Jaiak. Barañain

Buruhandi berrien txanda heldu da

Barañaingo bestetako erakargarri nagusietako bat dira erraldoien konpartsak egiten dituen kalejirak.Aurten bost buruhandi berri dituzte

Herrian ohikoak ziren hainbat ogibide agertzen dituzte Barañaingo konpartsako bost buruhandi berriek. A. PEÑA / PLAZABERRI.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bizilagun berriak dituzte Barañainen (Nafarroa), eta bestetan parte hartzeko gogoz ailegatu dira, gainera. Joan den larunbatean, bost buruhandi berri aurkeztu zituzten herrian, eta hemendik aurrera erraldoiekin batera aterako dira kalejiretan. Beharra bazegoen. Hala nabarmendu du Jose Ramon Bernaldo de Quiros konpartsako presidenteak. Aurretik zituztenak zaharturik eta hondaturik zeuden.

«Oso ongi hartu dituzte buruhandiak; jendeari gustatu zaizkio». Konpartsako presidentea kontent dagoela ezin uka liteke, baina herritarrek ere ederki hartu dute buruhandi berrien etorrera. Lau urte dira konpartsak kide berriak eskatu zituela udalean, eta orain ailegatu dira. Mari Ganuza artisauak egin ditu, erraldoi berriak egin zituen berak, alegia.

Buruhandi zaharrak pasta kartoiz egindakoak ziren; horregatik, egoera txarrean zeuden. Berriak, berriz, poliesterrarekin egin dituzte, etorkizunean hobeki kontserba daitezen. Hala ere, zaharrak ez dituzte botako, eta bestetako egun batzuetan kalera aterako dira, familiako kide berriekin batera.

Buruhandi berriek Barañaingo ogibide zaharrak aurkezten dituzte. Hala egin zuten erraldoi berriak egitean, eta hala jarraitu dute irudi berriekin ere: «Barañainen bizimodua azaldu behar zuten». Etxezaina, bolazaina, arrantzalea, abeltzaina eta nekazaria dira iraganeko Barañainen ordezkari.

Bestetatik harago

Bestetan aterako dira, horiek baitira konpartsarentzat egunik berezienak. «Haurren irribarrea ikusita, ordaina jaso dut», dio Bernaldo de Quirosek. Boluntarioak dira konpartsan aritzen diren guziak. «Haurrek primeran pasatzen dute gurasoekin batera gu ikustera datozenean, eta horrekin aski izaten dugu guk». Horrek eman dio indarra hemeretzi urtez erraldoiekin kalera ateratzeko.

Txupinazoan, larunbateko erraldoien topaketan eta azken eguneko agurrean biltzen dute jende gehien. «Jendeak bere egin ditu erraldoiak. Barañaingoak dira; ezin dira beste leku batean ikusi». Hala ere, kanpora ateratzen dira batzuetan, eta, herrian bertan, ez dira bestetan bakarrik ateratzen. Herri mugimenduarekin harremana dute, eta urtean Barañainen egiten dituzten hainbat jardueratan parte hartzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.