Burrunba baino askoz gehiago da

San Sebastian eguna ospatuko dute astelehenean Donostian. Jendetza espero da aurtengoan ere. Pantaila erraldoi bat jarriko dute kaian, jende pilaketak arintzeko.

Donostiako haurren danborradako iazko argazki bat. JAVI COLMENERO / EFE
Donostiako haurren danborradako iazko argazki bat. JAVI COLMENERO / EFE
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2025eko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun

Raimundo Sarriegirenak izaten dira doinuak, eta danborrenak eta barrilenak hotsak. San Sebastian eguna ate joka dute Donostian. Igande gauerdian lehen dan-danak bandera igotzearekin batera, eta hogeita lau orduko festa eta burrunba etenik gabea hortik aurrera. Baina burrunba baino askoz gehiago da San Sebastian eguna Donostian.

Hilabete askoko lanaren eta entseguen emaitza ere bada San Sebastian eguna. Haurren danborradan 45 konpainiak hartuko dute parte: 5.000 haur baino gehiago arituko dira desfilean. Astelehen eguerdian egingo dute ekitaldi nagusia (12:00): udaletxeko balkoitik gidatuko dute hasiera, eta haurren danbor doinuak hiriko erdialdeko kaleetan barrena zabalduko dira gero. Azken urteetan egin duten bezala, karroza handi bat aterako da haur danborradarekin batera, eta XIX. mendeko pertsonaiak irudikatuko dituzte bertan: alkatea, notarioa, batelaria, arrantzalea, irulea... Ammassorrain Ikastolako Ander Alustiza izango da danbor nagusia, Liher Jimenez alkatea, Gari Perez jenerala, eta Aya Ramlaoune laguntzailea.

Bezperan piztuko da festa, bandera igotzean. Gaztelubide elkarteko Jose Ramon Mendizabal arduratu izan da horretaz azken urteotan, baina, osasun kontuak tarteko, aurten ezin izango du parte hartu, eta Gonzalo Aldanondok ordezkatuko du. Hori izango da berritasunetako bat, eta bestea: pantaila erraldoi bat jarriko dutela kaian, Konstituzio plazako ekitaldia zuzenean ikusi ahal izateko eta urtero-urtero plazan elkartzen den jendetza hori, hein batean behintzat, arintzen saiatzeko —Portaletas inguruan jarriko dute pantaila, eta umeen danborrada eta bandera jaistea ere emango dituzte bertan, ETBren seinalea baliatuz—.

Astelehenean egingo dute Urrezko Danborra emateko ekitaldia ere (12:30). Aho batez erabaki dute aurtengoa Moriarti Produkzioak ekoiztetxeari ematea, eta han izango dira, besteak beste, Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Xabier Berzosa, Donostiako garaikurrik garrantzitsuenetako bat jasotzen. Hiritar Merezimenduko dominak, berriz, larunbatean emango dituzte: Mestiza elkarteak, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, Kontxu Uzkudunek, Iñaki Almandozek eta Radio San Sebastianek jasoko dituzte.

Azpeitian ere bai

Donostia bakarra baita munduan, baina ez da San Sebastian eguna ospatzen duen leku bakarra. Urtero bezala, Azpeitiko (Gipuzkoa) herritarrek ere astinduko dituzte upelak eta danborrak. 30 konpainiak parte hartuko dute. Elkarteetan afaldu ostean, 22:00etan hasiko dute festa igandean, Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuta. Gauerdian elkartuko dira talde guztiak herriko plazan, San Sebastian martxa eta Azpeitiko danborradako gainerako pieza ezagunak jotzeko, Azpeitiko musika bandaren laguntzaz. Han ere egingo dute haurren danborrada, astelehenean, 12:30ean hasita; Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik atera, eta kalez kale ibiliko dira hamar bat talde. Bandera jaitsitakoan bukatuko da festa astelehen gauean.

Tafallan ere (Nafarroa) San Sebastian jaiak ospatzen dituzte. Igandekoa izango da han danborrada nagusia. 19:00etan abiatuko da plazatik, eta hainbat konpainia ibiliko dira kalean zehar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.