Ekuatore Ginea, Bioko uhartea, 1904. urtea. Esaasi Ewera bubien buruzagi eta monarka atxilotu zuten Espainiako kolonoek, indarrez Santa Isabel hiriburura eraman, eta handik hiru egunera hil zen. Eweraren herriari su eman zioten, eta bubi ugari desagertu ziren. Espainiako kolonialismoak Ekuatore Ginean izan zuen modus operandi-aren erakusle da gertaera hura, Javier Fernandez Vazquez zinemagilearen iritziz (Basauri, Bizkaia, 1980). Espainiako kolonoen bertsio ofiziala eta bubien «kontrakontakizuna» eman du argitara Anunciaron tormenta dokumentalean (Ekaitza iragarri zuten). Berlinale jaialdian estreinatu zuten filma, iaz. Eta, orain, Filmin plataforman ikusi ahalko da, ostiral iluntzetik maiatzaren 9ko gauerdira arte, Bartzelonako D'A jaialdiaren programazioaren barnean.
Bubien aurka Espainiako kolonoek eragindakoa ez zen kasualitatez iritsi Fernandezengana. «Beti izan dut kezka Espainiak bere memoria historikoarekin dituen arazoekin». 36ko gerrako eta frankismoko biktimen gaia ikertu izan du. Bestalde, antropologia ikasten ari zela, ikusi zuen frankismoko testuek kolonialismo «bakezale» gisa saldu zutela Espainiak egindakoa. «Kirrinka egiten zidan horrek». Ikertu ostean, zera ondorioztatu zuen: «Jabetu nintzen hor indarkeriaz betetako iragan bat zegoela, errepresioz betea, eta ezkutuan gelditu dela. Isilarazitako istorio bat, ikusgaitasunik gabekoa».
Esaasi Ewera bubiaren istorioari heldu zion zinemagileak, Espainiako kolonoen ezaugarriak laburbiltzen dituelakoan. «Eliza katolikoaren garrantzia hor dago, indarkeria, gailentasuna, eta, muinean, gertaera batzuen ezkutaketa». Dokumentalean, funtzionario espainiarren agiri ofizialak irakurtzen dituzte zenbait bikoiztailek, zeharka —Espainiako Artxibategian aurkitutakoak—. «Baina bubientzat gertaera traumatiko bat dago hor: hala ikusi nuen Ekuatore Gineara egindako bidaietan». 1904ko gertakizunen tokietara bidaiatu zuen lanaren zuzendariak. Eta Espainiako kolonoen bertsio ofizialaren oso desberdina da bubien kontakizuna.
Fernandezek nabarmendu du filmean biktimekin gertuko lotura bat egiten saiatu dela. Hala, bubi etniako herritarrek —Ekuatore Ginean beste lau etniak ere errepresioa sufritu zuten— kontatu zioten 1904ko gertaerek nolako ondorioak eragin zituzten eta nolako eragina duten gaur egun ere. Filmak bubien kultura eta hizkuntza nola galtzen joan ziren kontatzen du, «sistema katoliko espainiarren kultur asimilazioaren eraginez».
Erabaki formal politikoak
Fernandezek aitortu du, era berean, dokumentala lehen momentuetan oso dokumentaziokoa zela, agiri ofizialen irakurketa tarteko. «Gero, zerbait handiagoa bihurtu zen. Exijitzen zuen interes bat nire partetik biktimekiko eta haien ondorengoekiko». Horregatik hartu ditu filmean zenbait erabaki, forma aldetik eta edukietan, azkenerako «erreparazioari ekarpen txiki bat» egiteko xedez.
Ekuatore Ginea Espainiaren kolonia bat izan zen, 1968ra arte. Urte luzez, hango emakumeak zigortzen zituzten haien seme-alabekin bubieraz hitz egiteagatik. Fernandezen aburuz, ez da hori oso desberdina frankismo garaian euskararen jazarpenarekin gertatu zenarekin alderatuz gero. Dokumentalean kolonoen jazarpenaz hitz egiten dute zenbait emakume bubik, eta eskatu zioten zuzendariari haien aurpegiak ez agertzeko kameraren aurrean.
Lanaren bidean, era berean, zenbait erabaki formal egin ditu zinemagileak. Artxiboko bideo irudirik ez, baina XX. mendearen hasierako Bioko uharteko zenbait argazki lortu zituen. Une batzuetan, pantaila zuri dago, eta argazki horiek errebelatuz bezala doaz. Manipulazio «poetikoa» egiten du Fernandezek. «Toki batez hitz egiten zidaten argazkiek, desagertzen ziren toki batzuez. Eta ezabatze horrek bat egiten du filmaren ideia nagusiarekin: ezabatuz doan kultura bat, eta deseginez doazen gertaera historiko batzuk».
Gaztelaniaz dira dokumentalaren hitz gehienak. Fernandezek erabaki politikotzat jo du filma bubieraz irakurritako olerki batekin amaitzea: Justo Bolekia hizkuntzalari eta erbesteratuak—lehen bubiera-gaztelania eta bubiera-frantsesa hiztegiak egin ditu— eta haren alaba Reha-Xustinak O mo'anda Mue Esáasi Eweera olerkia errezitatzen dute kameren aurrean. Bubien hizkuntzaren aldarrikapena dago bukaera horretan. «Etorkizunerako begirada bat ere bada, bubien hizkuntzak iraun dezan Ekuatore Ginean eta diasporan».
Bubien historia isilarazia
Espainiako kolonialismoaren bertsio ofizialaren «kontrakontakizuna» egiten dute Ekuatore Gineako bubiek 'Anunciaron tormenta' lanean. Filminen ikusi ahalko da, ostiraletik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu