SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). Ladakh.

Budaren mendiak

Lur idorrak, ibai emaritsuak, mendi elurtuak... Kontrastez betetako paisaiak biltzen ditu Ladakhek (Kaxmir). Kulturan eta erlijioan tibetar izaera duenez, 'Tibet txikia' ere deitzen diote. Beren usadio zaharrak bizirik mantentzen saiatzen dira ladakhak.

Budaren mendiak.
Mikel Txertudi, Maite Fernandez
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Inoiz mendien ahotsa entzun duenak ezingo du inoiz ahantzi»Tibetar esaera

Ladakh ezagutzera gerturatzen diren bidaiarien zentzumenek errealitate desberdin bat dastatzeko beta paregabea izaten dute. Kontrastez betetako paisaiak, non kolore askotariko lur idorrek, ibai emaritsuek eta mendi elurtuek modu harmoniatsuan puzzle perfektua osatzen duten. Jendeak, otoitzak, lanak eta isiltasunak atmosfera berezi eta erakargarria osatzen duten lurralde hauetan, egunerokotasuna antzinako bizimoduarekin korapilatzen da. Bere orografiaren handitasunean, mendien magal eta muinoetan eskegita dauden monasterioetako otoitzen doinua eta intsentsuaren usaina hedatzen dira noranahi. Espiritualtasunak blaitzen dituen lur hauetan, tearen usaina darien herrixkak ilargi itxurako paisaietan nonahi barreiaturik ikus daitezke, zerutik lurretik baino gertuago. Ladakh jendea abegikorra eta apala da, bere usadio zaharrak bizirik gordetzen ahalegintzen diren tibetar jatorriko jendea. Edozein eszena beste garai batekoa dela ematen du, iraganean ainguraturik geratu dela dirudi.

Leh hiriburua

Himachal Pradesh eskualdeko azken herriak igaro eta udan India inbaditzen duten montzoietatik ihesi, munduko errepide eta igarobide garaienetarantz jo dugu. Ladakheko lurretan murgildu aurretik, bost mila metro gaindi duten munduko mendate garaienetako batzuk igaro behar izan ditugu: Lachulung-La eta Tangla-La, azken hori igarotzeko moduko munduko bigarren mendaterik garaiena omen.

Negu luze eta gordina igarotzean, errepideak estaltzen dituzten elurra eta izotza urtu egiten dira, eta horrela, ekainetik urria bitarte, Ladakhek munduari ateak irekitzen dizkio. Geologikoki munduko goi-lautadarik handi eta altuena kontsideratzen den Tibetekoan kokatuta egoteaz gain, bere ohitura, kultura eta erlijioan tibetar izaera duen herrialde batekin egin dugu topo. Hortik datorkio Tibet txikia bezala ere ezaguna izatea.



Egun osoan errepide garai, hautsi eta neketsuetan ibili ondoren, Indo ibaiaren ertzean kokaturik dagoen Ladakheko hiriburua den Lehra heldu gara. Hiru mila eta bostehun metroan dagoen hiri txiki eta xarmagarri horrek berehala sortzen du bisitarien ikusmina. Bidaiaren nekeak astindu, eta bere kale estuetan murgildu gara norabide jakinik gabe. Stok Kangri mendi ezagunak erakarri du gure atentzioa lehen begiradan, baina berehala kaleko bizimodura itzuli gara.

Leh erlijioen, jendearen eta ezustekoen nahaspila da: ladakhak, tibetar erbesteratuak, musulmanak, indiarrak, monjeak, nekazariak... eta gu bezalako turistak. Zenbait txokotan oraindik Erdi Aroaren usaina dario hiriari, baina modernitatearen lehen zantzuak bereganatzen hasita dago azken urte hauetan, eta horren lekuko dira nonahi ikusi ditugun opari-denda, jatetxe eta ostatuak. Oraingoz, elkarrekin bizitzen ikasi dute, oreka egokian, baina noiz arte? Etorkizunak ez al du iragana irentsiko?

