Bulegoko lanek erosoak izateko ospea dute, nekatzen ez dutenak. Baina oso ohikoa da bulegoetan aritzen diren langileek arazo fisikoak izatea. Ordu luzez jesarrita, jarrera jakin batzuetan eta ordenagailu aurrean egoteak uste baino arazo gehiago sortzen ditu. Oñatiko Ulma enpresan (Gipuzkoa) egoera horri buelta emateko neurriak hartzen ari dira, duela zazpi urtetik.
Astean bi aldiz, astelehen eguerdietan eta asteazken arratsaldeetan, langile guztiei zabaldutako kirol saioak egiten dituzte, ordubetez. Enpresak dituen egoitzetako batean horretarako egokitutako gimnasio bat dute. Izaskun Urkiola Arrasateko Athlon enpresako kidea da ikastaroak emateko arduraduna: «Hasieran, lanpostuan izaten zituzten arazoak gainditzeko gomendioak ematen genizkien».
Iñaki Igarzabal enpresako medikuak dioenez, arazo nagusiak lepoan eta bizkarrean izaten dituzte langileek, «jarrera desegokian egoteagatik». Ohitura txar horiek gainditu eta zuzendu ondoren, helburu orokorragoetara jo dute. «Bizimodu osasuntsua bultzatu nahi dugu», dio Igarzabalek. «Osasunarekin arduratsu izateko kontzientzia sortu behar da», gehitu du Athlon enpresako Izaskun Urkiolak, «ea ondoren beren kabuz ekiten dioten kirolari». Etorkizunean, enpresaren barruan osasunarekin lotuta egiten dituzten egitasmo guztiak Izan osasuntsu kanpainan kokatu nahi dituzte, baita kirol jarduera bultzatzeko martxan duten hori ere.
Elkar ezagutzeko tokia
50 langile inguru pasatzen dira astean kirol saio horietatik. Astelehen eguerdietan asteazkenetan baino gehiago, «bakoitza bere aukeren arabera, baina jendea, oro har, beti etortzen da», dio Igarzabalek.
Kirola egiteko saiora iritsi, eta, lehendabizi, bakoitzak beroketa saio batzuk egiten ditu bere kabuz. Ondoren, taldean, hainbat luzapen eta ariketa egiten dituzte. Urkiolak langileek eginiko eskaerei eta arazoei egokitutako proposamenak egiten dizkie.
Langileek oso balorazio ona egiten dute egitasmoaz. Begoña Urrestarazu langilea ahal duen guztietan joaten da saioetara: «Aste osoan kirola egiteko dudan tarte bakarra da». Urrestarazuk dio ohitura osasuntsu horiek hobeto egoten laguntzen diotela eta jendea ezagutzeko aukera ere eman diotela: «Oso giro ona dago gure artean», gehitu du. Ulmak zortzi enpresa ditu Oñatin, eta, kirol ariketak egiteko, denak elkartzen dira. Marian Gomez langilea ere gustura dago egitasmoarekin: izerdia botatzeko balio izateaz gain, lanean dagoenean jarrera ondo mantentzeko balio dio. Bide batez beste enpresetan zertan ari diren jakiteko eta hango jendea ezagutzeko ere balio dioladio.
Saioa amaitutakoan, lantokian bertan dutxa hartu eta bakoitzak bere bidea hartzen du, hurrengo saiora arte.
Bulegotik gimnasiora
Oñatiko Ulma enpresak gimnasio bat egokitu du langileen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko. Arrasateko Athlon enpresakoak arduratzen dira kirol saioak gidatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu