Durangoko (Bizkaia) Arte eta Historiako Museoan ikus daiteke Iñigo Arregiren (Arrasate, Gipuzkoa, 1954) lana, hilaren 30 arte.
Zer aurkitu dezake ikusleak erakusketa horretan?
Erakusketak 10 eskultura, 12 erliebe eta hiru margolan biltzen ditu. Horietatik hiru, bi eskultura eta erliebe bat, berriak dira, erakusketa horretarako bereziki eginak. Nire lanaren bilduma da, nolabait. Sarrerako eskultura, adibidez, Durango bat deitzen da. Herriaren omenez sortu dudan eskultura da. Eta bat jarri diot, aurrerago besterik sortuko dudalako. Niretzat maitagarria den beste eskultura bat ere ikusgai da, Haizeak gordetzeko lekua badu izenekoa. Mikel Laboaren omenez egindako lana da.
Zergatik burdina eta egurra?
Euskal Herrian betidanik ezagutu ditugun materialak direlako, oso normalak. Burdinaren usaina barruan sartuta daukat gazte nintzenetik. Burdinola garrantzitsuak ezagutu ditugu inguruan. Eta niretzat xarma berezia du, egurrak bezala.
Eta lerro kurbatuak?
Estetikaren ondorio dira. Artista bakoitzak hizkuntza bat erabiltzen du, formaz baliatzen da nahi duen mezua helarazteko.
Kolore biziek leku gutxi dute zure eskulturan; zer dela eta?
Sartzen ari naiz, poliki-poliki, baina niretzat ez du zentzurik burdina koloreztatzeak. Datuak desagertzen dira, ikusleak ez daki burdina, egurra edo plastikoa dagoen azpian. Beste batzuetan, berriz, bulkada bat bihur daiteke, lana indartu dezake. Baina, normalean, altzairua biluzik uztea gustatzen zait. Eta naturak eman diezaiola azken ukitua.
Eskulturak naturaren eskuetan uzteak badu bere xarma.
Denborarekin altzairua oxidatu egiten da, prozesuaren azkeneko urrats gisa. Naturak bere egiten du eskultura, eta azken zertzeladak lantzen. Joko hori asko gustatzen zait, poetikoa da oso.
Zure lana abstraktua da?
Ni ez naiz hala sentitzen, nire parametroak figuraziotik sortzen dira, nahiz eta azkenerako ia desagertu eta, agian, abstraktu iruditu. Nik neuk ere zalantzak ditut.
Nondik jaiotzen da lan bat, barrutik hala kanpotik?
Nik beti izan du barruan obrak sortzeko behar bat, baina askotan kanpoko bizipenen batek aparteko motibazioa eragiten du. Kanpokoak ere eragiten digu, obrak norberaren bizitza diren heinean.
Eskultura bat sortzerakoan, ideia idatzita egoten da aurretik edo sormenari muga zabala uzten diozu?
Oso librea naiz, pieza bat hasten dudanean ez dakit nola amaituko den. Askotan saio okerrak ere egiten dira, bide bat hartu, ez gustatu, eta berriro hasi behar. Sormen lan hori benetan interesgarria da.
Erreferenterik izan duzu artearen munduan?
Artista eta gizon ikasi gisa, Jorge Oteiza. Estetikaren aldetik baino gehiago kontzeptu aldetik, eta baita alor pertsonalean ere.
Margolaria ala eskultorea?
Oso lotuta egon naiz beti eskulturarekin. Eskultore gisa hasi nintzen, eta gero margotzeari ekin nion, praktikoagoa zelako. Baina margotzen nuenean ere eskultore nintzela esaten zidaten. Orain bi euskarriak lantzen ditut.
Krisiak nola eragin du artean?
Egia da mugimendu gutxi dagoela, obrak geldirik daude, eta artisten artean tristura zabaldu da, galeriak ere ixten ari direlako. Baina nik lehen bezala edo lehen baino gehiago egiten dut lan. Barruko behar hori ez da gelditzen.
Iñigo Arregi. Margolari eta eskultorea
«Burdina koloreztatzeak ez du zentzurik, datuak desagertzen direlako»
Euskarri irmoak eta forma arinak uztartzen ditu eskultorearen lan oparoak. Hilaren amaiera arte ikusgai daude Durangon artistaren margolanak, eskulturak eta erliebe bereziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu