Jaiak. Iruñeko sanferminak

Burbuila isil bat zurrunbiloan

Iruñeko Udalak Zentzumenen Babeslekua sortu du, «sentsibilitate akustiko handia» duten haurrei eta sanferminetako iskanbilatik ihes egin nahi dutenei begira.

Zentzumenen babeslekua, Kondestablearen jauregian.  CRISTINA NUÑEZ BAQUEDANO / IRUÑEKO UDALA
Zentzumenen Babeslekua, Kondestablearen jauregian. CRISTINA NUÑEZ BAQUEDANO / IRUÑEKO UDALA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko uztailaren 12a
12:00
Entzun

Txaranga bat dabil Kale Nagusian barna, The Beatlesen Ob-La-Di, Ob-La-Da abestiaren brass bertsio karrankari bat jotzen. Hogei bat metrora, San Saturnino elizaren eta Campana kalearen artean, kiliki eta buruhandien kartoi-harrizko buruak ageri dira jendetzaren artean. Patata kilikia oroigarrien denda batean sartu da neska-mutiko batzuei segika, eta arrapaladan atera dira denak builaka eta bultzaka. Danborrak eta gaitak hasiak dira kalejiraren doinuak jotzen, eta dantzari ekin diote erraldoiek, baina arazoak dituzte jendetzaren artean pasatzeko. Besoak aldakan pegatuta, bizkarraldea izerditan blai eta abanikoak dantzan. Kosta egiten da mugitzea Antsoleaga eta Campana kaleen arteko metroetan, inor zapaldu gabe. Jende pilaketaren bestaldean, peñetako ereserkien remix burrunbatsu bat aditu daiteke, taberna baten bozgorailuetatik danba-danba. Dezibelek belarriak astintzen dituzte sanferminetako edozein egunetan.

Izan ere, zalaparta eta kaosa dira Iruñeko festen ezaugarri nagusiak. Zarata eta jendetza. Askok biziki maite dute sanferminen alde hori, baina beste batzuentzat jasangaitza izan daiteke denbora luzez lurrikararen epizentroan egotea. Bereziki sufritzen dute haur txikiek, sentsibilitate akustiko handia dutenek, adimen desgaitasun bat dutenek edo espektro autistaren barruan direnek. Horiei begira, eremu berezi bat atondu du Iruñeko Udaleko Kultura alorrak, aurtengo sanferminetan estreinakoz; isiltasuna nagusi den uharte txiki bat, ozeano burrunbatsuaren erdian: Zentzumenen Babeslekua.

«Anfas elkartearekin eta Traza sormen espazioarekin elkarlanean sortutako egitasmoa da», azaldu du Eva Poumek, Iruñeko Udalaren Civivox sareko kultur kudeatzaileak: «Eremu inklusibo eta irekia da, eta haurrak etor daitezke lasai egotera eta, zentzumenen bitartez, askotariko esperientziez gozatzera». Kondestablearen jauregiko patioan zabaldu dute Zentzumenen Babeslekua, eta arteterapian aditua den Ana Rosa Sanchezek diseinatu du eremu osoa. Baretasunaz, lasaitasunaz eta bestelako aisialdi xaloago batez gozatzeko gunea da, funtsean. Burbuila bat, festaz beste era batera gozatzeko: «Jende pilaketarik gabeko, bultzadarik gabeko eta zaratarik gabeko proposamen ludiko bat da, bereziki diseinatua desgaitasunen bat edo jendetzekiko eta soinu karrankariekiko sentsibilitate berezia duten haurrendako».

Eraikinera sartu eta berehala nabari da aldea: kaleko burrunba askoz apalago aditzen da Kondestablearen jauregiko harrizko murruen atzean, eta haurrak lasai ari dira eskulanak egiten, taldeka irakurtzen eta oihalekin jolasten. Bost txokotan banaturik dago eremua, eta bakoitzak lotura du zentzumen batekin: Ukitu/Kontaktatu, Usaindu/Usnatu, Begiratu/Ikusi, Ahogozatu/Hitzez jariatu eta Entzun/Gelditu.

«Eraikineko patioan paratu ditugu ikusmenarekin, usaimenarekin, ukimenarekin eta dastamenarekin lotutako jolasak, haurrak nahieran ibil daitezen txokoen artean», esplikatu du Poumek. Beheko solairuan, berriz, Entzun/Gelditu gunea atondu dute: «Apartatuago dagoen txoko bat da, ilunagoa eta isilagoa. Baretasuna bilatzen duten pertsonentzat diseinatua dago, eta musika lasaia da entzun daitekeen bakarra».

Edonorentzat zabalik

Zentzumenen Babeslekua bereziki haurrei begira diseinatua dagoen arren, «edonorentzat zabalik» dagoela azpimarratu du kultur kudeatzaileak: «Familiak etortzen zaizkigu batez ere, haur txikiekin, baina baita lasai egon nahi duten helduak ere. Adimen desgaitasunen bat edo aniztasun funtzionala dutenen talde ugari ere etorri dira, asko eskertzen baitute festaren erdian giro lasaiago hau topatzea. Oso mesedegarria da espektro autistan direnentzat ere, kalean estimulu eta elementu estresagarri gehiegi daudelako».

Aurten lehen aldiz paratu du udalak halako eremu bat sanferminetan, eta Poume «oso pozik» azaldu da esperientziarekin: «Egitasmoak ederki funtzionatu du orain arte, jende asko etorri baita goizez nahiz arratsaldez». Haren esanetan, «oso alternatiba interesgarria» izan daiteke iskanbilatik ihesi doazenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.