Munduko hainbat kulturen topagune bihurtuko da hiru egunez Arrasate (Gipuzkoa). Asteburu bete jai antolatu dute ostiral, larunbat eta iganderako. Izan ere, Mundumira munduko kulturen jaia itzuli egin da urtebeteko etenaren ondoren, bete-betean itzuli ere.
Arrasate izango da aurten Mundumiraren gune nagusia, eta giro onaz, musikaz, gastronomiaz, azokez eta kirolaz beteko da herria asteburuan. «Urtebeteko etenaldiaren ondoren, hobetuta dator Mundumira», Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatearen hitzetan. «Zalantza barik kultura, sentsibilitate, bizipen eta sentsazioz betetako asteburua izango da», adierazi du alkateak.
Musika izango da, beste behin, jaialdiaren ikurretako bat. Arrasateko Biteri plazan egingo dituzte kontzertu nagusiak. Besteak beste, Kiko Veneno, Betagarri, Yemamah, Joseba Irazoki, Urko Menaia, Family Mbolo, Damba eta Mery May izango dira jaialdian. Ikuskizunak, txangoak eta kirol erakustaldiak ere ez dira faltako festan.
Mendizaleek goizero izango dute Debagoieneko mendiak ezagutzeko aukera. Besaide mendi elkarteak mendi ibilaldia eta BTT zeharkaldia antolatu ditu.Arrasateko Eskuartean artisau taldeak, berriz, artisautza tailerrak egingo ditu. Umeek ere izango dute euren gunea: puzgarriak eta jolasak izango dira Arrasateko Biteri plazan larunbat eguerdi eta arratsaldean eta igande eguerdian.
Bederatzigarren jaialdia da aurtengoa, eta, aurrekoetan bezala, Debagoiena mundura zabaltzeko jaia ere izango da asteburuan egingo den Mundumira. «Hainbat kultura biltzeaz gain, Debagoiena eskualdea ezagutzera ematea du helburu jaialdiak», azaldu du Igor Ezpeleta Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako presidenteak.
Ekologiaren azoka
Jaialdia Arrasaten izango da, baina eskualdea ezagutzeko hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte. Mundumiraren urtebeteko etenaren inguruan horrela mintzo da Ezpeleta: «Mundumiraren ikuspegiari bira bat eman behar zitzaiola uste genuelako egin dugu urtebeteko etenaldia. Mundumira jaia handituz joan da urtez urte, eta identitate zeinua dauka dagoeneko. Baina munduko kultura gure eskualdera ekarri nahi dugun moduan, eskualdean daukaguna kanpora atera nahi dugu».
Aurreko urteetan bezala, kultura, turismoa eta kirol jarduerak uztartuko dituzte jaialdian. Gainera, aurten artisau eta gastronomia azokez gain, nekazaritza ekologikoaren azoka ere izango da. Elkartasunari ere lekua egin diote: Mundumiraren elkartasun elastikoa jarriko dute salgai, gobernuz kanpoko proiektuetan laguntzeko.
Aurtengo berrikuntza nagusia Ekoferia izango da, produktu ekologikoen eta janari lasaiaren feria, alegia. Larunbatean eta igandean izango da eta zenbait erakusketa, hitzaldi eta dastatze izango dira.
Zirkulazio arazoak saihesteko, Debagoieneko Zero Zabor taldeak beste berrikuntza bat plazaratuko du: aurten bizikletentzako aparkaleku bat ezarriko dute Biteri plazan. Autokarabana eta furgonetentzako aparkaleku bereziak egongo dira Eroski inguruan; baina, gainerakoan, garraio publikoa erabiltzera animatu nahi dituzte Mundumirara joan nahi dutenak.
Debagoiena eskualdearen irudia Euskal Herrira zabaldu nahi dutela esan dute antolatzaileek. «Kulturari estu lotuta dagoen jaialdia izateaz gain, Debagoiena mundura zabaltzeko punta-puntako erakusleihoa da Mundumira», Arrasateko alkateak esan duenez.
Euskal Herria liburu bildumak, Ginmusika ekoizpen etxea eta Debagoieneko Mankomunitatea arduratu dira Mundumira antolatzeaz, baina eskualdeko hainbat elkartek, enpresak eta gobernuz kanpoko erakundek ere lagundu dute.
Bueltan da Mundumira
Arrasateko kale eta plazak munduko kulturen bilgune izango dira ostiraletik igandera bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu