batzuk erabilita. Araztutako artilea birrindu egiten dute gero, eta, zelulosarekin nahastuta, arkitektura efimeroan aplikatzeko panel gogor batzuk ondu.
«Lanolina erauzteko, oso urratzaileak diren substantzia kimiko batzuk erabiltzen dituzte normalean. Gu, berriz, disolbatzaile ekologikoak erabiltzen ari gara»
EDUARDO LORETODiseinatzailea eta Gueñesko Basque Biodesign Center-eko ikerlaria
Hormigoia ere begiz jota dauka Loretok. Hormigoian arrakalak ager ez daitezen, polipropilenoa erabili ohi da, baina, funtsean, mikroplastikoz osatuta dago gehigarri hori. Loretok ardi latxaren ilea baliatu du helburu bererako. «Batetik, material kutsagarri bat ordezkatzen dugu horrela; eta, bestetik, artile asko aprobetxatu. Hormigoiak nekez desegiten du artilea, eta elementu natural bat gehitu diezaiokegu eraikuntzako elementu bati».
Bide horiek Artilea izeneko proiektuan garatu zituen, eta, orain, beste ildo batzuk ere jorratu ditu. Ardibeltza egitasmoaren barruan, ardi latxen artiletik lanolina erauzteko moduak ikertzen ari da, Tecnalia, Lurgintza eta Unikare Bioscience erakundeekin elkarlanean. Animalion bilgor guruinek iraizten dute lanolina, azala babestu eta iragazgaitz bihurtzeko, eta kosmetikan oparo erabiltzen da, hidratatzaile gisa. «Lanolina erauzteko, oso urratzaileak diren substantzia kimikoak erabiltzen dituzte normalean. Gu, berriz, disolbatzaile ekologikoak erabiltzen ari gara». Zehazki, nades deituriko substantzietara jo du; hau da, disolbatzaile eutetiko sakon eta naturaletara.