ATZEKOZ AURRERA. Geraint Rhys. Musikaria

«'Brexit'-aren eraginez, bakartuago geratu gara»

Galesen independentziaren aldeko mugimendua sustatzeko asmoz, Rhysek 'Who are you' bideoklipa estreinatuko du gaur. «Herriaren mugimendu bat izan behar dugu», esan du.

GERAINT RHYS.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ingelesez eta galesez kantatzen du Geraint Rhysek (Swansea, Erresuma Batua), eta hainbat diziplinatako artistekin egiten ditu filmak. 2017an, Kataluniako mugimendu independentistaren aldeko kanta bat sortu zuen: Visca la terra. Antzeko zerbait egin du bere herriko mugimendu abertzalearekin.

[youtube]https://youtu.be/q9LMmQdsVsA[/youtube]

Nola dago egoera Galesen etorkizunean independentziarako erreferendum bat eskatzeari begira?

Inkestek diote independentziaren aldekoen kopurua gorantz doala. Brexit-aren erreferenduma edo Donald Trumpek irabazi zituen bozak aintzat hartuta, argi dago ezin zaiela soilik inkestei begiratu. Edonola ere, asko ugaritu dira Yes Cymru mugimendu independentistaren partaideak.

Eskoziak independentzia lortuko balu, gauzak aldatuko lirateke?

Eskozia joango balitz, Galesko herritarrek galdetuko lukete ea zein den Erresuma Batuaren funtsa, eta ea ahaztuak eta baztertuak jarraitu nahi duten Ingalaterrarekin duten harreman desorekatu horretan. Katalizatzailea izan daiteke Eskoziakoa.

Zer adierazi nahi duzu Who are you kantarekin?

Bi zentzu dauzka: batetik, auzitan jarri nahi ditut Ingalaterratik Galesen izenean hitz egiten duten horiek; eta, bestetik, nahiko nuke Galesko herritarrek hausnarketa egitea eta planteatzea ea zer izan nahi dugun etorkizunean.

Nortzuk zarete zuek, abestiko «zuek» horiek, alegia?

Ez gara soilik Galesko herria, baizik eta independentzia nahi duten nazio txiki guztiak gara gu.

Zure asmoa da abestia herritarrena bihurtzea eta ez soilik kantari batena izatea, ezta?

Bai. Deialdi bat luzatu nuen Twitter bidez independentziaren aldekoek irudiak bidali ziezazkidaten. Bideoklipean, jatorri, arraza, erlijio eta adin desberdinetako herritarrak ageri dira babesa ematen. Independentzia lortzeko, herriaren mugimendu bat izan behar dugu.

Zer iritzi duzu The National Wales hedabide jaioberriaz?

Iruditzen zait benetan ona dela Galesen bertako komunikabide berriak sortzea. Londresko egunkarietan konfiantza gehiegi jarri dute herritarrek, baina hedabide horiek Ingalaterrako ikuspegia dute, eta ez dituzte aintzat hartzen Galesko albisteak. Gure historia kontatuko duten hedabideak behar ditugu.

Brexit-ak zer aldaketa ekarri dizkio Galesi?

Sentsazioa dut Brexit-ak dagoeneko txikiagoak bihurtu gaituela, haren eraginez bakartuago geratu garela. Galesek independentzia lortzen baldin badu, gustatuko litzaidake herriak kanpora begiratzea eta Europako Batasunera itzultzea.

Gales hizkuntzaren egoera zertan da?

Hizkuntza ofiziala da, eta herritarren %20k hitz egiten dute. Erakunde publikoak legez behartuta daude zerbitzuak galesez ematera.

Kantari asko al daude galesez abesten dutenak?

Badaude. Kultura eta hizkuntza baten osasuna nolakoa den ulertzeko, oso garrantzitsua da haren eszena zertan den ikustea, eta Galesen musikari asko daude. Nik bi hizkuntzatan kantatu ohi dut, galesez eta ingelesez. Who are you? kantari dagokionez, ingelesez abestea erabaki dut, ahalik eta publikorik zabalenera iristeko. Galesez hitz egiten dutenek, bestalde, joera handiagoa dute independentziaren alde egiteko.

Zinemagilea ere bazara. Baduzu proiekturik esku artean?

Gehienetan, pelikulak beste artista batzuekin batera sortzea izaten dut gogoko; baliagarria egiten zait haien sormen prozesuak eta neureak alderatzeko. Azkenaldian, Errusiako artista batzuekin egin dut lan: iaz, Pavel Otdelnoven obraren inguruko film labur bat egin nuen, eta, berriki, Victoria Lomasko artista grafiko eta aktibistaren inguruko film bat amaitu dut.

Nolako artelana sortuko zenuke Boris Johnson Erresuma Batuko presidentearen parodia egiteko?

Zintzoki, Boris Johnsonek ez du nire beharrik parodia baterako; berak bakarrik egiten du hori. Gezurtia eta tranpatia da. Eta esango nuke ez dela ezertarako gai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.