Denboraldia amaitzear da Eneko Llanos triatleta (Gasteiz, 1976). Urriaren 13an, Konako Ironmana egingo du, eta hilaren 28an, Mauiko XTerra triatloia. Hawaii uhartean egingo ditu biak, eta dagoeneko han da gasteiztarra. Lehenengoa, distantzi luzekoa da; bigarrena, laburragoa. Urte askotan lehiatu da proba hauetan. Gehienetan lehenengo hamarren artean egon da. Mauikoa bi alditan irabazi du, eta Konan, bigarren postua eskuratu zuen 2008an.
Hawaiiko helburua martxoan hasitako denboraldia «ondo amaitzea» da, aurrean ibili eta emaitza onak lortuta. Urte askotako eskarmentua du dagoeneko Gasteizkoak. Urtero proba ugari egiten ditu munduan zehar. «Baina Hawaiikoa, Konako Ironmana, denboraldiko probarik garrantzitsuena da niretzat», azaldu du.«Ironmana Hawaiin jaio zen, historia handia du atzean eta, horregatik, xarma berezia duen proba bat da. Oso berezia da», azpimarratu du. Munduko txapelketa da, maila handiena duena, eta, horregatik, «ilusioa eta motibazioa gainontzeko probetan baino handiagoak dira».
Zailtasun handiko ironmana da Konakoa. Munduko berrogeita hamar triatleta onenak biltzen dira, sekulako triatletak. «Hemengo maila izugarria da», azpimarratu du. «Munduko onenak hemen izaten gara, eta guztiok dena ematera joaten gara. Denon helburua irabaztea izaten da». Hori nahikoa ez, eta tenperatura altuari eta hezetasun handiari egin beharko diete aurre parte hartzaileek. Guztira, 1.800 izango dira.
Gogor aritu da lanean Llanos Hawaiikoa prestatzen. Gasteizen jokatutako Distantzia Luzeko Triatloiko Munduko Txapelketan bigarren amaitu ostean, atseden hartu zuen, eta, ondoren, gogotsu heldu zion Hawaiikoa prestatzeari. «Entrenamenduak oso ondo egin ditudala esango nuke, eta plangintza ere ondo bete dut. Ondo nagoela uste dut. Motibatuta nago, eta saoi aldetik ere ondo sentitzen naiz. Gogorrena eginda dago».
Iaz, ez zuen zorte onik izan. Sabeleko arazoak zirela medio, erretiratu egin zen bizikletako probaren ondoren. Horregatik, «iazko porrotaren ondoren, espero dut arazo fisikorik ez izatea eta nire maila eman ahal izatea. Helburu nagusia gutxienez proba amaitzea da. Badakit zaila dela, baina onena eman eta aurrean egotea gustatuko litzaidake».
Bi aste barru izango da Konako Ironmana, baina dagoeneko Hawaiin da Llanosen taldea. «Aurten bestetan baino lehenago etorri gara. Garrantzitsua da hemengo ordutegira eta klimara moldatzea. Hamabi orduren aldea dago, eta beroa eta hezetasuna oso handiak dira». Entrenamendu batzuk ere egingo ditu tarte horretan: «Lanik gogorrena Gasteizen egin dut. Hawaiin ez dut entrenamendu gogorrik egingo, baina saio batzuk egingo ditut, bertako egoeretara ere ohitzen joateko. Garrantzitsuena, ordea, lasai egotea da».
Tibian periostitisak jota ibili zen triatleta aste batzuetan Gasteizko probaren aurretik, eta, ondorioz, lasterka aritzeko arazoak izan zituen: «Aste batzuetan gaizki ibili nintzen, baina entrenamenduetan ondo aritu naiz eta askoz hobeto daukat. Proba honetara begira nahi nituen korrikako entrenamenduak egin ahal izan ditut minik sentitu gabe, eta oso gustura nago. Dagoeneko, ahaztua dut lesioa, eta ez dut uste proban arazorik izango dudanik».
Merezitako atsedena
Oso goiz hasi zuen denboraldia Llanosek, eta «oso nekagarria» izan dela aitortu du. Urriaren 28an XTerra proba eginda denboraldia amaitzeko gogoa du dagoeneko. «Aurten beste urteetan baino gutxiago lehiatu naiz, baina egindako probak oso gogorrak izan dira». Lau proba egin ditu zazpi hilabetean: martxoan, Abu Dhabiko Ironmana (Arabiar Emirerri Batuak) eta Melbournekoa (Australia) egin zituen; ekainean, Zarauzko triatloia; eta uztailean, Distantzia Luzeko Triatloiko Munduko Txapelketa, Gasteizen. Gustura geratu da lortutako emaitzekin: «Uste dut denboraldi ona egin dudala, eta pozik nago». Abu Dhabin, hirugarren postua eskuratu zuen; eta Melbournen, laugarrena. Denboraldia ondo amaitzeko xede bakarra du : «Hurrengo bi probak ondo amaitzea; aurrean ibili eta emaitza onak lortzea».
Atsedenarekin amesten du. «Iaz, oso berandu amaitu nuen denboraldia, eta Hawaiikoa egin eta gero, atseden on bat hartuko dut. Horixe dut buruan», dio. 2013ko helburuak ez ditu finkatu oraindik: «Datorren denboraldiko egutegia pentsatu gabe daukat. Hawaiin lortzen ditudan puntuen araberakoa izango da. Atsedenaren ondoren hasiko naiz hurrengo denboraldia planifikatzen».
Burdinazko benetako gizona
Eneko Llanos triatletak Konako Ironmana egingo du hemendik bi astera, Hawaiin. Han da dagoeneko, eta sasoiko sentitzen da. Aurtengo «denboraldi gogorra» urriaren 28an bukatuko du, XTerra triatloia jokatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu