PROPOSAMENAK

Bueltan da Irun erromatarra

Sorberritze historikoak, gastronomia, erromatar azoka, antzerkia eta ikuskizunak izango dira asteburu honetan Dies Oaissonis jaialdian. Irungo Oiasso museoan da Erromatar jaialdia

Dies Oiassonis jaialdiaren 2019ko antzerki emanaldietako bat. OIASSO MUSEOA.
Joseba Arratibel Ladron.
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Bi urte igaro dira Irunen (Gipuzkoa) Dies Oaissonis jaialdia azkenekoz normaltasunez egin zenetik. Aurten, gaurtik hasita igandera arte izango da. Irunek erromatar iraganarekin lotutako ondare historikoa du eta horren isla da asteburu honetako jaialdia. Gaur, osteguna, jaialdiaren lehen eguna da, nahiz eta aurretik ekitaldi batzuk antolatu diren.

XII. aldi honetan, ondare historikoa islatzeko, erromatar inperioko janzkerak, agertokiak, materialak, zirkua, azoka, antzerkia, antzezpen historikoak, tailerrak, esperientzia gastronomikoak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Horretaz gain, duela gutxi, hainbat saiakeraren ondoren, museoaren atzealdean dagoen zoruan termen aztarnak agertu zirela esan du Juanjo Jimenezek, Irungo Oiasso museoko zuzendariak: «Oiasso nolakoa izan zen hobeto aztertzeko aurkikuntza handia izan da». Asteburu honetan, museoaren parean panel batzuk jarri dituzte nola geldituko den erakusteko. Urte amaierarako zabaltzea espero dute.

Jaialdia indartzeko asmotan, Irungo Udalak apustu handia egin du; izan ere, 2019ko aurrekontua bikoiztu dute. «Iaz jaialdi egokitua egin genuen, baina aurten oso-osorik berreskuratzea lortu dugu», azaldu du Jimenezek.

Zuzendariaren ustetan, Irunek duen ondare historikoak identitatea ematen dio hiriari, «bai kulturan eta bai turismo arloan».Gainera, historia horren berri emateko beste museo batzuekin elkarlanean jarduten dute.

Jarduera programa

Museoak urte osoan bultzatzen du elkarlana elkarteekin egitea —Irungo merkatari eta ostalariekin— eta herritarren parte hartzea. Horren isla da jaialdi horretan egingo den antzezpen historikoetako bat: Iris jainkosari nabigazio garaiko prozesio zeremonia egingo zaio, eta 100 bat herritarrek parte hartuko dute.

Zirkua bihar hasi eta igandera arte egongo da, egunaren arabera ordu ezberdinetan. Sarrerak turismo bulegoan eta museoan eskuratu daitezke, 4 euroan, eta larunbat gauean, 5 euroan.

Azoka erromatarra gaurtik igandera arte egongo da, goiz eta arratsalde, Fermin Kalbeton eta Foru kaleetan, eta Jenaro Etxeandia plazan. Bertan, artisau produktuak egongo dira.

Antzerkiari dagokionez, bost ikuskizun egongo dira. Batzuk doakoak izango dira, baina denak ez. Horietako batzuk Oiasso museoak antolatutako antzerki tailerretako kideak antzeztuko dituzte. Horretarako, irakurketa dramatizatuez baliatuko dira, hala nola Aristotelesen zenbait testu hartuta.

Tailerrak ostiraletik igandera izango dira, denak museoko plazatxoan, eta ordaindu beharrekoak dira, 4 euroan, larrugintzakoa izan ezik. Larrugintza tailerraz gain, bestelako tailer batzuk ere eskainiko dira: bitxi erromatarrak, kaskoak eta diademak, jostailu erromatarrak, antzerkiko maskarak, erromatarren amuletoak eta zintzilikatzeko apaingarrienak.

Dies Oiassonis jaialdia



XII. Erromatar jaialdia, gaur, bihar, larunbatean eta igandean, Irungo Oiasso museoan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.