Main Bazaar kale nagusian sartu eta berehala ohartu gara aurrez esandakoaz. Oinezkoen kale berri honetan indiarren komertzioek betetzen dituzte bi aldeak, eta horien aurrean, berriz, espaloian eserita, nekazari emakumeek beren baratzek emandako fruitu eta barazkirik onenak dituzte salgai. Lehenak turismoari begira diruz patrikak betetzeko; bigarrenak, aldiz, errupia gutxiren trukez eguneroko bizitzari aurre egiteko. Nekazari bati bertako albertxiko gozoak erosi eta hiriko alde zaharra ezagutzera jo dugu. Old Marketeko kaleetan murgiltzean, labirinto batean ibiltzea bezalakoa da, okinak, jostunak, harakinak, bizarginak, bitxigileak eta abar gremioetan antolatuta. Hemen ezagutu dugu Lehko ohiko bizimodua, bertako biztanleek egunero erakusten dutena. Kale nagusitik gertu, baina biak ala biak oso errealitate desberdinak.

Baina bada hiri honetan beste errealitate gordin bat, Txinak lurraldeak inbaditu eta errepresio gordina ezarrita Tibetetik ihesi lur hauetan aterpea aurkitu duten erbesteratu eta errepresaliatu tibetarren errealitatea, hain zuzen ere. Tibetan refugees market izena duten merkatu edo saltoki desberdinetan biltzen dira beren herrialdetik urrun bizi diren tibetarrak, eta guretzat ezin leku egokiagorik haiek saltzen dituzten produktuak erosi eta ahal dugun neurrian laguntzeko. Tibetar jendea apala eta atsegina da oso eta zinez eskertzen dute, ez bakarrik zerbait erostea, baizik eta tibeteraz hitzen bat edo, besterik ez bada, konplizitatezko irribarre bat eskaintzea.

Lehko kale bizitza ezagutu eta gero, bertako eraikin garrantzitsuenak ezagutu nahi izan ditugu. Jo Khanh tenplu budista bisitatu, eta kale estuen artean, Jama Masjid meskita altxatzen den lekura joan gara, baina ezin izan gara barruan sartu, otoitz ordua da eta. Segidan, Lehko jauregi aldera zuzentzen diren eskaileretan gora erraz heldu gara bertara. Diotenez, Tibeteko hiriburua den Lashako Potala jauregiaren miniatura bat da, nahiz eta gauza bera esaten duten Thiksey monasterioagatik. Xenda estu batek muinoaren goiko aldean altxatzen diren Tsemo Gompa edo Monasterio Gorriaren eta Gazteluaren ondora eraman gaitu. Talaia ezin hobea, Lehko haranaz ez ezik, Stok mendilerroaren ikuspegiaz gozatzeko. Ilunabarrean, eguzkiaren azken izpiek Indo ibaiaren inguruko lurrak kolore bereziz tindatu eta janzten dituenean, beherako bidea hartu dugu Budaren mendiek bata bestearen atzean gainjarriz silueta paregabea osatzen duten bitartean. Tashi delek.

Budaren mendiak

Lurralde osoan zehar barreiaturik dauden monasterioetan, monjeen otoitzek hausten duten isiltasunarekin bat egin eta iragaitza den denboran bidaiatzera gonbidatzen gaituzte. Bide batez, meditaziorako liburuez, ikono budistez, intsentsuz eta sandaloaren usainez gozatu ahal da, eguzkiaren izpiek leiho biluziak zeharkatu eta zoko guztiak argitzen dituzten bitartean. Paisaia menditsu hauetan barneratzean, barne-biltze eta meditaziorako dauden espazio anitz hauekin topo egitean eta yak-aren gantzaz elikatutako argiek argiztatuko gelak zeharkatzean, isiltasunaren presentzia erabatekoa da, eta hori soilik otoitz monotonoen eta musika tresnen soinu hautsien oihartzunak protagonismoa bereganatzen duenean hausten da. Ladakh budismo tibetarra bere esentzia osoan bizi den leku bakarrenetakoa da gaur egun. Bizimodu zaila izan arren, fedearen presentzia betierekoa eta ezabaezina dela ematen du.



Esperientzia horiek guztiak ezagutu eta bizitzeko, hurrengo hiru egunetan hiriburua utzi, haranetan murgildu, eta mendien muino eta magaletan eskegita dauden monasterio tibetar zenbait ezagutu nahi ditugu. Hiriburutik bertatik abiatu, eta Indo ibaiak marrazten duen lerroaren bi aldeetan altxatzen diren monasterioak bilatu ditugu lehenik, gerora Lamayuruko haraneko ilargi itxurako paisaietan txertaturik daudenak, eta azkenik, Nubrako haran hunkigarrian barneratu gara.

