Telesailak

Burbuila bezain hauskorra

David E. Kelley estatubatuarrak 'The Undoing' telesaila aurkeztu du, 'Big Litte Lies' goratuaren ostean

Aktore protagonistak Nicole Kidman eta Hugh Grant. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Izugarri ahula da burbuila, nahikoa da hatz ttipiaz ukitzea, edo putz egitea, desegin dadin. Haren inguruan denak dirudi perfektu, denak harmoniazko, betiko hausten denera arte. The Undoing telesailaren sarrerako irudietako bat da burbuila, azkena eta adierazgarriena.

Eliteko bikote baten harremana da kontakizunaren ardatza. Bizitzako helburu nagusiak bete ditu emakume psikologo batek, eta azken ukituak ematen ari zaizkio estreinako liburuari. Alboan du senarra, gizon leiala, onkologo ospetsua eta diziplina handikoa. Semea New Yorkeko eskola garrantzitsuenetako batera eraman dute. Aktore protagonistak Nicole Kidman eta Hugh Grant dira; luxuzko gonbidatua, berriz, Donald Sutherland. Zinema munduko hiru izen propio.

Dena den, ikusleak berehala nabarituko du haien burbuilan ezer ez dela intentzio eta maleziarik gabea. Muturreko heriotza batek hautsiko du itxurazko harmonia, eta arazoak bata bestearen atzetik helduko zaizkie, ur-jauzi baten gisan.

Hollywoodeko izarrez gain, beste bi artista handi ere baditu telesailak. Susanne Bier Oscar saridun danimarkarrak zuzendu ditu istorioko sei atalak; sortzaile nagusia, berriz, David E. Kelley da. Telebistarako gidoigile gisa hiru hamarkadako ibilbidea egin du dagoeneko Kelleyk, baina 2017an bilakatu zen batez ere ezagun, Big Little Lies lan goratuaren eskutik. Hain justu, haren protagonistetako bat izan zen Kidman.

Koktelak ezin aproposagoa zirudien, harmonia perfektua sortzeko moduko konbinazioa. Baina, tamalez, ametsezko burbuilak ez du luzaroan iraun. Telesailak desagertzen ari den narrazio klasikotik edan du, pertsonaiak su geldoan eraiki ditu, xehetasunez beteriko geruzak erantsiz. Gainera, protagonisten gainbehera eta hutsune emozionala irudien bidez islatu ditu, hiriko guneak baliatuta. Kale pilatuetan zein etxe hutsetan, bakarrik sentitzen dira. Koloreek ere berebiziko garrantzia dute pertsonaien nortasuna eta gatazka narratiboak jorratzeko orduan.

Baina galako trajea josten hasi eta berehala erratuko dute sortzaileek puntada bakoitza. Telesaila abiatu bezain laster, sentipen sakonak jarriko dituzte ia ezagutzen ez ditugun pertsonaien begi eta ahotan, drama sentikor zena pasarte erabat bortitzetara igaroko da bat-batean. Handik segundo gutxira, oso bestelako itxura hartuko du: presio mediatikoa eta polizia thrillerra bihotzean daramaten kontakizunen tankera. Eta bide horretan ia Big Litte Lies telesailaren kopia merkea bihurtuko da... aparteko gihar dramatikorik gabe.

Pantaila parean daude pertsonaiak, baita Kidman, Grant eta Sutherland lehen mailako aktoreak ere, baina hori ez da nahikoa. The Undoing noraezean doa, eta desorekatua da, nahasgarria, frustragarria eta hutsa. Harrigarria da halako osagai apartekin emaitza horren kaskarra izatea. David Fincherren Gone Girl filma ekar lezake gogora une jakin batzuetan; hori ere nobela batean oinarrituriko lana izan zen. Hurrengorako, ordea, Kellyk hobe luke Fincherren burbuilari jarraitu, eta ez HBOko ekoizleenari. Artelanak eskertuko du, eta ikusleek ere bai.

'THE UNDOING'
Sortzaileak: David E. Kelley, Susanne Bier.
Aktoreak: Nicole Kidman, Hugh Grant, Edgar Ramirez, Noah Jupe, Donald Sutherland.
Herrialdeak: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.