Osasuna. Adimen emozionala

Buruari atseden ematen

2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Aurreko aldian, pilotu automatikoa jarririk bizitzearen inguruan aritu ginenean, ondorioztatu genuen geu konturatu gabe buruak, arrazoiak, barnean dugun etengabeko epaileak jo eta ke ziharduela. Horrela, ezinezkoa da erabateko atsedena lortzea. Ziurrenik, gertatuko zitzaizun noizbait, gauean ustez lotan egon arren, goizean neka-neka eginda esnatu eta altxatu izana. Ulertzekoa! Burua gelditu ezinik dabilenean, geu jabetu gabe ere, pentsatzen, antolatzen, aurreratzen, kezkatzen segitzen dugu — horixe da, hain zuzen, automatikoaren zentzua—.

Horren guztiaren ondorioak ezagunak eta deserosoak ditugu, ordea. Beraz, buruari sosegua emateko aukera benetan interesgarria eta beharrezkoa dela ezin ukatu. Nola, ordea? Galdetu ohi dute buruaren zurrunbiloan harrapaturik bizi diren askok. Hainbat bide daude, baina, hasteko, lehen proposamen bat egingo dut: buruari, arretari, beste zeregin bat emanez.

Zaila egiten da askorentzat burua «huts» edukitzea: ezer ez pentsatzea, alegia… Meditazioa landuz lor daitekeen arren, abiapuntu modura gatozen ariketa samurragoetara: burua gelditu nahian zaudenean, jar ezazu arreta zure arnasketan. Zure arreta arnasan jar ezazu: noraino doan, erritmoa, arnasbideak zabalik edo oztopoekin dauden... Jabetu nola sartzen den eta nola ateratzen den… Arnasa sabel alderaino iristen saia zaitez ahalik eta gehien; hala, minutu batzuetan behintzat, zure arreta zuk nahi duzun horretan egongo da. Eta buruak, zer? Buruak jarraitu nahiko du, noski; hori jakina da, baina utz diezaiogun, eta arnasaren ariketa gozo horri berriro heldu. Merezi du eta.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.