Indo ibai emaritsuaren ertzean altxatzen diren Shey eta Thiksey monasterioak bisitatu ditugu lehenik. Monasterio gehienak mendi muino idorretan altxatzen dira, eta modu mailakatuan kokatuta daude. Thikseykoak piztu du gure arreta, Maitreyaren (etorkizuneko Buda) tenpluak bereziki, bere 15 metroko altuerarekin Ladakhen dagoen Budaren irudirik handiena baita. Gure ibilbidearekin jarraituz, Sakti haranaren hasieran dagoen Chemrey monasteriorantz jo dugu, baina aurrez bertako jendearen bizimoduaz interesatu gara. Ladakhiar emakume alargun batek gidari lana egiteko bere burua eskaini digu. Mailakatuta dauden lursailetan, garagarrarekin eta gariarekin batera, autokontsumorako barazkiak landatzen dira.

Nekazari neska gazte batek ilarrak gordinik jatera gonbidatu gaitu umeen algaren artean. Bidezidorren artean etxaldera iritsi eta bere etxe xumea erakutsi digu, ukuilua eta sukaldea. Apenas bizitzeko duen emakumeak irribarre zabal batekin agur esan eta bere etxeko egur zaharreko atearen ondoan geratu da kale artean desagertu garen arte. Monasteriora igo eta bertatik haran berdeak eskaintzen duen ikuspegiaz gozatu dugu. Lana eta otoitza dira jende honentzat bizitzeko dituzten bi euskarriak, biak lotu eta egunero intentsitate handiz bizi dituztenak. Egunari amaiera emateko, Indo ibaia zeharkatu eta Stok mendilerroaren magaletan dauden beste monasterioak bisitatu ditugu: Ladakheko monasteriorik handiena eta aberatsena den Hemisekoarekin batera, Stakna eta Mathokoak.

Hurrengo egunean, Lamayuruko harana ezagutzera jo dugu, bertan kokatzen baita Ladakheko monasteriorik zaharrena. Leku bakarti batean kokaturik eta mendiz erabat inguraturik dagoenez, egunerokotasunetik ihes egin nahi duenarentzako toki ezin aproposagoa. Ilunabarrean eguzkiaren izpiek jaulkitzen duten argitasuna ezkutatzeak sortzen duen espektakuluaz gozatzeko toki paregabea. Ezti koloreko mendiak itzaliz doazenean eta gauaren beltzak harana inbaditzen duenean, soilik mendien siluetak sortzen duen marrazkia geratzen da gure begien ninien gozamenerako. Lehra itzultzean, Rizong, Alchi eta Likireko monasterioak ezagutu ditugu.

Nubrako harana dugu azken jomuga, baina haraino ailegatzeko igarotzeko moduko munduko mendaterik altuena omen den Khardung-La (5.602 m) pasatu behar izan dugu. Amildegi zorabiagarriei erantsita dagoen errepide honetatik Nubrako haran aldera jaitsi gara. Shyok ibaiaren ur arreak indarrez jaisten dira Hunder aldera, baina aurrez, Nubra ibaiaren ertzean dagoen Sumur monasterioa bisitatzera joan gara, eta bertatik primeran ikusi ahal izan dugu bi ibaien artean hedatzen den haran paregabea. Segidan errepidera itzuli eta Diskiteko monasteriora joan gara; kanpoan Buda erraldoi bat haranaren zaindari gisa agertzen da. Toki garaienera igo eta Nubrako haranak bere osotasunean ireki dizkigu besoak postalik ederrena erakutsiz.

Karakorumak harresitzen duen basamortu itxurako espazio honetan, dunak eta bazkalekuak elkarren ondoan bizi dira, bakoitzak bere espazioa okupatuz. Une oro haranak erakusten duen handitasun natural honen aurrean, herrixka hauetako biztanleek beraiek landatzen dituzten produktuetatik bizi dira, eta bizitza horri errespetuz eta modu xumean egiten diote aurre, beren egunerokoan budismo tibetarra inspirazio iturri izanik. Deskribatzeko orduan hitzak labur geratzen zaizkigu, ez du inor epel uzten.

Ladakhen denborak ez du noiz. Thuk Je Che.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV): Afrika ekialdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.