Burdinazko erronka

Urtebetez, astero Ironman izeneko muturreko triatloi saio bat egitea erabaki du Ricardo Abad kirolariak Anfas elkartearentzat dirua biltzeko. Iruñean egin du lehena.

Ricardo Abad korrika atzo Iruñean, lehen Ironmana egiten; hainbat lagun izan zituen ondoan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2013ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Izena ez da alferrekoa. Burdinazkoa behar du kirolariak Ironman izeneko triatloi proba egiteko. 3.800 metro igerian, 180 kilometro bizikletan, eta maratoi bat korrika, 42,2 kilometro. Baina horrekin nahikoa ez, eta muturrera eraman du erronka Ricardo Abad tafallarrak orain. Urtebetez, astero Ironman bat egingo du aurten. 52, guztira, urtarriletik abendura. Orotara, 197 kilometro igerian, 9.360 bizikletan, eta 2.194 korrika. Bere buruaren aurkakoa da erronka, baina ez da bere buruarentzako soilik ari. Adimen urriko jendearen alde lan egiten duen Anfas elkartearentzako dirua biltzea du desafioaren helburua. Haientzako ari da korrika, beraz. Urtebetean, 35 Ironmanekoa da egungo marka; 52 egin nahi ditu Abadek. Atzo egin zuen lehena Iruñean; goizeko zazpietan hasi, eta arratsaldeko zortziak pasatu amaitu. Txaloka hartu zuten Oberena Kirol Elkartean jarritako helmugan lagun eta jarraitzaileek. Egindako denbora orokorra: 12 ordu eta 14 minutu. Beste 51 falta zaizkio.

Ezagunak ditu gisa horretako erronkak Abadek. Eguneko maratoi bat egiten eman du azken urte eta erdia. 500 egunetan 500 maratoi egiteko erronka jarri zion bere buruari 2011n, eta lortu egin zuen, gainera. Ez hori bakarrik. Jarraitzea erabaki zuen 1.000 egin ote zitzakeen ikusteko, baina babes ekonomikorik gabe gelditu, eta 607. maratoian bertan behera utzi behar izan zuen egitasmoa. Erabaki gogorra izan zen hura Abadentzat, eta benetan tristea da haren aurpegia egun hartako argazkietan. Ez zion luze iraun tristurak. Bizikleta hartu zuen handik bi egunetara, eta eroso sumatu zuen bere burua. Igeri egiten hasi zen gero, eta hala hasi zen bere hurrengo asmoa prestatzen. Eta asmo zena egitasmo bilakatu da orain.

Gorputza gainditzearen poza

Lehen urratsa baino ez zen izan atzokoa. Badaki gerora zer datorkion: «Badakit gorputza mugara eramango dudala, baina arduraz arituko naiz». Ezagutzen ditu muturreko une horiek Abadek, eta gaindituak ditu behin baino gehiagotan. «Ahultasun uneetan, zalantzak zure gogoa hartzen duenean, eta indar fisikoa galdu duzula dirudienean, familiako detailerik txikienek eta unerik intimoenek indar geldiezinez egiten dute zure gogoetarainoko bidea. Orduan, istant gozoek gaina hartzen diote minari, eta muga jada ez da eskuraezina. Poz handia sentitzen da zure gorputza gainditzeko gai zarenean».

Abad ez da kirolari profesionala, eta bere eguneroko bizimoduarekin uztartu beharko du, horregatik, 52 triatloien erronka. Familiari eta lanari ere eskaini nahi dio denbora, eta eskaini behar, gainera, astelehenetik ostiralera aritzen baita lanean.

Dirua biltzea da asmoa, eta horregatik 25 euroan jarri ditu salgai erronkaren kamisetak, eta igeri egiteko egunero erabiliko dituen txanoak ere eskuratu daitezke 20 euroren truke. Txano bat jantziko du eguneko, eta buruan agertuko du, beraz, azken helmuga eta egunekoa. 1/52 jartzen zuen atzo soinean zeramanak, eta 52/52 jarriko du azkenekoak. Hogeita hamaseigarren saiokoa eta azken egunekoak bereziak izango dira, gainera, enkantean salduko baitituzte.

Ricardo Abaden egunerokoa irakurri nahi izanez gero, eta, ekimenarekin bat egin nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.ricardoabad.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.